Imanol Saiz
Gero eta gehiago dira errugbian aritzeko apustua egiten duten emakumeak. Oraindik ere kirol minoritarioa den arren —Hego Euskal Herrian bereziki—, talde ugari aurki daitezke; hori bai, gizonenak gehienak. Emakume talde gutxi daude, eta uste baino gehiago dira jokatzeko irrikan daudenak: hori berretsi du Txingudi errugbi taldeak azken urteetan.
Egoerari bira emateko “lehen urratsa” egitera dator klubak azaroaren 1erako antolatutako Emakumeen Errugbi Eguna. “Egun berezia” izango dela aurreratu dute sustatzaileek, eta interesa duen herritar orori egin diote gonbita Plaiaundira joateko.
Aspalditik dute bidasotarrek emakumeen talde bat osatzeko “nahia eta beharra”. Duela bost bat urte emakumeen talde bat zuen Txingudik, baina “harrobi faltaren eraginez” desagertu egin zela kontatu du Roberto Garcia Pachi-k. “Eskualdean eta inguruan emakume asko dira errugbian jokatu nahi dutenak, baina, tamalez, kanpora joan behar izan dute denek. Ez da soilik klubetik kanpora egiten dugun deialdi bat: kanpotik klubera iritsi den eskaera bat ere izan da”, azaldu du. Askok ihes egiteko hautua egin dute azken urteotan, eta egun bidasotar ugarik janzten dituzte Ordizia, Hernani edo Donostiako kluben elastikoak, etxetik gertu ez baitute izan aukerarik euren kirol kutunean aritzeko.
Azken urteotan kanpora joan diren jokalari horiek berreskuratzea izango da klubaren lehen asmoa, talde bat osatzeko. Gerora, “harrobi sendoa” osatu nahi dute, “txiki-txikitatik errugbian jokatzeko interesa duten neska guztiei aukera hori bermatzeko”. Etorkizuneko emakume talde hori osatzeko lehen urratsa izatea nahi dute azaroaren 1ekoa, lehen hazia. “Garai berri baten hasiera izan daiteke azaroaren 1ekoa; itxaropen hori dugu”.
Emakumeen Errugbi Egunerako askotariko jarduerak antolatu dituztela nabarmendu du Garciak. Ikastaroak egin eta partidak jokatuko dituzte, eta, nola ez, hirugarren denbora berezia prestatu dute. Sorpresak ere egongo direla aurreratu du klubeko kideak.
Denboraldi amaiera. Epe hori ezarri du klubak emakumeen taldea osatzeko. Iaz eman nahi izan zuten aurrerapausoa, baina pandemiak prozesua geldiarazi zuela kontatu du Garciak. “Aurten bai, uste dut denboraldi honetan lortuko dugula”, dio, itxaropentsu.
Bide batez, emakumeei ez ezik, herritar orori egin dio klubera joateko eta kirola probatzeko gonbita. “Probatzen duten guztiak geratzen dira; horrela pasatzen da beti, probatu eta berehala katigatzea da ohikoena. Familia giroa da nagusi, eta giro ederra dakar horrek. 26 urte pasatu ditut kirol honetan, eta beti horrela izan da”.
Argentinan hasi zuen ibilbidea Garciak, eta Euskal Herrian eman zion segida. Ordutik, kirolari lotuta egon da, etengabe. “Duela 25 urte, pentsaezina zen emakumeak errugbian ikustea, han behintzat [Argentinan]. Hona iritsi nintzenean, harrituta geratu nintzen, emakume askok jokatzen baitzuten, eta sekulako maila baitzegoen”. Euskal Herrian “harro egoteko moduko harrobia” dagoela uste du Garciak.
3 urteko semeak jada hasi du aitaren ibilbidea, eta emakume taldearen sorrera alaba jaioberriarentzat “itxaropen ate bat” dela dio, harro. ” Gustuko ez badu, ez, noski. Baina, hala bada, aukera hori behintzat izan dezala alabak ere, anaiak bezalaxe, denok merezi baitugu aukera berbera”.
Sexu eta genero kontuetatik harago, argentinarrak argi du “denentzako kirola” dela errugbia, dibertsitatea onartzen duen kirol bat baita, haren ustez. ” Ez du axola altua, baxua, gizena, meharra, azkarra, motela, ahula edo indartsua zaren; denetik behar da kirol honetan, eta denek dute txoko bat”.
Mitoak apurtuz
Aizpea Babace irundarra da emakumeen talde hori sortzeko borrokan aritu diren emakumeetako bat. Rugby Touch izeneko modalitatean aritzen da egun, baina, beste askorena bezalaxe, emakume talde bat osatzea da haren ametsa. “Oso kontaktu gutxi dago modalitate honetan, eta mistoa da, gainera. Zenbait herrialdetan baliatu dute neskak errugbira gerturatzeko”. Iaz sortu zuten taldetxoa, eta kontatu du neska ugari animatu direla kirol hori probatzera.
Klubaren apustua “zenbait rol eta mito hausteko” ere baliatu nahi du jokalariak, errugbia gizonen kirola ez dela aldarrikatzeko, alegia. “Zergatik ez emakumeak errugbian? Badirudi kontaktu kirola izanik gizonena izan behar duela, eta ez da hala. Emakume asko aritzen dira eskubaloian edo futbolean, eta kontaktua dago kirol horietan ere. Ideia horiek hautsi behar ditugu; gizonek bezalaxe jokatzeko gai gara”, erantsi du irundarrak.
Emakumeek, gainera, “gehiegizko esfortzu bat” egin behar dutela dio. Azaldu duenez, 14 urte bete arte talde mistoetan aritzen dira neskak. Baina, gehienak mutilak izanik, neskak talderik gabe geratzen dira gero, ez baitute izaten nahikoa jokalari. “Neskentzat frustrazio bat da hori. Une hori iristean, kanpora joatea erabakitzen duzu, edo kirola aldatu behar duzu; tamalez, ez dago besterik. Horri bira emateko prest gaude”.
Garciak bezalaxe, Babacek ere gaineratu du errugbia “oso kirol zintzoa” dela, bortizkeriatik “oso urrun” dagoela. Errugbiak asko ematen diola aitortu du, kiroletik harago “familia moduko bat” osatzen dutela denek. “Pentsa. Min handiagoa egin didate takoek, partidetan hartutako kolpeek baino. Kirol honek merezi du, zalantzarik gabe”.
Leave a Reply