“Ahal dudan arte jarraituko dut bizikletaren gainean”

Asier Unanue (Ordizia, 1993) 12 urterekin hasi zen txirrindularitzan, Ordiziako txirrindulari eskolako iragarki bat irakurri eta gero. Gopar-Ikolan Lanaldi taldean dihardu, egun.

Zer esan nahi du zuretzat Gopar-Ikolan Lanaldi taldearen sorrerak?

Albiste ona da guretzat, dudarik gabe. Horrenbeste urtean txirrindularitzan aritu eta gero afizionatuen mailan aritzeko talderik ez izatea atzerapauso handia izango litzateke guretzat.

Jubeniletatik afizionatuetarako saltoa handia al da?

Bai, saltoa ikaragarri handia da. Batez ere erritmoan nabaritu dut hori; orain, erritmo altuagoa exijitzen digute. Iaz, 80 kilometroko lasterketetan parte hartzen nuen, eta, aurten, 120 kilometrokoak dira denak. Aldea nabarmena da.

Nola ikusten duzu zuk zeure burua maila honetan?

Neure burua ongi ikusten dut. Oraindik, hala ere, jakin badakit hobetzeko asko dudala. Maila honetara egokitzen ari naiz, eta denbora pasatu ahala nik neuk ere gehiago emango dudalakoan nago.

Esaten duten bezain kirol gogorra al da txirrindularitza?

Kirol gogorra da txirrindularitza, baina ordainetan, niri behintzat, poz asko ematen dizkit. Ordu askoz entrenatu behar da, eta nik, adibidez, asteburuetan ezin dut lehen bezain beste atera nire lagunekin. Baina, gero, emaitzak ikusita, lana ongi egin izanak poz handia ematen du.

Une honetan ingeniaritza ikasten ari zara. Zer moduz uztartzen dituzu biak?

Oraingoz, ongi daramatzat biak. Taldean, gainera, oso malguak dira horrekin. Alde horretatik, oso babestua sentitzen naiz.

Eta etorkizuna nola ikusten duzu?

Txirrindularitzan ahal dudan bitartean jarraituko dut. Baina profesionalki honetan arituko naizen ala ez jakitea zaila da oso.