Maria Ortega Zubiate
Udako azkeneko opor egunak dituzte. Astebeteren buruan ikasgeletan sartzeko prestatzen ariko dira, motxila, koadernoak eta maskara hartuta. Aurten, haietako zenbaitek besterik ere eramango dute ikasgelara, pandemiak antzaldatutako bigarren ikasturtean: txertoa. Donostiako Illunbe zezen plazan daude haietako asko, bertan ari baita Osakidetza “masiboki” txertatzen. Tirita jarri berri dutenek topo egiten dute mauka altxatzen ari direnekin, ziztada noiz hartuko. Jakin-minezko begiradak luzatzen dizkiete horiek lehenengoei, zizta dioten bezalako arina den edota besoko minarekin dauden asmatu nahian.
Hego Euskal Herrian 12 urtetik gorakoen txertaketak hilabete inguru darama martxan; Ipar Euskal Herrian, berriz, hilabeteak dira adin irizpiderik ez dagoela txertoa hartu ahal izateko. Egoera horrela, eta ikasturtea hastear, ikasleek arreta berenganatu dute. Izan ere, baliteke aurrez aurreko eskolek udan eragotzi ahal ziren jende pilaketak ekartzea, eta, higiene neurriak mantenduko badira ere, osasun agintariek dei argia egin diete gaztetxoenei: “ahalik eta gehien” txerta daitezen eskatu diete.
Eta horrelakorik sumatu da Illunben bertan ere. Udako eguzkiak belztutako azalak dira nagusi, oraindik praka eta mauka laburrak soinean; inor gutxik gaindituko du adin nagusitasuna, akaso, haien alboan doazenek. Eskutik helduta zenbait, ilararen beste aldean besteak: gehien-gehienak, “ama” edo “aita”. Izan ere, txertoa hartu behar duten gehienak gazteak dira, 12 urtetik hasi eta 19 urtera bitartekoak. Urduritasuna ezkutatzen dute; ziztada sentitu ere egin ez dutela diote, eta etxekoak babestearren etorri direla, ez direla haiei pasatu dakiekenaren beldur.
Horixe bera dio Mario Garciak, 17 urteko gazteak. Txertoa hartzeko ordua heldu zaionean egin du eskaera; bere txanda zelako joan da Illunbera, sinpleki. Eta, oro har, besteak babesteko ere hartu du ziztada. Baina, batez ere, etxean dituenak gogoan erabaki du immunizatzea; hala ere, etxekoen osasunak baino gehiago txertoa hartu ezean izango lukeen matrakak kezkatzen du. “Aitagatik hartu dut, hark esan didalako, batez ere; oso erraz estutzen da osasun kontuekin, eta honekin, are gehiago”. Baina ez horregatik soilik, txertoa behingoz hartu eta kontuaz ahazteko nahi zuen ordua, hartzeko erabakia irmoa zuelako. Bada beste faktore bat ere pisua izan duena haren erabakian: osasun ziurtagiria. Txertoa hartu nahi zuen pasaporte horrek eskaintzen duen sarbidea eskuratzeko: “Txertaketa ziurtagiriagatik ere hartu dut, beharrezkoa den kasuetan erabili ahal izateko”.
Txertoa hartu eta hurrengo hamabost minutuetan, Garcia lasai dago aulki batean eserita, horrela itxaron behar baitute txertatuek, ondoriorik eragingo balie ere. Dio zizta sentitu ere ez duela egin, eta, gainera, ez du uste erreakzio nabarmenik eragingo dionik; esan du horrelakoetan “gogorra” izan ohi dela.
Garciarenaren antzeko diskurtsoak, beraz, ohikoak dira egunotan txertaketa eremuan. Baina, haiek esandakoaren kontrara, urduritasunak eta beldurrak adin nagusiagoetan baino ohikoagoak omen dira gazteen artean; horixe nabaritu dute bertan lan egiten duten erizainek eta bestelako profesionalek. Honela azaldu du Maialen Ormazabal erizainak: “Nabaritzen da gazteagoak direla: urduriago datoz, eta denbora gehiago behar dugu haiek txertatzeko. Zorabiorik ere izan dugu”.
Horixe bera aitortu du Sebastian Bororrek, ez zuela zizta hartzeko batere gogorik. 12 urteko mutikoa amaren alboan dago eserita Illunbeko harmailetan, txertoaren osteko ordu laurdena pasatzeko zain. Hark hitz gutxi egiten du; ama du bozeramaile. Bororren kasuan ere, ikasturte hasiera izan da txertatzera bultzatu duen arrazoietako bat, jakin baitakite harremanak areagotu egingo direla, eta arrisku handiagoa saihesteko asmoz eman dute pauso hori etxean. Baina, haren kasuan, Garciarenean bezalaxe, etxekoen eraginak pisu handia izan du erabakian, eta, haien segurtasuna helburu, etxeko txikiena txertatzea erabaki dute. Gainera, adineko pertsona bat daukate etxean, amona, eta hari kalterik ez eragiteko joan da biloba Illunbera.
Atzean geratutakoak
Baina horrenbeste haurren eta gazteren artean ilea urdintzen hasita duenik ere ikus daiteke mauka altxatuta eta tirita jarri berriarekin. Ormazabal erizainak ere aipatu du nabarmentzekoa dela oraindik badaudela adin tarte nagusiagoetan, jada beren txertaketa amaitzear duten horietan, txertoa jartzera doanik: “Batzuek itxaron egin dute, eta, denbora pasatutakoan, beren adineko jendea txertatu dela ikusitakoan, orduan etorri dira”.
Horrelakoetan, beldurrak edo ezjakintasunak eragin dezakete txertoa atzeratzea. Beste batzuei, berriz, birusak berak eragotzi die. Nuria Agudoren kasua da hori. Etxeko guztiek pasatu berri dute birusa: senarrak eta 17, 15 eta 4 urteko semeek. Lehenengo laurak batera ari dira txertoa hartzen; hain zuzen ere, orain arte ezin zutelako hartu: “Birusa pasatu berri dugu, eta, lehen sei hilabete itxaron behar zirenez, oraindik ezin genuen hartu txertoa. Baina orain bi hilabetera txikitu dute epea, eta denok batera etorri gara txertatzera”. Hain zuzen ere, txertoa hartzeko adinean dauden laurek hartu dute, bata bestearen atzetik, alboan seme gazteena zain dutela. Mugikorrari begira dago amaren alboan. “Txikiak oraindik ezin du txertorik hartu, baina lasai gaude, berak ere pasatu baitu birusa, eta oraindik immunitatea du”, adierazi du Agudok.
Etxekoen babesean, lasai antzean dabiltza gurasoak eta seme nagusia. Urduritasun keinua nabariagoa da erdiko semearen aurpegian: “15 urteko semea pixka bat urduri zetorren; ez zaizkio asko gustatzen ziztadak”, azaldu du Agudok.
Horregatik, familia horren kasuan, txertoa aukeratzeko eguna ez da ausazkoa izan. Denek batera hartu dute, ezer gertatzekotan ere —erreakziorik sortzekotan, alegia—, elkar zaintzeko gai izateko. Eta, bestetik, Agudok tartea utzi nahi izan du oporrak amaitu aurretik, sukarra edo ezinegona sortuz gero osatzeko denbora izateko: “Oraindik bi egun geratzen zaizkit lanera bueltatzeko; beraz, erreakziorik eragingo balit ere, badut sendatzeko astia”.
Txertoa joan txertoa etorri, Illunbeko itxarongela betetzen eta husten ari da, itxaron beharreko ordu laurdena etengabe berritzen eta bukatzen baita, nork begiratzen duen. Txertaketa agiria eskuan dutenek atzean utzi dituzte urduritasunak eta kezkak, eta mugikorreko ordulariari begira ari dira, kalerako ordua noiz helduko. Ez zaio asko geratzen, baina oraindik uda da, eta bere azken eguzki izpien bila aterako dira segituan, itxaron beharreko hamabost minutuak bukatzean.
Leave a Reply