Dortsala jartzeko irrikaz daude

Dortsala jartzeko irrikaz daude

Erik Gartzia Egaña

Herri lasterketak, pixkanaka, ari dira bueltatzen: bihar, talidomidak kalte egindakoen aldeko lasterketa egingo dute Legorretan; datorren larunbatean, Hendaia, Irun eta Hondarribia lotuko ditu Txingudi Korrikak, eta egun berean izango da Berrobira krosa ere, Berrobin; urriaren 3an, Donostiako maratoi erdiaren txanda izango da, eta 20. aldia izango du; Azkoitian, azaroaren 20an egingo dute herri lasterketa. Luzeagoa da zerrenda, beste herri batzuetan ere finkatuak baitituzte herri lasterketen datak. COVID-19ari aurre egiteko segurtasun neurriekin egingo dituzte.

Pikuk kirol taldeak eta Avite talidomidak kalte egindakoen Espainiako elkarteak antolatuko dute Legorretako lasterketa. Aitor Castilla antolatzaileetakoak argitu duenez, iazko lasterketa bertan behera uztea azkar asko erabaki zuten; aurten, ordea, argi eta garbi zuten talidomidak kalte egindakoen aldeko lasterketa egin egingo zutela: “Lotzen hasi ginen, eta, momentua iristean ezin baldin bazen ezer egin, bertan behera utziko genuela erabaki genuen”. Segurtasun neurriak hartuko dituzte: irteeran distantzia markatuko dute, eta maskara jantzita egin beharko dira lehenengo metroak. Ez da kontsigna zerbitzurik emango, ezta dutxatzeko aukerarik ere. “Beste lasterketetan parte hartu duten Legorretako lasterkariek ikusi dute zer egin izan duten besteek, eta haien aholkuei jarraituko diegu”. Zazpi kilometroko lasterketa izango da; “erraza”, Castillaren arabera.

Duela bost urte hasi ziren lasterketa antolatzen, talidomidak kalte egindakoetako bat delako Mariano Garmendia herritarra. Hasieran, kaltetuei ikusgarritasuna emateko lasterketa zen, baina, behin Espainiako Estatuak biktimatzat aitortuta, biltzen duten dirua gaixotasunak pairatzen dituztenen elkarteei bideratzen diete. Aurten Aviterentzat izango da, baina urtero aldatzeko asmoa dute.

Zure Irribarrea, Nire Indarra elkarteko lau umek hartuko dute parte biharko lasterketan. Urritasun funtzionala daukate, eta erakutsi nahi dute beraiek ere gai direla horrelako lasterketa batean parte hartzeko. Lasterketaz gain, bideoklipa aurkeztuko dute gaur Herri Antzokian, 19:00etan. Garmendiaren iloba batek Azken Hatsa taldean jotzen du, eta kanta bat sortu dute. Aiora Renteriak (Zea Mays), Fernando Madinak (Reincidentes), Koldo Soretek (Niña Coyote eta Chico Tornado) eta El Drogasek hartu dute parte.

Aurten, beste bi ere bai

Luzexeagoa izango da hurrengo larunbateko lasterketa, Hendaia, Irun eta Hondarribia lotuko dituena. “Hamar kilometroko distantziako lehenengo lasterketa izango da, Bidasoaren alde honetan behintzat”, esan du Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) Ibon Muñozek. Berez, Hondarribiko festekin batera egiten dute Guadalupeko Igoera ere, baina bertan behera uztea erabaki dute aurten, egitaraurik ez baitzegoen festetan. Alabaina, beste bi lasterketa egitekoak dira 2021ean: errelebokakoa eta Gabonetako Krosa.

“Labik udan hartutako erabakietako batek kirol probak egiteko neurriak malgutu zituen, eta BATen lasterketen egutegia prestatzen hasi ginen”, dio Muñozek. Bi eremu administratiboetan indarrean dauden araudietatik neurri “zorrotzenak” hartu dituzte. Lapurditik, osasun pasaportea esaten zaiona —ez duenak, 48 ordu lehenago egin beharko du PCR proba—; Gipuzkoatik, berriz, irteeran eta helmugan maskara jarri behar izatea. Neurriak “ongi hausnartutakoak” direla ziurtatu du Muñozek: “Jendea gehien pilatzen den momentua beroketarena da, eta hor denek jantziko dute maskara. Behin irteera emanda, lasterketa luzatu egingo da, eta, gainera, aire zabalean da lasterketa”. Beste bi faktore ere aipatu ditu Muñozek Txingudi Korrikari oniritzia emateko: kutsatze tasa apaltzen ari dela, eta ospitaleratzeena ere bai. “Pentsatzekoa da lasterka ariko den jendea garbi dagoela: txertoaren dosi bat edo biak hartuak dituela, PCRa egin duela… Izan daiteke baten bat kutsatua egotea, eta bi dosiak hartuak izatea, eta sintomarik ez izatea. Kasu horretan, neurri guztiak hartu ditugu gaitza duela ez dakien pertsona horrek kutsa ez dezan”. Hori bai, haurrekin egin beharreko lasterketa ez dute egingo. “Ezin ditugu 800 haur eta haiekin doazenak Galeko estadio txikian sartu”.

Izen-emateak martxa onean doaz bai Goierriko bai Bidasoko lasterketetan. Legorretakoak 150 bat lagun bildu izan ditu, eta Txingudi badia inguratzen duenak, 600 inguru —Kirolprobak.eus-en eman daiteke izena—. Helburu solidarioengatik edo korrika aritzeko plazer hutsagatik, badago dortsala berriro janzteko gogoa, BATeko kidearen arabera. Haiek izan ziren azken lasterketa jendetsua antolatu zutenak, 2020ko otsailean: Irungo maratoi erdia. “%70eko txertatze langa hori gainditu dugu, baina badirudi ez dela nahikoa izango”, esan du Muñozek. “Uste dut ohituko garela egoera honekin bizitzera. Pixkanaka normaltasunera jo beharko genuke, bestela hau bukaezin bihur baitaiteke”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.