Krisiak ez du deskantsurik ematen: martxoan ere gora egin zuen langabeziak, eta Espainiako Lan Ministerioaren datuen arabera, martxoaren bukaeran 45.596 langabe zeuden Gipuzkoan. Otsailean baino 822 langabe gehiago zenbatu zituen, beraz, eta iazko martxoan baino 2.437 gehiago; urtebetean %5,65 hazi da, beraz. Beste datu bat ere bai; Eustatek atzo jakinarazi zuenez, %9,4ko langabezia tasa dago Gipuzkoan.
Egoera txarra da, baina ez da “hain mezu negatiboa” eman behar, Andoni Maiza (Andoain, 1975) EHUko Enpresa Zientzietako fakultateko Ekonomia irakaslearen iritziz. Gipuzkoako langabezia “beste lekuetan baino txikiagoa” dela azaldu du, eta hori hiru faktoreri esker izan dela: “Kanpoko merkatuetan saltzeko gaitasun handiagoa, industria asko eta eraikuntza sektorearekiko mendekotasun txikiagoa”.
Langabeziak egin du gora, ordea. Maizaren ustez, inbertsio faltagatik gertatu da hori batez ere. Mikel Zurbano (Beasain, 1960) EHUko Ekonomia irakasleak bat egin du Maizarekin: “Krisi garaian ez da inbertsio produktiborik ematen, etekinak jaitsi egiten direlako. Hemen, gainera, ez da krediturik iristen ari. Likideziako dirua beste nonbaitera joaten da; finantza erakundeek euren zuloak estaltzeko erabiltzen dute, eta ez dago inbertsioetarako”.
Krisiari aurre egiteko hartzen diren neurriek ere ez dute laguntzen egoerari aurre egiten, Zurbanoren ustez: “Batez ere neurri fiskal eta finantzarioen aldeko apustua egiten da. Enpleguaren sorrerarako planteatzen den elementu bakarra hazkundea denez eta hartzen diren neurriek hazkundea oztopatzen dutenez, enpleguaren galera ez da kitatzen beste neurrien bidez”. Haren ustez, gutxiegitan aipatu izan dira lana sortzeko bestelako aukerak, esaterako, enplegua banatzea, postu bakoitzaren ordutegiak murriztuz: “Lan erreformarekin kontrakoa egiten ari dira: lanorduak murriztu beharrean, gehitu, eta arlo pribatuan kaleratzeak erraztu”.
Enplegua oso lotuta dago ziklo ekonomikoarekin, bi ekonomialariek azaldu dutenez. 2001. eta 2004. urteen artean ere atzeraldian egon zen ekonomia, eta Gipuzkoako langabezia nahiko handia zen: “Hor euroaren sorrera izan zen, eta nazioartean teknologia berrien burbuila gertatu zen; horrek larrialditxo ekonomiko bat ekarri zuen. Ez oraingoa bezain larria, baina bai etenaldi bat”. Dena den, Gipuzkoak eginak zeuzkan etxeko lanak, eta horrek lanpostuen galera hain handia ez izatea ekarri zuen, Zurbanoren hitzetan: “1990eko hamarkadan indarrean jarritako industria politikek lagundu zuten, kooperatiben sustapenak ere bai… Zenbait arlo berri sustatzeko urratsek ere arrakasta izan dute: bioteknologiak eta nanoteknologiak, adibidez”.
Industria berpizteko hartutako neurri horiei esker, sektorea “irauten” ari da orain, Maizak azaldu duenez. Izan ere, ziklo ekonomikoen eragina zerbitzuetan igartzen da batez ere: susperraldi ekonomikoetan asko hazten dira sektore horretako negozio eta lanpostuak, eta atzeraldietan berehala igartzen da beherakada, bereziki merkataritza txikian. Martxoko datuen arabera, langabeen %62 zerbitzuetan aritu ohi da. Eraikuntza sektoreak sumatu du gehien kaltea: “Kasu berezia da eraikuntza. Horrekin zuzenean edo zeharka lotutako lan asko galdu dira”.
Hala ere, langabezia tasari baino gehiago iraupen luzeko langabeziari begiratu behar litzaiokeela uste du Zurbanok. Lan bila bi urte baino gehiago daramatzatenak sartzen dira talde horretan; epe horretatik aurrera, langabezia saria jasotzeko eskubidea galtzen dute, eta diru sarrerak bermatzeko errenta eskatu behar izaten dute. Gipuzkoan, iraupen luzeko langabezia %0,4koa zen 2007an; 2011n, berriz, %2,9, lau urte lehenago baino zazpi aldiz gehiago. Zurbanorentzat, datu horrek erakusten du langabezia zein neurritaraino den “egiturazkoa”. Kasu horiek, gainera, “gizarte bazterketarako arriskuan” egon daitezke.
Langabezia etxean
Errealitate gordina erakusten duten beste datu batzuk ere eman ditu Eustatek: Gipuzkoan, kide guztiak langabezian dituzten familietan bizi dira adingabeen %5. “Hor ikusten da pobrezia zabaltzen ari dela”, azaldu du Zurbanok, “eta jada ez da ohikoagoak ziren sektoreetan: etorkinetan, adibidez. Nolabait esateko, orain arte bizitza arrunta eraman duen jendea eta lanarekin integrazio eta kohesio soziala bermatua izan duen jendea da”.
Gazteen langabezia tasa da altuena: 24 urtetik beherako pertsonen ia %20 dabiltza lan bila. “Lanik ez dagoenez, ikasi”; hori da gazte askoren filosofia. EHUko bi irakasleek nabarmendu dute askok egiten dituztela ikasketa osagarriak, lanerako aurreikuspen eskasek bultzatuta. “Trebakuntza gehiago behar izango dute euren kualifikazioa mantentzeko”, azaldu du Maizak.
Emakumeen lan munduratzean ere eragin negatiboa izaten ari da krisia: epe luzeko langabeziak asko etxeko lanetara eramaten ditu ostera. Merkatutik pasatzen ez dena ez da jarduera ekonomikotzat jotzen, eta etxeko lanak ere hor sartzen dira: “Horregatik daude tasak mozorrotuta. Emakumeen langabezia tasa txikiagoa da, baina aktibitate tasa ere hala da”.
Ez dirudi egoerak luze gabe onera egingo duenik. Adegi patronalak ere egin berri ditu bere aurreikuspenak, eta 2012an ziurrenik enpresen %5 itxiko direla esan du; 1.300 lanpostu inguru galtzea ekarriko du horrek. Maizaren ustez, badaude itxaropentsu egoteko arrazoiak; Zurbanorentzat, politiken araberakoa izango da hori: “Fiskalitate eta finantza arloan finantza erakundeen mesedetakoak soilik ez diren neurriak bilatuko balira, litekeena da norabide baikorrago batean abiatzea”.