Maria Ortega Zubiate
Virginia Beitia
Kioskoaren ateak berriz ireki orduko, herritar mordoa hurbildu zaio Virginia Beitiari. “Zer, Virgi, berriz ireki behar duzu, ala?”, galdetzen diote. Ezetz erantzuten die, bisitan baino ez dagoela, jada erretiratuta baitago. Erretiroa baino gehiago, atsedena hartu zuen Beitiak duela hiru hilabete, 64 urterekin, erretiroa hartzeko “urte parea” falta baitzaio oraindik.
Beitia 48 urtez aritu da Virginitaren kioskoan, Mutrikun. Jendearen berotasuna sentitu du, egungo kioskoa dagoen Eulogio Ulazia plaza bere produktuak erosteko zain zegoen jendez betetzen zenean. “Jendeak beti tratatu izan nau ondo, umeek ere ondo hartu naute beti”. Hain zuzen ere, herriko gazteenetako zenbaitek, kioskoa itxi eta oporretara alde egin zuenean, mezu bat idatzi zioten kioskoan bertan. “Alkateak bidali zidan argazkia: ‘Faltan botatzen zaitugu’, jartzen zuen. Ume askok esaten zidaten berriz irekitzeko, eta sekulako ilusioa egiten zidan”.
Ohiko kioskoen aurkako bidea egin du Beitiarenak. Haren amak hasi eta gero berak hartutako txokoan, gozokiak ziren lehen salgaiak, eta gerora batu zitzaizkien egunkariak. Horrek negozioa indartsu mantentzen lagundu duela dio: “Gero eta jende gutxiagok erosten du egunkaria, eta erosten dutenak adinekoak dira; gazteek ez dute egunkaririk erosten”.
Iritzi bera du Nagore Lanberrik ere, eta, hain zuzen ere, horrek eraman du urtebete eta erdiz lantoki izan duen Hernaniko Konde kioskoa ixtera. Beitiak berak erakutsi zion lanbidea, elkar ezagutzen baitute, eta haren antzeko bidea egiteko prest zegoen Lanberri. Baina pandemiak goitik behera eragin dio, eta egoera ekonomikoak bultzatuta erabaki du lanbidea uztea. Lan “gogorra” dela esan du Lanberrik, “ordu asko” direlako “komunik ere ez duen” lantoki batean: “Hotz egiten duenean, hotz; bero egiten duenean, bero; Euria, haizea… dena jasan behar duzu”. Etsita utzi zuen lana. Baina momentu gogorrak izanda ere, uste du inoiz izan duen lanik dibertigarriena izan dela. “Oso lan dinamikoa da. Bezeroak datoz, eta azkar mugitzen dira; inoiz ez dakizu noiz etorriko den hurrengoa. Gainera, kalean zaude, jendearekin harremanetan zaude, gertatzen den gauza ororen berri izaten duzu”. Zapore gazi-gozoa utzi dio, beraz, lanbideak.
Ez, ordea, Beitiari. Pozik kontatu ditu kioskoa zabalik zegoeneko istorioak, eta pozik itxi zituen, era berean, azken aldiz ateak. Agur beroa egin zioten herrian: “Azken egunean bezeroak urdaiazpikoarekin etorri zitzaizkidan kioskora. Ume batzuek bonboi kaxa bat ere eman zidaten!”.
Baina herriaren erantzunak soilik ez, Virginitaren kioskoa ez dela desagertuko jakiteak ere pozten du. Izan ere, enkantea egin du Mutrikuko Udalak, eta kioskoak maizter berriak izango ditu hilabete honetan bertan. Bidea errazten lagunduko die Beitiak.
Tania Buezas
Virginitaren kioskoa-ren lekukoa hartzeko zorian, Tania Buezas “urduri” dago, horixe dio. Miguel Angel Perez Molina mutil lagunak eta biek eman dute pausoa, eta aurrerantzean, haiek izango dute mutrikuarrei prentsa eta goxokiak saltzeko ardura. Oraindik ez dituzte eskura kioskoko giltzak, baina “lehenbailehen” sartu nahi dute: “Urri bukaerarako kioskoan egotea da gure asmoa”, dio Buezasek.
30 urte beteta, Buezasek bizi osoan ezagutu du kioskoa Mutrikun. Virginia Beitia aurreko langileak ateak itxi zituenean, herrian eragina izan zuela dio. “Bizitza osoan egon da kiosko hau; sekulako hutsunea da itxita egotea”. Horrek pena eman zion, baina umeek aurreko jabeari jarri zioten papertxoa ‘Faltan botatzen zaitugu’ jartzen zuena ikusitakoan are handiagoa izan zen bere nahigabea:”Sekulako pena eman zidan”.
Horregatik, kioskoan lan egiteko aukera zegoela jakin zuenean, bikotekideak eta biek horri eustea erabaki zuten. Baina Buezasek eta Perezek Mutrikuko kioskora heltzeko egin beharreko bidea ez da laburra izan. Kioskoa itxi zutenean, Mutrikuko Udalak enkantea egin zuen beste norbaitek har zezan, baina ez zen inor aurkeztu. “Guk ez genuen ezer entzun; ez genekien kioskoa udalarena zenik ere. Udalera jo genuen, interesa azaldu genien, eta esan ziguten berriz ireki beharko zutela enkantea, gu bezala eskaintzaren berri izan ez zuen beste inor balego ere”, kontatu du Buezasek.
Baina beste inor aurkeztu ez, eta beren hautagaitzak irabazi zuen. Hala ere, aurkeztutako bakarrak izanagatik ere, epaimahaiak haien proiektuaren kalitatea goraipatu zuela dio Buezasek. “Oso ondo zegoela esan ziguten, sekulako ilusioa genuela nabaritzen zela”.
Kioskoa zabaltzeko prestaketa lanetan ari dira orain. Izkinetan eta toldoan bertan duen izena, Virginita, mantendu egingo dutela erabaki dute: “Hau bizi osoan izan da Virginitaren kioskoa, eta horrela izango da aurrerantzean ere. Ez du inolako zentzurik aldatzeak”. Izango dituzten salgaiak ere lehengo berak izango dira ia gehienak. Beitiaren laguntza izan dute, banatzaile guztiekin jarri baititu harremanetan.
Baita egunkarienekin ere. Mutrikuko Udalak baldintza bat jarri zuen kioskoa enkantean jarri zuenean: egunkariak ere saldu beharko zituztela. Prentsaren salmenten beherakadaz galdetzean, Buezasek dio horrek ez duela kezkatzen: “Saltzen ez ditugunak bueltatu, eta kito, hor ez dugu galerarik izango”. Prentsarekin aterako ez duten dirua gozokiekin lortuko dutela uste du, “apurka-apurka” hasiko badira ere.
Aukera bat emango diote kioskoari. “Negozio hau martxan jartzeko ilusioa dugu, eta hori da garrantzitsuena”. Saiatuko dira, eta, lortu ezean, atzera bueltarik baduela badakite. Beraz, ilusioa eta poztasuna, horiexek dituzte biek ala biek.
Eusebio Martinez
Kiosko klasikoen itxura du Zurrumurruk, Donostiako Bretxa merkataritza gunean dagoen kioskoak. Euskarazkoak, gaztelerazkoak eta frantsesezkoak dira hango erakusleihoan dauden egunkariak; kolore deigarriz, eta zuri-beltzean, kazetaritzaren ertz guztietako aleak dituzte bertan. Baina egungoak, duela 21 urtekoekin alderatuz, “ia huskeria” dira; horixe dio Eusebio Martinez Bastarrika kioskoaren jabeak.
Bi hamarkada pasatxo daramatza jendeari zer irakurria ematen, eta jendearen irakurketa ohiturak nabarmen aldatu direla dio. “Gu hasi ginenean, egun saltzen ditugun egunkariak halako bi edo gehiago saltzen genituen. Orokorra da hori: leku guztietan ari da gertatzen gauza bera”. Horren arrazoi nagusia digitalizazioa dela esan du. “Digitalizazioak kalte handia egin dio papereko prentsari, jendea sakelako edo tableta bitartez informatzen baita. Gutxika-gutxika izan da, baina sekulako jaitsiera izan da salmentetan”. Gaur egun, bezero gehienak “edadetuak” izaten direla kontatu du, gazteek ez dutela prentsarik erosten, eta jende nagusia hiltzen joan ahala salmenta horiek galtzen dituztela. “Jende nagusiak bakarrik erosten du. Baina desagertzen doazen heinean, saltzeari uzten diozu. Guk, esaterako, salmenta asko galdu ditugu, gure auzoan jende nagusi mordoa dagoelako; eta hiltzen direnean, beren seme-alabek ez dute gehiago erosten”.
Horri kioskoaren kokapena gehitu behar zaiola dio. Izan ere, azaldu du Bretxako obrek jende asko urrunarazi dutela, berritze lanetan ari ziren bitartean inor gutxi hurbildu baitzaie. Hori guztia gutxi ez, eta pandemiak ere kalte egin die. Izurriak eztanda egin zuenetik, jendeak kontsumitzeko joerak aldatu egin dituela azaldu du.
Egoera kontuan hartuta, Martinez eta haren lankidea “egoera hobetzen” saiatu dira, kioskoan produktu berriak sartzen, betiere kioskoaren izaera alde batera utzi gabe. Izan ere, haren iritziz, “kioskoaren bihotza” prentsa da, aldizkariak; “baina gero eta gutxiago daude horiek ere”. Liburuak eta paper dendatako materiala saltzen ere hasi dira. Horrek “kolpea leuntzen” laguntzen diela esan du, baina irabazi handirik izan gabe: “Jada ez gara helduko lehengo salmentetara: mantentzea lortuko dugu asko jota”.
Kioskoko lana, berez, “lan gogorra” dela adierazi du Martinezek, “ordu asko” eman behar direla lanean, eta egutegi aldetik ere “eskasa” dela; asteburuak jai hartzea “pentsaezina” dela dio. Azaldu du egungo sektorearen “krisiak” are okerrago bilakatu duela lanbidea, oporretarako aukerak murritzagoak direlako. “Kioskoan ez duzu inoiz deskantsatzen. Gainera, sektorea sekulako krisian dagoenez, ezin dugu jende gehiago kontratatu, eta, horrela, ordu gehiagoz lanik ez egiteko aukera izan”.
Martinezek zaila ikusten du etorkizunean egoerak hobera egitea. 61 urterekin, erretiroa kioskoan hartuko duela ziurtzat jotzen du, baina ez daki beren lankideak horretarako aukerarik izango duen, gazteagoa baita. “Hedabideen esku dago sektorea biziberritzea; ez badute produktu erakargarririk egiten, ez badute gaitasunik hedabide digitalei aurka egiteko, akabo. Nik uste dut desagertzear dagoela kioskoetako saltzaileen lanbidea, guk ezagutu dugun bezala behintzat”.
Leave a Reply