Olatz Enzunza Mallona
Ikasturte hasierarekin batera, kalera itzuli dira pentsiodunak. Eta, orain arteko martxari jarraituz, hainbat herri eta hiritako plazak bete ditu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Udan atseden hartu ondoren, “indarrez beteta” berrekin diete asteroko mobilizazioei, pentsio duinen aldeko aldarria eginez. Joan den astelehenean izan zuten uda ondorengo lehenengo topaketa, Donostian, eta uda osoan zehar zerbitzu publikoan emandako murrizketak salatzeko baliatu zuten elkarretaratzea. Aurrerantzean ere, astelehenero batzeko asmoa daukate: datorren astelehenean argindarraren prezioa salatzeko aterako dira kalera, eta hilaren 20an, berriz, bankuen aurka mobilizatuko dira.
Hiru urte eta erdi igaro dira dagoeneko aurreneko protestak egiten hasi zirenetik, eta ordutik “lorpen batzuk” eskuratu dituztela nabarmendu du Karlos Etxeberria Donostiako Alderdi Eder plataformako kideak: “Mobilizazioei esker, pentsioen sistema publikoa guztiz bideragarria dela erakusteaz gainera, pentsioen balio handitzea bizi kostuaren hazkundearen arabera egitea lortu dugu”. Hala ere, Etxeberriaren hitzetan, oraindik badira “konpondu beharreko” hainbat kontu: “Erronka asko ditugu aurretik, eta horien alde borrokatu behar dugu”.
Tartean, Toledoko Itunean, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian eta Gobernuaren Lege Proiektuan egindako gomendioek eta akordioek ez dituztela pentsiodunen beharrak ase azaldu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Eta horiek aurretik izandako murrizketa “ia guztiak” mantentzen dituztela dio. “Orain lege proiektu bihurtu den txostenaren helburua pentsioak berriro murriztea eta lan bizitza luzatzea da: lan gehiago egitea pentsio txikiagoa jasotzeko”, esan du Etxeberriak.
Euskal Herriko Pentsiodunen aldarrikapen nagusietako bat pentsio guztiak, gutxienez, 1.080 eurokoak izatea da. Eta, horrekin batera, pentsioen 2011ko eta 2013ko erreformen atal batzuk eta 2010eko eta 2012ko lan erreformak bertan behera utzi nahi dituzte. Hala ere, badituzte eskakizun gehiago ere. Besteak beste, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakala deuseztatzea eta 40 urte kotizatuak dituztenen aurretiazko erretiroak ez zigortzea. Donostiako Alderdi Eder parkean ez ezik, astero-astero Gipuzkoako beste hamasei herritan ere antolatzen dituzte elkarretaratzeak.
Mobilizazio handiagoak
Bizi duten egoerari aurre egiteko, protestan jarraituko dutela iragarri dute pentsiodunek. Asteroko mobilizazioez gainera, azaroaren 13an “mobilizazio handi bat” egiteko deia luzatu diete herritarrei, “pentsio duinak, publikoak eta justuak” bermatzeko helburuz. Eguna mobilizazioarekin bat egitea erabakitzen duten erakunde sozial eta sindikalekin batera antolatuko dutela aurreratu du mugimenduak. Era berean, langileei eta gazteei ere mobilizazioan parte hartzeko gonbita egin die. Lehenago, urriaren 1ean, kalera aterako dira Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunean. “Adinekoen eskubideek iraungitze datarik ez dutela aldarrikatzeko aterako gara kalera, baita zaintza duin eta kalitatezkoa eskatzeko ere”.
Hurrengo hilabeteetarako “zerbait indartsuagoa” prestatzen ari direla aurreratu du Etxeberriak, lan eta pentsioen erreformak indargabetzeko helburuarekin. “Espero dugu negura begira beste zerbait egiteko aukera izatea”.
Leave a Reply