Juan Luis Zabala
Txirrindularitzako Europako Txapelketa jokatu zen aurreko astean, Trenton (Italia). Gizonezkoen goren mailako erlojupekoan, Filippo Gannak Tadej Pogacar doblatu zuen; hau da, Pogacar irten zenetik minutu batera irten zen errepidera Ganna, eta 22. kilometrora iritsi baino lehen Ormaiztegiko txakurrarena egina zion, harrapatu eta pasatu. Nori eta Pogacarri, askoren ustez gaur egungo txirrindularirik onena denari.
Ikusle baten txioa irakurri zuen orduan telebistako esatarietako batek. Txiolariaren ustez, gertakari hori umiliagarria zen Pogacarrentzat.
Esatariak txioaren berri eman aurretik, neuk ere egina nuen neure artean gogoeta horri buruz. Baina ezezkoan nengoen. Ez nengoen ados Gannak Pogacar umiliatu zuela zioen txiolariarekin. Eta orduan Pogacar banintz txiolariari zer erantzungo niokeen oldozten hasi nintzen:
“Txiolari jaun/andre agurgarria:
“Niretzat ez da umiliagarria erlojupeko batean doblatua izatea, are gutxiago doblatu nauena nor eta Filippo Ganna delarik, gaur egungo txirrindularirik iaioenetako bat espezialitate horretan. Alderantziz begiratzen diot nik kontuari: Filippo Gannaren saioari distira eman dio ni, iazko zein aurtengo Tourraren irabazlea, doblatu izanak. Eta horrek poztu egiten nau, ez umiliatu.
“Baina doblatu nauena beste edozein txirrindulari izan balitz ere, ez nintzen umiliatua sentituko. Saiatuko naiz azaltzen zergatik.
“Irabaztea gustatzen zait, horretan saiatzen naiz eta lortu ere egiten dut batzuetan, zorionez, baina ez dago ezertan beti irabazle denik, eta inoiz halakorik balitz ez lioke betiko iraungo ahalmen horrek. Horretan saiatzen naiz, baina ez nuke beti garaile izan nahi, horrek interesa eta distira kenduko bailieke nire garaipenei, eta baita nire ahaleginari ere. Maite dut, beraz, menderatua izatea, baita doblatua ere, neuk hori eragozteko ahalegin guztiak egin ondoren. Ez diguzue sinisten baina guk benetan esaten dugu, galdu ala irabazi, eman genezakeen guztia emanda amaitzen dugunean gustura gelditzen garela. Porrota ez da ez irabaztea, porrota ez da galtzea, porrota da behar adina eta behar bezala saiatu ez izana.
“Erlojupeko batean doblatua izatea ez da umiliazioa inorentzat. Ez niretzat eta ez beste edozein txirrindularirentzat. Hori lehia da eta lehian, errepidean, izenak ez die pedalei eragiten. Tropeleko txirrindulari guztien beharra du txirrindularitzak, eta ezezagunen ekarpenik eta ahaleginik gabe ezagunok, ospetsuok, ez ginateke inor, gure ahaleginek eta gure garaipenek ez lukete batere distirarik eta interesik izango inorentzat.
“Garaipena dugu jomuga, horren bila jo behar dugu txirrindulariok, baina ez diguzue garaipenaz aparteko guztia porrota dela pentsarazi behar. Eta ideia horrek, txirrindularitzarako ez ezik, bizitzaren arlo guztietarako balio behar digula uste dut. Pentsa ezazu une batez orain hau guztia esanarazten ari zaidan idazlearengan. Ez da The New York Times-erako ari, Gipuzkoako Hitza-rako baizik, badaki idazten ari den artikuluak ez duela nire bi pedalkadak adinako oihartzunik izango, baina hortxe ari da, teklak jo eta teklak jo, egindakoa desegin eta berregin, hobe beharrez beti ahalegin betean, bere zutabearen xumetasunaz ohartuta baina horregatik inondik inora ere umiliatuta sentitu gabe”.
Leave a Reply