Maria Ortega Zubiate
Donostiako Ospitale Onkologikoa osasun sistema publikoan integratzearen eta, era horretara, dituen baliabideak optimizatzearen aldeko manifestazioa izango da bihar Gipuzkoako hiriburuan, 12:00etan, Osasun Ordezkaritza parean, langile batzordeak deituta. Onkologikoa bizirik, integrazio osoa lelopean, langile batzordeak salatuko du duela ia hiru urte abiarazitako lotura hitzarmena egikaritzeko orduan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak “kudeaketa arazoak” izan dituela, Onkologikoa estiloa galtzen ari baitira; “bete beharrean, hustu” egin dutela ospitalea diote, pazienteak ez dituztelako hara bideratzen;horren ondorioz, gaixoek osasun sistema pribatura jotzen dutela gaineratu dute. Gizarte osoari egin diote martxara joateko deia. Han izango dira, besteak beste, eratu berria den Onkologikoko pazienteen batzordeko kideak.
“Koskor bat aurkitu zidaten bularrean; hona [Onkologikora] etorri nintzen, eta handik hilabetera ebakuntza egina nuen. Ordutik aurrera, babestuta sentitu naiz; segurtasuna eman didate. Ia guztiekin euskaraz egin ahal izan dut; kalitate asistentziala mundiala izan da”, esan du Axun Totorikaguenak. “Niri babes handia eman didate; horregatik eman nahi diet nik ere babesa. Pena ematen dit sare publikoko horrelako erreferentziazko zentro bat galtzeak. Niretzat hori galera handi bat litzateke. Sare publikoak behar du”. Onkologikoko pazienteen batzordeko ahotsa da Totorikaguena, eta babesa adieraziko die bihar langileei, beste zenbait kiderekin batera. Gipuzkoako Hitza harekin eta Onkologikoko langileen batzordeko lau kiderekin eta langileen ordezkari batekin bildu da —ez dute izenik eman nahi izan—, eta mezu argia jaso du: Onkologikoari bizirik eustearen beharra.
Langileen salaketa ez da berria. Hilabeteak daramatzate agerraldiak eta mobilizazioak egiten, aldarriak publikoki adierazten. Gipuzkoako Hitza-rekin bildutako langileek batzordearen eta ordezkatzen dituzten beharginen izenean egin dute hitz, eta, haien esanetan, ospitalea “galbidean” dago.
Eusko Jaurlaritzak Kutxa fundazioarekin 2018ko abenduan sinatutako lotura hitzarmena dute etengabe ahoan; izan ere, hitzarmen horretan aurreikusi zuten hiru urteko epean Onkologikoa osasun sare publikoari lotutako zentro bilakatzea. Eskainitako zerbitzuen %80 baino gehiago osasun sektore publikotik heldutako pazienteentzat izaten ziren orduan ere, baina ospitaleak titulartasun pribatua zuen, eta oraindik ere badu. Kutxa fundazioaren barruan eraiki zuten, eta egun Onkologikoa fundazioak du zuzendaritza. Baina sare publikora lotze horretan, salatu dute ez dituztela ospitalearen baliabideak optimizatzen; are gehiago, zenbait zerbitzu desagertzen ari direla.
Laborategiak eta anatomia patologikoa kendu zituzten hasieran, eta oheak erdira jaitsi ziren, horien lekuetan kontsultak egiteari ekin baitzioten; horiek izan ziren langileen lehen salaketak. Orain, Onkologikoko atean ageri den afixak ematen du azkenengo aldaketaren berri: Bularreko unitatearen itxierarik ez!. “Bularreko eta ginekologiako unitatea kendu nahi dituzte, horrek ekarriko duenarekin: ebakuntza gelak, tratamenduak, diagnostikoak…, dena kentzea”, dio kide batek. “Gutxika-gutxika egiten ari diren prozesua da, eta, horregatik, langileoi ere ez zaigu iruditzen aldaketa nabarmena denik, baina azkenean desitxuratu egiten da dena”, erantzun dio beste batek.
Langile batzordeko kideek diote egoerak horrela jarraituko duela, eta ospitaleak etorkizunean ez duela aukerarik izango arestian izandakoa berriz izateko: “Hau ez da inoiz gehiago izango orain arte izan dena; akabo ospitale monografiko bat izatea, akabo paziente bati hasieratik bukaerara arte eskaintzea arta. Azkenean, anbulatorio bat izango da, besterik ez”.
‘Onkologikoa estiloa’
Langileek aipatzen duten ospitale monografikoarekin eta Totorikaguena pazienteak nabarmendutako azkartasun eta segurtasunarekin du zerikusia Onkologikoa estiloa-k. Totorikaguenak aipatutako segurtasun sentimendua dute langileek ere: “Onkologikoan etxe txiki bat izan gara, eta, gaixoa datorrenean eta enpatiarekin artatzen denean, gertutasuna sortzen da”. Baina, bestetik, metodologia aldetik ere ospitalean berezitasunik izan dela diote. Langileek azaldu dute minbiziaren kasuan azkartasuna “ezinbestekoa” dela, garaiz egindako diagnostiko batek gaixoaren egoera errotik alda dezakeelako.
Horregatik, Onkologikoko epeak laburragoak ziren. “Lehen, kontsulta bakarrean egiten genituen froga diagnostikoa, emaitza, emaitzen irakurketa, txosten medikuaren idazketa eta neurri terapeutikoaren zehaztapena. Minbiziak azkartasuna behar du, ahalik eta azkarren hartu behar da”. Orain hori aldatu egin dela diote langileek, egun bakarrean egiten zutenak astebeteko epea behar izaten duela sarri; zenbait pazientek astean lau joan-etorri egin behar izaten dituzte. “Eta imajinatu Arrasatetik edo Bergaratik Donostiara etorri behar duen pazientearen kasua: ordubete joan, eta ordubete etorri”. Beharginek uste dute horrek zerbitzuaren kalitatea galtzea ekarri duela.
Horren arrazoiaz galdetzean, berriz, sorbaldak altxatzen dituzte; ez dakitela, alegia. “Osakidetzan horrela egiten delako”, horixe da jaso izan duten erantzuna. Lotura akordioaren ondorioz, erabaki horiek hartzeko eskumena Osakidetzaren esku geratu da, eta iritzi diote horrek “autonomiarik gabe” utzi dituela.
Badute bestelako susmorik, ordea. Erabakiek”interes ekonomikoak” izan ditzaketela diote; osasungintza pribatua indartzea, esaterako. “Hemendik bularreko minbiziko unitatea kenduz gero, paziente kopuru hori Donostia Ospitalera joango da, baina nork hartuko du horren ardura? Esan nahi du itxaron zerrendak luzatu egingo direla”. Eta horrek, minbiziak eskatzen duen “azkartasun” hori kontuan hartuta, zenbait pazientek osasungintza pribatura jotzea ekarriko duela diote. “Susmoa dugu kontsulta medikuak atzeratzen dituztela, pazienteak pribatura joateko. Gainera, badakigu Osakidetzako zerbitzuburu askok osasungintza pribatuan egiten dutela lan”. Dena den, guztia da espekulazioa langile batzordearen barruan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin duten harremana minimoa dela baitiote, eta ez dutela Onkologikoarekin egin nahi dutenaren berri. Gipuzkoako Hitza-k ere ez du lortu Osasun Sailaren adierazpenik jasotzerik.
Hala ere, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak berriki hitz egin du Onkologikoaren aferaren inguruan. El Diario Vasco-k bildu zituen adierazpenok, eta Sagarduik langileen salaketak ukatu zituen. Esan zuen “ezustekoa” izan zela, eta langileek salatutakoaren aurkakoa egiten ari direla: “Onkologikoa inoiz baino paziente gehiago jasotzen ari da; azeleragailu berri bat jarri dugu martxan, eta obrak egiten ari gara kanpo kontsultak hobetzeko”. Are gehiago, adierazi zuen Donostiako zentroa osasun sistema publikoan integratzeko “beste pauso bat” ematen ari direla.
Langileek ukatu egin dituzte sailburuaren hitzak, Onkologikoan pazienteen kopuruak behera egin duela diote, ez alderantziz; eta azeleragailu berririk ez dutela jaso, lehendik zuten zaharra konpontzeari baino ez diotela ekin.
Langileen afera
Salaketa horiekin batera, aldarrikapen argi bat dute langileek: ospitaleko langileak ere osasun sare publikoko parte bilakatzea. “Hasieratik esan dute integrazio funtzionala, asistentziala eta praktika klinikokoa dela. Baina ahaztu zaie esatea integrazio organikoa eta estrukturala falta direla: langileak eta eraikina, alegia”. Onkologikoak eskaintzen dituen zerbitzuak ia bere osotasunean osasun sare publikokoak badira ere, eraikina eta ia 300 langile Kutxarenak dira; horiek ez dituzte integratu sare publikoan. Ospitalera sartzen diren langile berri gehienak Osakidetzako zerrendetatik heltzen badira ere, oraindik ugariak dira titulartasun publikoa ez daukaten langileak. Eta horrek beren egoeran eragina duela diote, “zokoratuta” daudela: “Ez dugu zerbitzuburu izateko aukerarik, esaterako. Ez ditugu Osakidetzako langileen baldintza berak”.
Horren harira, Sagarduik adierazi zuen langileek fundazioaren parte izaten jarraituko dutela, ez direla funtzionario bihurtuko, horretarako “sarbide mekanismo jakinak” baitaude: oposizioak, alegia. Langileak, ordea, ez datoz bat Osasun sailburuaren hitzekin; beste zenbait integrazio kasutan gertatu den bezala, beharginak pertsona laboral izendatzea posible dela diote, automatikoki langile publiko bihurt.
Oraingoz, ez dute argi langileekin zer gertatuko den. Uste dute egun dauden fundazioko beharginak erretiratzeko zain daudela. “20-30 urtean Onkologikoko langileak desagertuko dira”. Hitzeman dute bitartean, aldarriak bete artean behintzat, mobilizazioekin jarraituko dutela. “Gizarteak hau jakin behar du”.
Leave a Reply