Julen Otaegi Leonet
Triatloia Maite Dut egitasmoak ez du ibilbide motza egin orain arte. Arazi eta Fitgüne enpresek indarrak batu zituzten duela hamar urte, eta orduan egin zuten lehenengo saioa —besteak beste, Kutxa fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza dauka proiektuak, eta laguntzailea da BERRIA ere—. Urtero-urtero, gazteen artean kirola sustatzeko hainbat ekintza bultzatu dituzte: triatloi probak, udalekuak… Guztira, 1.300 gaztek baino gehiagok parte hartzen dute urte guztiko jardueretan.
Aurten, gainera, hamar urte beteta, erronka berezi batean murgilduta dabiltza gazteak: 18 astetan triatleta du izena. Gazteak igeri egiten, bizikletan ibiltzen eta korrika egiten hastea da helburua. Antolatzaileek azpimarratu dute “edonork” egin dezakeela triatloi bat hemezortzi asteren buruan astez asteko entrenamenduak errespetatuz gero.
Jada ehun gazte baino gehiago parte hartzen ari dira 18 astetan triatleta jardueran. Lagunartean, familian zein bakarka, Hego Euskal Herriko 38 herritako gazteek bat egin dute egitasmoarekin. Badira triatloia edo kirolen bat egitera ohituta daudenak, baina baita ohiturarik ez daukatenak ere. Ekainaren 7an ekin zioten prestaketari, eta urriaren 9an Lekeition (Bizkaia) esprint mailako triatloi bat egitea da helburua: 750 metro igeri, hogei kilometro bizikletan eta bost kilometro lasterka. Hektor Llanos gasteiztarra ari da entrenatzaile lanetan.
Kepa Goenaga azkoitiarra, esaterako, erronkan parte hartzen ari da. Kuadrillako beste bi lagunekin eman zuen izena, haietako batek egitasmoaren berri eman zienean. “Atentzioa eman zigun, hutsetik entrenatzen has gintezkeelako. Kirola egiten dugu eta sasoiko gaude, baina triatloia gogorra da. Erronka gisa hartu genuen”. Goenagak eta haren lagunek triatloiarekin duten esperientzia “hutsaren hurrengoa” da, nahiz eta korrika, bizikletan eta tenisean aritzen diren.
Azkoitiko hirukote horretaz gain, Irati eta Oier Azpeitia Zarauzko anai-arrebak ere parte hartzen ari dira 18 astetan triatleta jardueran. Iratik aurretik ere igeri egiten zuen, eta Oierrek, berriz, triatloi txikietan parte hartzen zuen lehendik. “Anaiak lotura estuagoa zuen triatloiarekin, baina egun batean hala esan genuen: ‘Zer, egingo dugu triatloia biok elkarrekin?’. Orduan eman genuen izena”, azaldu du Irati Azpeitiak.
Sasoia, entrenatuz
Triatloilariek taula bat jasotzen dute asteroko ariketekin. Astelehenetik larunbatera bitartean, bi egun gordetzen dizkiote kirol bakoitzari, eta hiru kiroletan aritzen dira, txandaka. Kirol bakoitzerako denborak, intentsitatea… jasotzen dituzte taula horietan, eta bideoak ere izaten dituzte ikusgai, ariketak nola egin behar dituzten ulertzeko. Irati Azpeitiak esan du azalpen horiek asko errazten dutela eguneroko lana.
Gazteak zortzigarren astean sartuta daude jada; bigarren fasean murgildu dira, eta, hemendik aurrera, gogortu egingo zaizkie entrenamenduak. Goenagak ez du antzeman zailtasun handirik igarotako asteetan: “Denbora askoan egon naiz igeri egin gabe, eta hasieran pixka bat kostatu zitzaidan erritmoa-eta hartzea, baina orain artekoa ez da izan intentsitate handiko entrenamendua”. Zailena, agian, asteburua iritsita ere entrenatu beharra dela onartu du azkoitiarrak, “sei eguneko nekea pilatzen baita”.
Azpeitiarentzat txirrindularitza izan da kirolik ezezagunena; “kirol teknikoagoa” iruditu zaio. Aurretik igeriketan izandako esperientziari esker, ordea, “erraza” egin zaio entrenamendu plana betetzea, oro har: “Ez da izan egundoko erronka, hutsetik hasiko banintz bezala. Kirol bakoitzak bere ahuleziak eta indarguneak ditu, eta astero aurrera egitea da kontua”. Haren anaiak triatloiaren oinarria menderatuta izanik, “berriz ere ohitzea” beste lanik ez du izan.
Urriaren 9an izango da triatloi nagusia, baina antolatzaileek beste triatloi motz bat prestatu dute irailaren 3rako: 350 metro igeri, hamar kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika. Urriaren 9an egin beharko duten triatloiaren erdia, alegia. Aukerakoak dira bi triatloiak, baina ordura arteko entrenamenduaren fruituak ikusteko balioko du. “Lehenengo aldi horretako urduritasuna ahazteko aprobetxatuko dugu iraileko triatloia”, esan du Goenagak. Azpeitiarentzat, aldiz, “goizegi” da hartan parte hartuko duen erabakitzeko.
Amaituko dutela, ziur
Hilabete pasatxo falta da oraindik iraileko triatloirako, eta pare bat hilabete urrikorako. “Urruti samar” dauden arren, Azpeitiak argi du anaiak eta biek helburua lortuko dutela: “Triatloia egin ahal izatea zen izena emateko arrazoia. Nahiko triatloi motza da, eta, ondo prestatzen badugu, anaia eta biok gai izango gara elkarrekin amaitzeko”.
Goenaga ere itxaropentsu dago urriko probarako: “Azken bost kilometroak izango dira gogorrenak, ordurako sutan izango baititugu hankak. Baina lortuko dugu, ziur”.
Leave a Reply