Maria Ortega Zubiate
Espazio publikoa bereganatzeko aldarria ezaguna da mugimendu feministaren barruan. Kaleak izan ditu agertoki sarri. Baina “gune seguruak” ere badaude aldarrikapen horien artean, eta emakumeen etxe forma hartu dute azkenaldian. Babeserako, saretzeko. “Konspiratzeko” ere izan daitezkeela diote bertako kideek. Emakumeen etxeak goraldian daude Gipuzkoan; borroka feminista ahalduntzeko bidean, “espazio propioa” izatearen garrantzia nabarmendu dute haien dinamizatzaileek eta berdintasun zinegotziek. Horren adibide dira ireki berri dituzten Elgoibarko Lila Emakumeen Etxea, Zumaiako Emakumeen* Etxea eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista. Etxe horiek “aldarrikapen historikoa” izan dira herri batzuetan, eta oraindik ere halako gune baten eske ari dira zenbait tokitan. Donostian, adibidez, manifestazioa egingo dute bihar, emakumeen etxe handiago bat eskatzeko.
Itsaso Lekuona Hernaniko Berdintasun zinegotziaren esanetan, Hernanin, Herriko Berdintasun Kontseiluak —mugimendu feministan aritutako norbanakoek osatua— egin dio eskaera udalari. Etxearen hausnarketa prozesuan, borroka feministaz gain, antirrazista ere batu zaie etxearen oinarriei. Horren garrantzia azaldu du Lekuonak: “Borroka antirrazista eta feminista hemen elkartzeak ateak zabaltzen dizkio gaur egun feminismoak esku artean duen eztabaidetako bati: feminismoan nola txertatu ikuspegi dekoloniala, antirrazista, jatorri desberdinetako emakumeen arteko aliantzen lanketa… Uste dugu oso momentu egokian datorrela gune hau, galdera horiei erantzuna ematen saiatzeko”.
Hori horrela, plaza horretan izango dute egoitza mugimendu feministako eta antirrazistako eragileek. Honako hauek egongo dira: alde batetik, herriko eragile feministak eta udaleko Berdintasun Saila; eta, bestetik, Amher SOS Arrazakeria, udalaren Kulturartekotasun arloa, udaleko Lankidetza arloa eta lankidetza politiketan parte hartzen duen herritarren talde bat.
Hernaniko, Elgoibarko eta Zumaiako etxeetan herriko eragileek eta udalak antolatutako ikastaroak eta jarduerak izango dituzte. Zerbitzu iraunkorrak ere izango dira etxeotan, jabetze eskolak, esaterako; hau da, emakumeen ahalduntzea helburu duten ikastaroak. Aholkularitza juridikoko zerbitzuak ere badituzte hiru etxeek. “Emakumeenganako diskriminazio eta indarkeria egoerak izan daitezkeen kasuen aurrean emakumeei babesa nola eman erakusten dute hemen, indarkeria matxista kasu batean edo banaketa prozesu batean izan daitezkeen gorabeherak edo indarkeria egoerak bideratzeko”, azaldu du Jone Arrazola Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministako koordinatzaileak. Beste biek ez bezala, Hernaniko etxeak sexu aholkularitza eta psikologoen laguntza ere eskaintzen ditu.
Sexu eta bikote aholkularitzaren zerbitzuan sexu harremanen inguruan sor daitezkeen zalantzak landuko dituzte. Gainera, psikologoek osatutako taldeak ere izango dituzte Hernanin. “Emakumeen elkar zaintzarako taldeak ditugu; psikologo batek bideratzen ditu, talde terapia modura. Hara jo dezakete indarkeria sufritzen ari diren edo sufritu duten emakumeek”, dio Arrazolak. Eta, azkenik, dokumentazio gunea ere sortu dute: “Gune erreferentzial bat izan nahi du bere bi arloetan, eta garrantzitsua ikusten genuen liburuak egotea, gai hauekiko interesa duen edonork baliabide horiek eskura izateko”.
Kudeaketa eredua
Prozesu baten ondorio izan dira emakumeen etxeak, bakoitza bere erara. Baina gauza komun ugari dituzte. Urte luzez herriko mugimendu feministaren eskarietako bat izan da gune hori lortzea, eta udalarekin elkarlanean eratu dituzte hiru proiektuak. Hernanin, udalak darama kudeaketa, baina besteetan ertz gehiago ditu administrazio publikoarekin duten harremanak.
Elgoibarren, esaterako, Emakumeen Kontseiluak —guraso elkarteetako ordezkariek, emakumeen elkarteetako ordezkariek eta norbanakoek osatzen dute, eta baita udaleko ordezkariek ere eraman zuen udalera etxea egiteko proposamena, eta udalak parte hartze prozesu bat jarri zuen martxan. Prozesu horretan, garrantzi handia izan zuen kudeaketa ereduari buruzko eztabaidak. “Eredu asko daude, baina gure inguruan ikusi dugu gehienek eredu misto bat dutela: mahai bat osatzen da, udalak ere parte hartzen du, eta elkarteetako ordezkariak daude. Azken horiek dute pisurik handiena mahaian. Horixe da gure eredua”, azaldu du Maialen Gurrutxaga Elgoibarko Udaleko Berdintasun zinegotziak.
Zumaian ere Emakumeen* Etxea martxan jartzeko bilera irekiak egiten hasi zirenetik jarri zuten mahai gainean kudeaketa ereduaren eztabaida, eta erabaki zuten udalaren eta asanbladaren artean kudeatuko zutela. “Gurea kogestioan oinarrituta dago”, hasi du azalpena Vanessa Arbelaitz lehendakariak: “Elkarren arteko kudeaketan. Bilera ireki horietan argi gelditu zen hori. Guretzat berebiziko garrantzia zuen autonomia izateak”. Arbelaitzen hitzetan, “argi” dago erakundeek “beren ardura eta garrantzia” dutela. “Baina norbanakook ere bai. Guk hitzarmena dugu udalarekin, baina badugu gure funtzionamendua, gure arautegia, gure dinamizatzaileak kontratatu ditugu…”. Hori horrela izanik, udalarekin harreman zuzena badute ere, etxeko kideek badute zeresana etxearen erabakietan, eta horretarako antolatu dute asanblada: “Asanblada da organo gorena, han hartzen ditugu erabakiak; guretzat oinarrizkoa da hori”.
Gizonen parte hartzea
Halako proiektuetan beste eztabaida bat ere agertzen da askotan: gizonek parte hartzea baimenduta duten edo ez, eta, baimenduta badute, zenbaterainokoa izan behar duen parte hartzeak. Horretan ere Hernanik badu besteek ez duten ezaugarri bat; kulturarteko plaza ere badenez, “edozein herritarri” zabaldu dizkiote ateak. Hala ere, azaldu dute zenbait zerbitzu ez-mistoak direla: jabetze eskolak, esaterako. Eta, ekitaldi mistoetan ere, segurtasuna da lehentasuna. “Emakumeentzako leku seguru bat izatea da gure lehentasuna, eta, gai horiek landu nahi dituen edozein herritarri irekia dagoen arren, egoeraren batean ikusiko bagenu ez dela gune seguru bat, hori kudeatu beharko genuke”, esan du Lekuonak.
Feminismoa ardatz hartu duten beste bi etxeei dagokienez, antzekoa da egoera. Elgoibarren, “emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde borroka egiteko prest dagoen orok” izango du sarbidea, baina ñabardura batekin: “Gune eta tailer asko emakumeak soilik egoteko izango dira, ahalduntzeko eta jabetze hori izateko; baina uste dugu gizartean benetako berdintasuna lortuko bada gizonek ere parte hartu behar dutela”, dio Gurrutxagak.
Zumaian, berriz, gai hori eztabaidatzen ari da asanblada, iritzi ezberdinak plazaratu baitituzte herritarrek. Arbelaitzen ahotan, ordea, badute arau orokor bat: “Argi dago gune propio bat aldarrikatu behar dugula, baina gizarte batean gaude, eta, horretan eragin nahi badugu, elkarrekin eragin beharko dugu”. “Herriari begirako ekintzak” ere egongo direla azpimarratu du Arbelaitzek. “Eta, nola ez, pertsona ez binarioak eta LGTBIQ+ identitateek ere izango dute beren tokia”. Hala ere, ekintza gehienak emakumeei zuzenduta daude. “Argi baitago emakumeak duela protagonismoa, berak ahaldundu behar duela. Beharbada gizonek galdu behar dute botere hori”.
Leave a Reply