“Euskal musika, rocka eta iraultza elkartzen hasi ginen”

Moskuko Eskiña tabernan, kafe baten inguruan, garai zaharrak gogoratzen hasi da Pablo Susperregi Katu (Irun, 1962). “Hemen atzean agertokia jartzen zuten, kontzertuetarako”. Garai batean, Irungo toki biziena izan zen Mosku izenekoa, eta bertan mamitu ziren orduan gazteriak zituen amets eta nahi asko. Horietako batzuk musikaren bitartez zabaldu nahi izan zituen Katuk, Baldin Bada taldearekin. Taldeko abeslaria izan zen 1980ko hamarkadaren erdialdean sortu zutenetik 1996ko ekainera arte, azken kontzertu ofizialera arte. Hitz egiten aritu den bitartean, apenas eman dion kafeari zurrupadarik. Kafea hoztu zaio. Elkarrizketa zalea ez dela esan arren, gustura egon da kontu kontari izan zenaz, denaz eta izan daitekeenaz.

Taldea desegin, eta 1996ko uda hartan bertan lan bila hasi zen Susperregi: “Ez nuen musikarekin harremana zuen deus ere egin nahi. Aldatu nahi nuen, eta koinatarekin iturgintzan hasi nintzen”. Hamabost urte egin zituen lan iturgin moduan; orain, langabezian dago. Bi seme ditu, eta aitortu du musikarekin harreman txikia duela. “Dena etxean daukat, anplifikadorea, gitarrak… Nire kabuz gauza batzuk egiten ditut. Baina zain nago”. Izan ere, bi semeak koskortzeko zain dago musikaren mundura berriz ere bueltatzeko, senak hori eskatzen diolako, baina ez dago ziur nola aurre egingo dion munduari berriz ere anplia eta gitarra lanabes dituela: “Ez da izango profesional tankerako zerbait. Beharbada, Internet erabiliko dut horretarako. Aterako zaidana egingo dut, estilo zehatzik ez diot jarri nahi egingo dudanari. Musika bizioa edo gaitza da niretzat”.

Musika barruan du Katuk, “ezin da galdu”. Buruan musika egiten jarraitzen duela dio, eta zer esateko baduela, nahiz eta batzuetan pentsatzen duena paperean jartzea kostatzen zaion: “Beharbada egiten dudanarekin oso kritikoa naizelako edo lehengo indarra ez daukadalako”.

Eta betaurrekoak? Ez ditu! Baldin Badako abeslari izandakoa gauza askogatik izan zen ezaguna, eta horietako bat betaurrekoak ziren. Beharbada, musika talde indartsuen estetikarekin bat ez zetorren ezaugarri bat zen, baina hala zen. “Betaurrekoak? Bista berreskuratzen ari nintzela esan zidaten, eta kendu egin nituen. Beharbada, jendeak orain gutxiago ezagutzen nau kalean, baina badira oraindik nitaz oroitzen direnak”. Taldearen lau diskoetako argazkietan betaurrekoekin ikus daiteke Katu: Lur azpian bukatuko duzue (Oihuka, 1986), Baldin Bada (Oihuka, 1990), Lurralde kolpatuak (Oihuka, 1991) eta Erraien iraultza (Esan Ozenki, 1995). Diskoez gain, hainbat talderekin egindako diskoetan parte hartu zuten, baita Irungo AEK euskaltegiak 2004an 14. Korrikaren harira bultzatu zuen Irungo AEK-ko beteranoak lanean ere.

Borroka, oholtza gainetik

Euskal Herriko egoera berezia zen 1980ko hamarkadan, Baldin Bada sortu zenean. Politikan, ekonomian, lan munduan, kulturan eta gizartean gatazka aroa izan zen. Gatazka horien partaide sentitzen ziren Baldin Badakoak, eta horien gainean zuten iritzia emateko eta zabaltzeko sortu zuten taldea. “Zergatik kantautoreetara mugatu bakarrik borrokarako musika? Gure musika rocka, ska edo reggaea zen. Euskal musika, rocka eta iraultza elkartzen hasi ginen”. Irun, gainera, borrokaren mapa horretako gune gorrietakoa zen, bertan kultur mugimendu askotarikoa sortu zelako, Kortatu, Vomito, Anti Regimen, Crimen eta gisa horretako taldeekin. “Garai horretan, dantzaldietarako talde bat genuen. Grabaziorako mahaitxo bat eta materiala bagenuen, eta denen maketak grabatzen hasi ginen. Irungo talde guztiak pasatu ziren gure lokaletik grabatzera. Guk ere olatu horretan sartu nahi genuen”.

Ska estetikarekin —militarren botak, ile kaskamotza, tiranteak— hasi ziren oholtzara igotzen, baina etengabeko bilakaera izan zutela onartu du Susperregik. Lehenengo diskotik laugarrenera alde izugarria dagoela, alegia: “Lehenengo diskoa eta azkena entzunez gero, zaila litzateke talde berberak egin zituela pentsatzea, baldin eta diskoaren azalean Baldin Bada jartzen duela ikusiko ez balitz…”. Beti gauza antzekoak egiteaz aspertzen zirela dio, eta nahasketaren alde egin zuten. Garai horretan, teklatua zuen talde bakarrenetakoa zen Irungoa, gainera. Eta, estilo horrekin, teklatuak barne, Euskal Herrian ia ereserki bihurtu diren abestiak sortu zituztela jakin badaki Katuk. “Polita da horiek entzutea egun, abestiak bizirik daudela sentitzea. Interneteko bilatzailean abesti ezagun horiek jarriz gero, lehenengo ateratzen diren erreferentziak kantu horien bertsioenak dira, ez gureak!”.

Entseguak, kontzertuak, festa… Oso garai biziak bizi izan zituen Katuk Baldin Badaren garaian. Dena oso azkar pasatu zitzaien; “gauza gehienak politak izan ziren. Ia familia bat ginen. Pentsatzen genuena esaten genuen. Ez genuen jendeari bidea erakusteko bokaziorik, bakoitzak bere bidea egitearen aldekoak ginen. Gutxi aldatu naizela uste dut. Familia badut, hori berez aldaketa da. Nik berdin-berdin ikusten dut neure burua, ordea. Tira, orain apenas egiten dudan parrandarik!”.

Mundua aldatzeko bidea ez du utzi Susperregik. Esaterako, Irungo Alarde Parekideko jenerala izan zen bi urtez. Beti antimilitarista izan da Katu, eta alardeko jenerala izatea kontraesankorra izan zitekeela pentsatu arren, egoera “jasanezina” zelako, Alarde Parekidean ateratzeko erabakia hartu zuen. Teknologia berriak ere mundua aldatzeko bide moduan ulertzen ditu. Facebook bidez hitzartu zen elkarrizketa hau: “Dagoena erabili behar da”.