Alaine Aranburu Etxegoien
Maider Martiarena Arrastua (Irun, 1976), Irungo Landetxa auzo elkarteko kidea izateaz gain, memoria historikoa, giza eskubideak eta gatazkak lantzen dituen Bakeola Ede fundazioko parte ere bada. Gaur egun, Landetxa Memoria Historikoa taldean ere aritzen da irundarra.
Zeintzuk dira Landetxa auzoaren benetako izenak?
Irungo auzo historikoetako bat da Landetxa, hiritik fisikoki aldenduta dagoena; zehatz-mehatz, 3,5 kilometrora. Haren izenik zaharrena eta ofizial bakarra gaztelerazko Ventas da, eta euskaraz erabiltzen den lehenengo izena Katea. Hala ere, esan daiteke jende gehienak Katea moduan ezagutzen duela gure auzoa; baserrietakoek eta inguruko herrietako jendeak, adibidez. Gerora, 1896. urte inguruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak esan zuen auzo guztien izenak elebidunak izan behar zirela, eta militar batek, inori galdetu gabe, Landetxa izena jarri zion. Istorio hori auzokide gehienek ez dakite; jendeak uste du gazteleraz Ventas esaten dela eta euskaraz Katea, eta kito. Ez da inoiz ere dokumentu ofizialetan agertu Landetxa, baina auzoak izen hori hartzen du gauza batzuetarako; adibidez, bertako auzo elkarteak izen hori baliatu du.
Nondik etorri da Katearen memoria historikoa jasotzearen ideia?
Irunen gertatzen zena gure auzoan ere gertatzen zelako bat egin genuen auzo elkarteko kideek. Aspaldiko egunkariak hartzen badituzu, ez duzu gure auzoari buruzko deus topatuko, kanpoaldeko auzo bat delako, eta, beraz, Kateari buruz zerbait jakin nahi badugu, adineko bizilagunei galdetu behar izaten diegu. Gainera, auzoak Irungo herriak ahaztu izan duenaren sentipena izan du beti, edozer gauza egin behar izan denean, auzolanean sortu behar izan baita. Adibide gisa jar ditzaket auzoko Elatzeta eskola eta Tipula etxebizitzetan bizi zirenentzako komunak. Udalak egingo balu bideo bat Irungo historiari buruz, gure auzoa ez luke aipatu ere egingo. Horrek ez du esan nahi gure auzoak ez duela garrantzirik izan, baizik eta ulertzen dugu Irungo ikerketa batean beste gertakizun nabarmenagoek hartuko luketela lehentasuna eta gu ez ginatekeela inoiz agertuko. Gure ustez, garrantzitsua da auzo isil horietan 1936ko gerrak eragindako sufrimenduei ere presentzia ematea.
Nola sortu zen proiektua?
Proiektua sortzen hasi zen lurraldeko mugaren eta memoria historikoaren inguruko Ribera bekaren harira. Beka horretatik abiatuta, antzerki baten emanaldia egin zen auzo elkartearen egoitzan, eta, horri esker, ikusi genuen gure auzoan memoria historikoari buruzko antzerkiek bazutela onespena. Bestalde, auzo elkarteko bi kide Donostiako Udalarentzat memoria historikoaren inguruan lanean genbiltzanean, gure auzoko batzuen lekukotzak topatu genituen Ahotsak.eus-en, eta horrek animatu gintuen gure auzoari begira zerbait egitera. Hasieran istorioak elkarbanatzea izan zen abiapuntua, eta gero biribildu dugu proiektua. Gainera, auzo elkarte honetan oso mobilizatuta dagoen jende asko dugu: batzuk Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartean daude, beste batzuk Nikolas Gerendiain Irungo Errepublikarrak elkartean, eta beste batzuk beren borondatez ari dira. Aipatutako bi elkarte horiek Landetxa memoria historikoa proiektuaren parte dira gaur egun.
Behin taldea sortuta, zein izan zen lehenengo pausoa?
Gure artean talde eragile txiki bat sortu genuen, eta forma ematen hasi ginen. Lehendabizi erabaki genuen auzoan bizi direnen bizipenak jasoko genituela, eta ondoren lekukotza horiek bideo batean bilduko genituela. Ez bakarrik auzoan gerra bizi izan zutenen bizipenak, baita gaur egun auzoan bizi direnenak eta gerra garaia beste toki batean bizi izan zuten horienak ere. Hemengoek jasan zuten sufrimendu berbera zeukaten barruan gerora etorritakoek ere. Landetxara iristean, pertsona batzuek beren sufrimendua zuten, eta onartu beharra dago komunikazio egokia ez dela izan gure herriaren ezaugarrietako bat: isiltasuna izan da nagusi.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Auzoaren historiaz hitz egitean ez dugu bakarrik elkartu nahi pedigria dutela dioten horiekin. Gure ustez, gaur egun denok daukagu pedigri hori, eta auzoko edonork konta lezake berak nola bizi izan zituen 1936ko estatu kolpea eta ondorengoak. Bestalde, bideoa sortzeko materiala behar genuen, eta modurik onena iruditu zitzaigun deialdi bat egitea garai hartako argazkiak jasotzeko. Ezagutzen ditugun hainbat familiarekin ere harremanetan jarri ginen, eta, bien bitartean, Ahotsak.eus proiektutik hartu genituen testigantza batzuk. Poliki-poliki ari gara biltzen. Grabazio guztiak auzo elkartean egin ditugu, eta COVID-19a dela-eta, pixka bat zaildu zaigu guztia, badakigulako nori eragiten dion okerren gaixotasun honek.
Zeintzuk dira proiektuaren helburuak?
Helburua giza eskubideen urraketak gizarteratzea da. Auzoko historia ezagutu nahi dugu, protagonistek kontatua, auzoko toki eta inguruetan kokatua. Eta ondoren, aitortu egin nahi diegu bizi izan zutena ez dela zilegi, bidezkoak ez ziren egoera asko jasan zituztela, eta eskertzen diegula egoerari aurre egiteko izan duten modua eta gerora sortu duten auzo komunitatea. Auzoko bizilagun batzuk gai honekin sentsibilizatu eta auzoko memoria egiteko asmoa dugu.
Zer topatu zenuten Ahotsak.eus atarian?
Euskarazko lantalde bat dabil proiektu horren atzean, eta izugarrizko lana egin dute. Euskarari buruz galdetu beharrean, herritarrei beraien bizitzari buruz galdetzen diete. Era horretara, asko haurtzaroaz hasten dira solasean, eta, beraz, gerrari buruz aritzen dira. Gure kasuan, Kateako zazpi-zortzi lagunen lekukotzak topatu genituen, eta haiei entzutean gure auzoari buruz espero ez genuen informazio pila bat jaso genuen. Uste dut altxor handi bat dela proiektua, edozeinek informazioa nahi badu, lekukotza horiek erabil baititzake. Zortea izan dugu, bideo horiek guk egingo dugun bideorako erabiltzeko baimena eman digute-eta familiek.
Zergatik erabaki duzue bideoa egitea?
Bideo bat egitea erabaki dugu Ahotsak.eus proiektutik abiatu garelako, eta memoriaren hedapena egiteko errazena delako. Euskarri horrek ematen duen erraztasuna da guk landu ditzakegula gaia, irudia eta mezua; guretzat oso garrantzitsua da gizarteratu nahi dugun mezua zer mezu den. Hau nabarmendu nahi dugu: pertsona anonimo guztien bizipenak garrantzitsuak dira. Hiriaren erdigunean gertatu zirenak bezain garrantzitsuak dira herritik kanpoko auzoetan gertatu ziren bizipen eta urraketak. Hori guztia esan daiteke bideo batean, beste era batera zailagoa izango litzateke. Gainera, jendea gerturatzen laguntzen du memoria historikoari buruzko ikus-entzunezko batek, hitzaldi batek baino gehiago. Hori badakigu auzoan antolatzen dugun zine forumari erantzun egiten diotelako bizilagunek, eta lehen aipatu dudan Ribera bekatik ateratako antzezlanak eduki zuen harrera ere ikusi dugulako. Oro har, bideo baten sorkuntza prozesua interesgarria iruditu zitzaigun, argazki bilketak jendea aktibatzeko ere balio duelako, eta onuragarria izan daitekeelako auzotarrentzat. Diru laguntza eskatu dugu eta eman egin digute. Horregatik, bideoa egiteko profesional batekin ari gara lanean jada.
Herritarrek nola erantzun diote argazkiak biltzeko deialdiari?
Ez da erraza izan, garai haietan jendeak ez zeukalako kamerarik, eta, horrez gain, jendeak uste duelako bere etxeko argazki bat dela eskuetan duena eta ez diolako garrantzirik ematen. Saiatzen gara jendeari ulertarazten argazkiak eskatzen direla garrantzia dutelako: zuretzako familiakoa den argazkian inguru bat ikus daiteke, eta inguru horrek kokatzen gaitu auzo batean, herri batean eta historia batean. Familia askotan jaiotzako, ezkontzako eta eskolako argazki bana bakarrik dago gordeta, eta, horregatik, asko ari zaigu kostatzen biltzea. Hala ere, eskatuz eta eskatuz, banan-banan ari gara lortzen irudiak, eta jada denetatik jaso dugu.
Nolako argazkiak bildu dituzue?
Adibidez, ezkondu aurreko agur festa batena bildu dugu, eta bertan hainbat emakume eta familia bereko neska asko ikusten dira. Laneko argazkiak ere jaso ditugu, horien artean Bidasoa portzelana fabrikan aritzen ziren auzoko emakumeenak. Urte amaierara arte argazkiak bidaltzeko epea irekita dagoela oroitarazi nahi dut. Hain zuzen, helbide elektroniko honetara bidal daitezke: avvlandetxa@hotmail.com.
Zer gertatu zen auzoan 1936ko estatu kolpearen ondoren?
Altxamenduaren ondorengo egunetan katear asko gerrara joan ziren, edo armak hartu zituzten modu boluntarioan, faxisten kontra edo nazionalen alde. Lekukotzen bitartez jakin dugu hori. Aldi berean, entzun dugu mehatxupean onartu behar izan zutela batzuek gerrara joatea: ez baziren gerrara joaten, hiltzeko edo baserria erretzeko mehatxuak jasotzen zituzten. Jakin dugu auzoko gizon asko frontean hil zituztela, beste asko kartzelara eraman zituztela eta beste hainbestek ihes egin behar izan zutela familia osoarekin Ipar Euskal Herrira edo Kataluniara. Beste asko hemen geratu ziren.
“Nola gogoratzen dituzu 1930-1955. urteak?”, galdetu diezue auzokideei.
Estatu kolpea baino lehen zein herri edo auzotan bizi ziren jakin nahi dugu, egunerokoan zer harreman izan zituzten, eta jakin nahi dugu zein izan zen konfiantzazko giroa; hau da, bilatu nahi dugu zer hautsi zen egoera politiko honen ondoren, zer harreman berri sortu ziren. Izan ere, badaude auzokideak kanpora joan zirenak eta bueltan etorritakoan beren etxea edo denda okupatuta aurkitu zutenak. 1936. urteak hautsi egiten ditu gauzak batzuk; adibidez, emakume asko alargun geratu ziren, beste asko erbestera joan ziren, eta batzuk gerora bueltatu egin ziren. Gertakari pila batek egunerokoan, kulturan, harremanetan eta familia ereduetan eragin zuten.
Diru laguntzaren bat lortu duzuela aipatu duzu.
Bai, proiektu hau egiteko diru laguntza bat jasoko dugu, aldundiak parte hartzeen inguruko poltsak kudeatzen dituelako memoria historikoa lantzeko. Auzo elkarteak horrelako proiektuak egitera animatu nahi ditut; merezi du diru laguntzak eskatzea eta auzoan komunitatea sortzeko bideo bat edo erakusketa bat egitea. Horrela auzoko historia ezagutzen duzulako, auzoarekiko zaintza lantzen delako. Garrantzitsua da liburuetan agertzen ez den hori, etorkizunekoek ezagutu dezaten. Gipuzkoan parte hartzea eta ikuspegi komunitarioa zabalduta dago, baina ez dakit hain ezagunak ditugun diru laguntza horiek. Benetan sinetsi behar dugu diru hori gurea dela eta memoria berreskuratzeko erabili behar dugula.
Leave a Reply