Escudero omentzeko, 50 jarduera baino gehiago

Francisco Escudero musikagilea (Zarautz, 1912 – Donostia, 2002) jaio zela aurten mende bat bete dela eta, Gipuzkoako hogei elkartek baino gehiagok 50 jardueratik gora antolatu dituzte hura omentzeko helburuz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zarauzko Udalaren eta Eresbil Euskal Musikaren Artxiboaren ekimenez. Hil honetan bertan hasi, eta abendura bitartean egingo dituzte jarduera horiek, Gipuzkoako hainbat herritan.

Kontzertuen atalean, orotara, 26 emanaldi izango dira. Horien artean, ekainaren 14an Escuderoren omenezko kontzertu bat eskainiko du EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Donostiako Kursaalean. Abuztuaren 17an, berriz, Musika Hamabostaldiaren barruan, Illeta obra joko du EOSek, Andra Mari abesbatzarekin batera. Horrez gain, Errenteriako Musika Astean, Escuderoren lau obra emango dituzte. Koldo Mitxelena kulturuneak ere Francisco Escuderori buruzko jardunaldi batzuk antolatu ditu, urriaren 3tik 24ra bitartean.

Argitalpenen alorrean ere gogoraraziko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak konpositoreari buruzko monografia bat argitaratuko du, baita dibulgazioko eskuorri bat ere. Eusko Ikaskuntzaren Euskonews atariak eta Musikeneren Musikenews atariak ere musikagileari buruzko informazioa eskainiko dute. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, berriz, Escuderoren Sinfonía Mítica obrari buruzko unitate didaktiko bat argitaratuko du.

Donostiako kontserbatorioko zuzendaria izan zen Escudero, besteak beste, eta euskal musika tradizionala eraberritu zuen. Besteren artean, Zigor eta Gernika euskal operak sortu zituen.