250. urteurrena ospatzen hasita

Probidentziako Ahizpen kongregazioak 250 urte bete ditu aurten, eta, urteurren biribil hori gogora ekarri eta ospatzeko helburuarekin, 2012an jubileu urtea edo urte santua ospatuko dute. Egoitzetako bat Idiazabalen du kongregazioak. Bertan, urtarrilaren 14tik ari dira jubileu urtea ospatzen. Jose Inazio Munilla Donostiako gotzainak meza eman zuen parrokian, eta, ondoren, hamaiketakoa egin zuten herriko guraso elkartean. “Hainbat herritarrek prestatu zuten mokadua, haien borondate ona erakutsiz, eta jende asko joan zen hamaiketakoa egitera. Gustura geratu ginen jasotako erantzunarekin”, dio mojetako batek.

Probidentziako Ahizpak 1903an iritsi ziren Hego Euskal Herrira. 1964. urtetik Probidentzia kanonikoa osatzen dute, eta haren egoitza nagusia Idiazabalen dago. Gipuzkoan, beste lau egoitza ere badituzte: hiru Donostian, eta bat Tolosan. Bizkaian eta Nafarroan ere egoitza bana dute, eta bi Araban.

Probidentzia Familia zazpi kongregaziok osatzen dute, eta haren fundatzailea Juan Martin Moye apaiza (Lorrena, Frantzia, 1730) izan zen. Moye parrokiako misioak predikatzen aritzen zen, eta Lorrenako hainbat herrixkatako baztertutako haurrek eta gazteek, batez ere neskek, heziketa premia zutela ohartu zen. Zortzi urte errezatzen eta gogoeta egiten igaro ondoren, 1762ko urtarrilaren 14an sortu zuen lehendabiziko eskola, haurrei fedean oinarritutako heziketa emateko zein adinekoak, gaixoak eta hil zorian zeudenak artatzeko helburuarekin. Modu horretan jaio zen Probidentziako Ahizpen kongregazioa. Lehendabiziko ahizpa Margarita Lecomte izan zen.

Frantzian hezkuntza erlijiosoa debekatu zutenean, munduan zehar zabaldu ziren, batez ere, Europako beste hainbat herrialdetan, Hego Amerikan eta Afrikan. Hainbat misio jarri zituzten abian, hezkuntza eta gaixoen zaintza ardatz hartuta, eta horietako batzuek indarrean jarraitzen dute egun, zenbait tokitan mojen esku utzi badituzte ere: Bolivian, Brasilen, Indian, Beninen…

Euskal Herriko zenbait herri igaro ondoren iritsi ziren Probidentziako Ahizpak Idiazabalera, 1942an, eta 1944an eraiki zuten egungo egoitza. Antza, 1941eko apirilean lau mojak Idiazabalen bizitako esperientziak zerikusia izan zuen ondoren hartutako erabakian. Bueno medikua Probidentziako zenbait ahizparekin lan egindakoa zen, eta Idiazabalgo bere erietxerako zenbait moja eskatu zituen urte hartan. Buruko gaixoen erietxea Idiazabalgo Torre etxean zuen Buenok, eta lau moja joan ziren Idiazabalera bertan lan egitera.

Hilabete soilik igaro zuten Idiazabalen, baina denbora horretan herria ezagutzeko aukera izan zuten, eta “esperientzia bikaina” izan zen haientzat. 1942ra arte, ordea, ez zuten bestelako harremanik izan ez herriarekin ezta herritarrekin ere.

Bigarren Mundu Gerrak eta alemaniarrak Frantziako hegoaldera iritsi izanak Espainiaren eta Frantziaren arteko harremanak galarazi zituen. Probidentziako Ahizpak kongregazioa Frantzian jaio zenez, herrialde hartara joan nahi izaten zuten formatzera, baina egoera hartan ezinezkoa zen mojagaientzako pasaportea eskuratzea. Frantziara ezin zuten joan, beraz, eta formatzeko beste leku bat nahi zuten. Neska gazteak beste kongregazio batzuetara joaten zirela ikusten zuten arduradunek, haietan sartzeko denbora gutxiago itxaron behar izaten baitzuten. Egoera horri konponbidea bilatu nahian, une hartan ama nagusia zenak, Idiazabalen nobiziatua jartzeko eskaria egin zien Erromako arduradunei. 1942. urtean eman zioten eskatutakoa.

Arraizene etxea alokatu zuten, jada altzariz hornitua, eta mojagaiak hartzeko egokitu zuten. Berehala iritsi ziren sei neska gazte. Donostiatik bat, eta Goierriko Gaintzatik beste bat. Espainiarrak ziren gainerako laurak: Palentziakoak bi, eta Burgoskoak beste bi.

Hasiera gogorra izan zuten. 36ko gerra bukatu berri zen, eta gauza asko falta zitzaizkien. “Errazionamenduaren garaia zen. Baliabide ekonomikoak hain ziren urriak, batzutan ordainketak egin ahal izateko soldata aurreratzeko eskatu behar izaten genuen”, azaldu du Idiazabalgo egoitzako mojetako batek. Dena den, Probidentziak aurrera egin zuen, eta gabezia handiak zituzten arren, gosea barne, gazte askok aukeratutako bideari eutsi zioten.

Lehendabiziko abitu hartzea

Sei gazte haiek 1943ko uztailaren 26an hartu zuten lehendabiziko aldiz abitua, eta 1944ko otsailaren 11n, beste lauk jantzi zuten abitua: Donostiako bi neskak, Arabako batek eta Palentziako (Espainia) beste batek.

Geroz eta neska gehiagok jotzen zuten bertara moja izateko asmoz. Espazioa txiki geratu zitzaien, ordea, eta, arduradunen ustez, mojagaiek heziketa egokia jaso zezaten “beharrezkoa” zen etxe handiago bat erostea. Aukera Idiazabalen bertan sortu zen: Zubialde etxea salgai zegoen, lorategi eta baratze eta guzti.

Frantziako zuzendaritzak etxea erosteko baimena eman zien, baina ez zien dirurik bidali, “garai hartan ez zegoen soberan eta”. Probidentziak aurkitu zuen konponbidea, ordea. Maria Teresa Ortizek lagundu zien eraikina ordaintzen. Ortiz Ama Timotheek hezi zuen, eta haren seme-alaben irakaslea ere izan zen Donostian. Hark egindako lana eskertu nahian eman zien diru laguntza. Hala, 1944ko abuztuaren 12an sinatu zuten erosketa akta, eta nobiziatuaren beharretara egokitu zuten. “Arduradunetako batek ez zuen galdu nahi horrelako gertaera garrantzitsua, eta Frantziatik mendiz pasatu zen etxearen inaugurazio ekitaldian parte hartzeko”, dio mojetako batek.

1945eko apirilaren 3an Sor Estanis Idiazabalera joan zen bizitzera, eta eskualdeko ama nagusi izendatu zuten. Handik aurrera, beharrizanen arabera joan ziren etxea hazten, gaur egun duen itxura hartu arte.

Idiazabalen, 34 moja

Idiazabalgo etxean une honetan 34 moja bizi dira. Gaixo dauden ahizpak eta edadean aurrera doazenak Idiazabalera edota Gasteizera joaten dira bizitzera, bertako egoitzak baitaude hobekien prestatuta. Idiazabalen bizi diren gehienak gipuzkoarrak dira, baina badaude Arabakoak, Nafarroakoak eta Bizkaikoak ere. Baita Espainiako baten bat ere.

Momentu honetan, egoitzan dauden moja gehienak erreti- ratuta daude, eta boluntario lanak egiten dituzte adineko pertsonekin, etorkinekin eta pastoraltzan. Haientzat, gainera, oso garrantzitsua da funtzio hori betetzea. Dena den, egunerokotasunean beste hainbat zeregin ere egin behar izaten dute, etxe probintziala baita Idiazabalgoa eta beste hainbat komentutan baino lan gehiago sortzen baita bertan.