Ostiral gaua da. Espero baino egun luzeagoa izan da lantokian, eta etxeratzeko gogoz zaude. Etxean sartzean, baina, ez dago sukaldeko argia piztuta. Gaur bikotekideari tokatzen zitzaion afaria prestatzea, baina ez duzu entzuten zartagin hotsik, ezta janari gozorik usaintzen. Horren ordez, korridorearen bukaeran dagoen logelaren atetik, argi mehe eta dardarati bat ikusten duzu. “Ba al dago inor etxean?”, galdetzen duzu, eta erantzuna logelatik iristen zaizu: “Bai, zure zain nago, laztana”. Aspaldi ez zaituela horrela deitzen, eta irribarrea irudikatu zaizu ezpainetan. Logelara gerturatu ahala, usain gozo bat nabaritzen duzu. Ez dakizu zer den zehazki, baina atsegin duzu. Logelan sartzean, kandela bat ikusten duzu ohe ondoan, eta bikotekidea, erdi biluzik, eskua zuregana luzatuta. “Gaur tupper sex saio bat izan dugu lagunekin”, esaten dizu, “eta erositakoa erakutsi nahi dizut”. Arropa erantzi ahala, pixkana eguneko nekea desagertuz doala nabaritzen duzu…
Tupper sex zerbitzua hainbat denda erotikotan eskaintzen dute, eta gero eta arrakasta gehiago ari da izaten. Denda horietako bat da Tolosan dagoen Bizi Bixi. Bertako arduraduna da Alicia Melo Alfageme, eta lau urte daramatza tupper sex zerbitzua ematen: denda ireki zuenetik. “Ezagutu den arte zer den, pixka bat kostatu da zabaltzea”, esan du Melok. Tupper sex deitzen bazaio ere, maleta bat eraman ohi du, eta barruan, dendan dituen produktuak, bezeroei erakutsi eta azaltzeko. Melok dioenez, ahoz ahokoak asko funtzionatzen du: “Jendeak ikusten du ondo pasatzen duela horrelako saioetan, eta bere ezagunei esaten die. Dendara gehiago kostatzen da sartzea, eta, horrelako bileretan, beste giro batean ezagut daitezke produktuak”.
Lotsagatik baino gehiago jendeak pentsatuko duenagatik ez dela jendea denda erotikoetan sartzen dio Melok: “Behin barruan dagoela, bezeroak ez du arazorik izaten galdetzeko edo produktuak ikusteko”. Tupper sex-ak, ordea, edozein lekutan egiteko aukera eskaintzen du: etxeetan, elkarteetan, lantokian… “Azken finean, zerbitzua eskatzen dutenek beren pribatutasuna behar dute”, adierazi du Melok.
Bezeroa edozein izan daitekeela dio: bikoteak, neska edo mutil kuadrilla, edo biak nahastutako taldea. Hala ere, gehienetan neska taldeak izaten dira zerbitzua eskatzen dutenak. Bilera dibertigarriak izan ohi direla esan du Melok, eta, horrez gain, sexuarekin zerikusia duten produktuak ezagutzeko bide bat dela nabarmendu du: “Batzuek gutxi dakite produktu hauei buruz. Bibradore bat ikusita, denak ikusi dituzula esan daiteke, baina aukera zabala da”.
Erakusketa txiki bat
Tupper sex saioetara eramaten diren produktuak ez dira beti berberak. “Bezeroak eskatzen duenaren araberakoa izaten da”, dio Melok. “Betiere saiatzen zara ahal den aukera zabalena eramaten, baina, horrez gain, zenbait bezerok produktu jakin bat eramatea eskatzen dute”.
Halere, maletan beti egoten dira zenbait produktu. Horien artean, krema lubrikatzaileak eramaten ditu Melok, berotzekoak eta hainbat zaporetakoak, eta bizigarriak. “Azken finean, krema hodi-zabaltzaileak dira”, azaldu du. “Odol zirkulazioa handitzen dute, eta, gehiago nabaritzen duzunez, sentsazioa atseginagoa da”. Kremei dagokienez, gizonezkoentzat eiakulazioa atzeratzen dutenak ere eraman ohi ditu.
Ohiko beste produktuak kandela usaindunak dira. “Kandela urtutakoan gelditzen den likidoa masajea emateko erabil daiteke, eta ez du erretzen”, azaldu du denda erotikoko arduradunak. “Gorputzean zabaltzen den eta jan daitekeen txokolatea ere erakusten dut”. Horrez gain, bola txinatarrak ere beti joaten dira maletan: “Jendeak uste du orgasmikoak direla, baina berez pelbiseko zorua indartzeko balio dute”. Bibradoreak ere ohiko produktuak dira. “Askotan txikiak erosten dituzte, bikotekidearekin jolaserako aproposagoak izan daitezkeelako”, dio Melok. “Gizonezkoentzako arrautza masturbatzaileek eta eiakulazioa atzeratzen duten eraztunek harrera ona izaten dute”.
Lotsa gabe, ezagutzeko irrika
Tupper sex saio batean parte hartutakoa da Vanessa Alzate. “Hamar lagun bildu ginen nire etxean. Lagun baten ezkondu aurreko agurra antolatu behar genuen, eta, ohiko bazkari eta jaiaz gain, zerbait bereziagoa egin nahi genuen”, azaldu du. “Striptease-ak eta horrelakoak ez zaizkigu askorik gustatzen… Baten batek gozo denda erotiko batean pastel erotikoren bat erosteko proposamena ere egin zuen… Eta hortik, tiraka, tupper sex-era iritsi ginen”.
Naturaltasunez hartu zuen lagun taldeak horrelako bilera egitea. “Egia esan, gure kuadrillan ez dugu egunero-egunero sexu kontuez hitz egiten, baina ez gara askorik lotsatzen ere, naturaltasunez hitz egiten dugu”, azaldu du. Ezkongaiak ez zekien ezer eta maleta irekitzerakoan barrez hasi zen, baina ez zen bakarra izan. “Gu ere barrez hasi ginen. Lotsatuta baino gehiago, maletan zer zegoen ikusteko irrikan geunden. Eta, nire ustez, oso ondo antolatuta zegoen bilkura”, oroitu du.
Produktuen inguruko azalpenak jasotzeaz gain, ikusteko eta usaintzeko aukera izatea “oso ondo” ikusten du Alzatek. “Dendara joanda galdetu dezakezu noski, baina, beharbada, momentu horretan ez zaude eroso, dendan ez dakit zein dagoelako… edo auskalo! Eta bilera horretan desberdina da; lasai zaude, lagunartean, edozer galdetzeko moduan”.
Esperientziarekin oso gustura dagoela dio Alzatek: “Hurrengo egunetan txantxa pixka bat ere izan genuen gure artean… Bestela ere ez gara askorik lotsatzen, baina honek gehiago irekitzeko balio izan zigun”.