Jasangarria, hitzez eta ekintzaz

Jasangarria, hitzez eta ekintzaz

Unai Zubeldia

Hernaniko Udalak eta Ereñotzuko tokiko erakunde txikiko auzo udalak akordio bat lortu dute Hernaniko Ugaldetxo jatetxearen jabearekin —itxita dago jatetxea—, eta hainbat urtean erabili ezinik egon den aisialdi gune bat ireki eta arautu dute bi erakundeek. Fagollagako aisialdi guneaz gain, Ugaldetxokoa ere eskura izango dute aurrerantzean Hernanitik Goizuetara (Nafarroa) artean Urumea ibaiaren ertzean gozatu nahi duten herritar guztiek.

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak azaldu duenez, arazo edo kezka batek mugiarazi ditu bi erakundeak: “Iaz, pandemiaren ondorioz ziurrenik, aurreko urteetan baino jende pilaketa handiagoak nabaritu genituen Urumea bailara honetan, ibaiaren bi bazterretan, eta gehiegikeria dezente izan zen horren ondorioz. Horrek, noski, trabak sortu zizkien inguruko bizilagunei”.

Unai Erroitzenea Ereñotzuko auzo alkateak “hondakinak” sartu ditu gorabehera horien artean: “Edozein tokitan hondakin asko agertzen zen, eta zer edo zer egin beharra geneukala ikusi genuen”. Sua edozein gunetan piztea, horretarako edozein landare hartzea, musika oso altu jartzea, ibaiaren ibilguan bertan aulkiak eta mahaia jartzea, txakurrak aske ibiltzea… Lertxundik eta Erroitzeneak horiek ere zerrendatu dituzte traben artean.

irudia_ikusi

Natura 2000 Sarea

Hernaniko alkateak gogorarazi duenez, Natura 2000 Sareak babestutako naturgunea da Urumea ibarra. “Baina, aisialdiaz gozatzera etortzen garenean, ahaztu egiten zaigu askotan. Horregatik, orain modu ordenatuago batean antolatu nahi izan ditugu gune hauek”.

Fagollagako aparkalekuak bere horretan jarraituko du aurrerantzean ere —seinale berriak jarri dituzte, argibideekin—, baina Ugaldetxoko aisialdi gunean araututa egongo da ibilgailuen aparkalekua. Bi txanda antolatu dituzte: 10:30etik 15:30era lehenengoa, eta 16:00etatik 21:00etara bigarrena. Aldi berean 30 ibilgailurentzat tokia egongo da Ugaldetxoko aisialdi gune horretan, eta ezingo da sartu erreserbarik gabe. Hernani.eus webgunean egin daiteke erreserba.

Erroitzenearen esanetan, helburu argi bat dauka neurri horrek: “Autoa egun osorako erabat beteta etortzen ziren horiek ahal den neurrian mugatzea; autoa edozein bazterretan aparkatzea esan nahi zuen horrek, txirrindulariak arriskuan jartzea, neurriz kanpoko jan-edanak egitea… Hori mugatu nahi dugu”. Fagollagakoa eta Ugaldetxokoa dira Urumea ibarreko bi aisialdi gune nagusiak, baina “beste zazpi-zortzi txiki” ere badaudela esan du Ereñotzuko auzo alkateak.

Joan den asteburutik bi hezitzaile ere ari dira lanean haran guztian, naturgunearen erabilera egokiari buruzko informazioa emateko eta sentsibilizazio lanean laguntzeko. Eta baita inkestak egingo dituen langile bat ere. Urumea ibarrera bainua hartzera joaten direnen profila, ohiturak, arauen ezagutza eta bainua hartu ohi duten tokien azterketa egitea da inkesta horien helburua. Bi hezitzaileez eta inkestak egingo dituen langileaz gain, kartelak ere jarri dituzte gune bakoitzean, kontuan hartu beharreko arauak zehaztuz.

Bi erakundeek hartutako neurriek prozesu parte hartzaile bat daukate oinarrian. “Bi saio egin genituen martxoan; diagnostiko bat atera genuen handik, eta baita ekintza plan bat ere”, azaldu du Lertxundik. “Eta neurri horietako bat da Ugaldetxoko aisialdi gune hau arautzea”. Baina, Erroitzeneak argitu duenez, ez da bakarra izango: “Epe motzeko, ertaineko eta luzeko ekintzak zehaztuta daude ekintza plan horretan. Epe motzeko batzuk jarriko ditugu martxan aurtengo udan, baina gerora aztertuko ditugu beste neurri batzuk ere: bizikletentzat aparkaleku bat sortzea, ibilgailuen trafikoa mugatzea eta garraio publikoa indartzea…”. Neurri horietako batzuk indarrean jartzeko, Hernaniko Udala eta Ereñotzuko auzo udala elkarlanean ari dira Aranoko Udalarekin, Goizuetako Udalarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.

Zentzuz jokatzeko eskaera

Lertxundik eta Erroitzeneak argi utzi dute Urumea haranaren erabilera jasangarrirako aldaketa horiek ez dituztela mantenduko koronabirusa dagoen bitartean soilik. “COVID-19ak, agian, azkartu egin zuen prozesua, etxetik ateratzean denok distantzia txikiagoan egiten hasi ginelako mugimenduak”, hasi du azalpena Lertxundik: “Baina aurretik ere antzeko balorazioak egiten hasita geunden uda bakoitzaren amaieran”.

Arauak, kartelak, hezitzaileak eta gainerakoak gorabehera, Lertxundik “zentzuz” jokatzeko eskatu die herritarrei: “Biologoek ere ohartarazi digute jendeak zer-nolako astakeriak egiten dituen, eta herritarrak ez daitezela ahaztu nora datozen; etor daitezela hona, baina joka dezatela arduraz eta errespetuz”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.