Julene Frantzesena
Norbanako nahiz kolektibo orok iritziak eta kritikak adierazteko duten beharra eta eskubidea bermatzeko sortu ziren irrati libreak zein komunitarioak Euskal Herrian, 1980ko hamarkadan. Irrati libreen mugimendua hasi, eta, orduz geroztik, asko izan dira abian jarri dituztenak zein denborarekin uhinetan mezuak zabaltzeari utzi diotenak. Gaur egun, hogeitik gora irrati libre dira martxan Euskal Herri osoan.
Irrati libreak herri ekimenez sortutako proiektuak dira. Espainiako Estatuan, irrati horien sorreraren loraldian, 1983an, hain zuzen, Villaverdeko manifestua idatzi zuten, eta han jaso zituzten irrati libreen ezaugarriak. Dokumentu haren arabera, besteak beste, publizitaterik gabeak, laguntza publikorik jasotzen ez dutenak, irratiko kideek kudeatutakoak, autonomoak eta parte hartzaileak izan behar zuten irrati libreek.
Zumaian, duela bi urte inguru hasi ziren irrati librea sortzeko ideiari bueltaka. Manex Elola (Zumaia, 1988) da hango irrati librearen proiektuaren sustatzaileetako bat. Dioenez, bi urteotan “lan zikinak” egiten aritu dira: “Jendeak esaten du ‘nik irratsaio bat egin nahi dut!’, baina aurretik lan ugari egin behar da, eta horretan aritu gara. Aurreko agintaldian, Zumaiako Udalak esan zigun lokala uzteko elkarte izaera eduki behar genuela, eta paper horiek egiten denbora mordoa igaro dugu, arazo ugari izan ditugu eta. Adibidez, leku izena duelako ezin izan genion Zumaiako Herri Irratia izena jarri, eta, denera, uste dut bost aldiz-edo sinatu ditugula elkartea sortzeko paperak”.
Herrian bertako irratia falta zelako abiatu zuten proiektua sei bat zumaiarrek. Elolak dioenez, “uste baino jende gehiagoren babesa” jaso dute. “Baleike aldizkariarekin eta haren webgunearekin eguneroko informazioa ondo hornituta dago Zumaian, baina beste ekarpen bat egin nahi dugu”. Haren arabera, herriko gaiak landuko dituzte: “Esan ohi den moduan, irratiaren proiektua herritik eta herriarentzat egina izango da”.
Dena den, Elolak dio udalari eskatu dioten lokalak “baldintzatzen” duela proiektua: “Alderdi juridikoari, paper kontuei, eta alderdi teknikoarekin hasita gaude lanean, baina baldintza ikaragarria da lokalarena”.
Joan den ostegunean jendaurrean aurkeztu zuten eskuartean darabilten proiektua, eta “herritar dezente” izan zela azaldu dute proiektuaren sustatzaileek. Zumaiarrek argi dute sortuko duten irratia Arrosa Sareko partaide izango dela: “Babes ikaragarria da Arrosa Irratien Sarean sartzea. Gainera, Zumaian 24 orduko programazioa egitea ezinezkoa da, eta Arrosa Sareak aukera ematen du beste irratien saioak hartzeko. Beraz, 24 orduz musika eduki beharrean, beste irratietako saioekin beteko ditugu ordu batzuk, eta hori aldea da”.
Udalarekin egindako bileraren arabera ikusiko dute irratia noiz jarri martxan. “Esaten badigute lokala uzten digutela, badugu zer egina: antena, intsonorizazioa… Diru pixka bat badugu bigarren eskuko azoketan lortuta, eta aurten ere egingo dugu. Gainera, irratiaren izena eta logoa aukeratzeko lehiaketak egingo ditugu, eta horiek nola egin erabaki ez badugu ere, ea datorren ekaineko sanpedroetarako antolatzen ditugun”.
Hamar urte lanean
Euskal Herriko beste hainbat irratiren moduan, 1983an egin zituen lehen urratsak Zarauzko Arraio Irratiak. Marimin Aizpuruak (Zarautz, 1963) dioenez, urte haiek frankismoaren ostekoak izanik, “estatuaren menpe” zeuden irratiak: “Estatuaren araberakoa zen zabaltzen zen informazio publikoa eta pribatua. Jendeak ez zuen gertatzen ziren gauza askoren berri izaten, eta pertsona eta kolektibo ororen eskubideak bermatzeko hasi ziren irrati libreak sortzen”. Gainera, Aizpuruak azaldu duenez, irratia sortzea “teknikoki nahiko erraza” zelako jazo zen irrati libreen fenomenoa. “Bigarren eskuko gauzekin-eta has zaitezke emititzen. 1980ko hamarkadan diru askorik ez zegoen, baina erraza zen irratia sortzea, tresnak ez zirelako garestiak”. Gainera, herritar batek bere etxea utzi zien Arraiokoei, irratia muntatzeko. Eta hantxe egin ziren emankizunak. Orduan hamabi irratsaio-edo egiten zituztela dio Aizpuruak: “Egunean hiru bat irratsaio egiten genituen, eta aukera handia zegoen”.
Arraioren hastapenetan, elkartea sortu zuten, irrati libre asko ixten ari zirelako: “Zarautzen ez zen ixteko agindurik izan, baina presioak izan ziren, eta antenarekin arazoak izan genituen”. Azken arrazoi horrengatik, besteak beste, hasi eta hiruzpalau urtera eten egin zuten irratiaren jarduna.
2005ean, Putzuzulo gaztetxea okupatu zutenean jarri zuten Arraio berriz martxan. Zarauzko Lizundia oihal fabrika maiatzaren 20an hartu zuten, eta orduan gertatzen ari zenaren zuzeneko kontaketa egin zutela gogoratzen du Izotz Barriok (Zarautz, 1983). “Guk ez genuen 1980ko hamarkadako irrati hura ezagutu, baina berriz hartzea erabaki genuen, eta hala hasi ginen Internet bidezko emanaldiekin. Hasi eta urtebetera pasatu ginen FMra”.
Gaur egun, hamabost-hogei bat lagun dabiltza Arraio irratiaren proiektuarekin lanean. “Orain, asteartetik zapatura bitartean, astero, bost saio sortzen ditugu: Ahuntzaren gauerdiko eztula, Kaiolatik, Zarata Zarautz, Izerditan Blai eta Atalka. Lan handia eskatzen du bost saio egiteak. Arrosa Sarearen barruan gaude, eta programazioa betetzeko beste irratietako saioak hartzen ditugu”.
Irratiko kideen artean ondo moldatzen direla azaldu dute: “Alde horretatik, taldea oso ondo dago, baina konturatzen gara dugun akatsarekin. Izan ere, duela hamar urte hasi ginen gehienok jarraitzen dugu orain ere. Aldaketak izan dira jende aldetik, baina gutxi, eta nahiko genuke herritar gehiago animatzea…”.
Barriok dioenez, zarauztarrek badakite zer den Arraio. “Jendeak badaki Putzuzulotik egiten direla saioak. Entzun, badakigu batzuek entzuten gaituztela, baina irrati librea gara, eta zaila da entzule kopuruaren berri izatea”. Dena den, Aizpuruak dio zuzenean ezin duenak Internet bidez ere entzun ditzakeela saioak. “Lehenengo egunean, igual zortzi deskarga izaten ditu saioak, eta, handik bi astera, 45 dituela jabetzen gara. Beraz, deskargatu, behintzat, deskargatzen dituzte”.
Arraio Zarauzko irratia izanik ere Getarian eta Aian ere entzun daitekeela dio Barriok. “Zestoara ere iritsi izan naiz autoan Arraio entzuten, baina orain izorratuta daukagu mendiko antena, eta ez da entzuten. Ea konpontzen dugun”. Bien bitartean, maiatzean ospatuko duten irratiaren hamargarren urteurren festa antolatzen ari dira. Egitarau oparoa izango da maiatzaren 13tik 28ra bitartean, Putzuzulon.
Azkoitiko eztarritik
Zarauzko Arraioz gain, bada beste irrati libre bat Urola Kostan: Azkoitiko Kontrako Eztarrixe. 2012an jarri zuten martxan, Azkoitian jendeak bazuelako “zer esan” eta irrati “gabezia” ikusten zutelako. Hala dio Xabier Arenaza (Azkoitia, 1984) Kontrako Eztarrixeko kideak: “Euskadi Gaztea-eta hor daude, baina herrian bertako zerbait behar zen, herrikoa zen zerbait”.
Arrosa Sareko jardunaldietara joan zirenean eta gainerako irrati libreen berri izandakoan, “inbidia” pixka bat sentitu zuten: “Gure herrian halako zerbait edukitzea ederra izango zela pentsatuta, lanean hasi ziren, taldetxo bat bazebilen-eta irratiaren kontuarekin. Gainera, urte batzuk lehenago festetan txosna jarri zuten irratia muntatu ahal izateko, eta diru hura gordeta zegoen. Halako batean, Matadeixen irratia sortzea erabaki zen. Ni informatikari moduan hasi nintzen, laguntzen”. Irratiaren izena lehiaketa bidez aukeratu zuten. Kontrako Eztarrixe jarri zioten izena, jana kontrako eztarritik joan dela esateko Azkoitian maiz erabiltzen duten esapidea delako, eta izena bera kontrainformazioarekin lot daitekeelako.
Aurki egingo ditu lau urte irratiak, eta hiru saio sortzen dituzte uneotan: Hankak lurrin, Zakel Zaltuk eta Gora eta behera. Azken hori lehen Urretxun grabatzen zuten, baina esataria Azkoitian bizi da gaur egun, eta Matadeiko estudioan grabatzen dute orain. Tarteka, kontzertuak ere ematen dituzte irratian, eta programazioa Arrosa Sareko irratietako saioekin osatzen dute. Arenazak dioenez, ederra litzateke saio gehiago egitea: “Jendea hasi izan da saioak egiten, baina… ez dakit zer gertatzen den; ez dugu asmatu herrira iristen edo herrian ez dago irratia egiteko gogorik. Komentatu izan diogu jendeari saiorik egin nahi duen, baina gauza askorekin dabiltzala eta ezetz esan izan digute askotan”. Dena den, egiten dituzten saioen hedapena “uste baino handiagoa” dela dio Arenazak, eta horrekin “gustura” daudela.
Aurrera begira, jendea Kontrako Eztarrixera gerturatzea nahi dute. “Herrira gerturatu beharko dugu, baina esfortzua eskatzen du horrek. Ez dakit zer gertatuko den: aspertu eta irratia itzali egingo den, edo aurrera egingo dugun. Beste irrati batzuek pasatu dituzte une txarrak, baina aurrera egin, eta saioak sortu dituzte. Beti esaten genuen: ‘Martxan jarritakoan jende gehiago animatuko da’, baina… betikoak gabiltza hemen bueltaka”.
Arenazaren aburuz, asko aldatu da irratia kontsumitzeko modua urteotan: “Podcast-ak asko entzuten dira orain, eta antena eta hedagailua kenduz gero ere, uste dut igual-igual entzungo litzatekeela Kontrako Eztarrixe”.
Leave a Reply