Inprobisazioaren edo bat-batekotasunaren munduan “lehen pausoak” emateko, Jam Plin Plan! tailerren zikloa antolatu du Aretxabaletako Jaiki elkarteak. Helburua: “Jolastea, arte eta sormenaren bitartez talde partaidetza bultzatzea, garapen pertsonala zein taldekakoa sustatzea, barruko haurra ateratzea eta askotariko arloetako inprobisazio edo jam saioak egiteko taldea sortzea”.
Hala, “eskualde osoko artistak eta hain artista ez direnak batzeko”, apirilaren 21ean hasi eta ekainaren 2ra bitartean egiteko lau larunbatetarako ziklo bat osatu du Jaikik; edonorentzat da zikloa. “Printzipioz, tailerretan parte hartzeko, ez da eskarmenturik behar”, adierazi du Maier Etxebarriak, Jaiki elkarteko kideak (Aretxabaleta, 1976). Fisioterapeuta pediatrikoa eta psikomotrizista da Etxebarria.
Jam Plin Plan! proiektuko lau saioetan lehena pinturari eskainiko diote. Apirilaren 21ean izango da, eta Laia Bedos izango da irakaslea. Bertan teknika piktorikoekin esploratuko dute: “Gorputzaren eta jolasaren bidez, pentsatu gabe, banaka, bikoteka zein taldean”. Horretarako, neurri txiki zein erraldoiak baliatuko dituzte.
Maiatzaren 5ean izango da bigarren tailerra: Dantza Jam. Carla Fernandez irakaslearen gidaritzapean, ezagutzeko, gorputzarekin entzuteko eta bikotean zein taldean intuizioa lantzeko jolas eta dinamikak garatuko dituzte.
Astebete geroago, maiatzaren 12an, antzerkian arituko dira. Iurgi Etxebarriak gidatuko du tailerra. Norberaren helburuetatik abiatuta, nork bere irudimenaz gozatzeko aukera eman nahi dute saio horretan. Musika Jam izango da lau tailerretan azkena, ekainaren 2an, eta Aitor Zenarrutzabeitia izango da gidaria.
Saio guztiak larunbatetan egingo dituzte, 16:00etatik 19:30era, eta independenteak izango dira elkarren artean; alegia, pertsona bakoitzak interesatzen zaion horretan edo nahi dituenetan eman ahal izango du izena. Saio bakoitzagatik 15 euro ordaindu beharko dira. Lekuari dagokionez, pinturari loturiko tailerra Jaiki elkartearen lokalean izango da, Aretxabaletako Kuartel Zaharrean. Beste hirurak, berriz, Aretxabaletako Arkupe kultur etxeko dantza aretoan egiteko asmoa dute.
Lau tailer horiez gain, ordea, aurrera begirako asmorik ere badute Jaiki elkartean. “Tailer hauek egin eta gero, udazken aldean hasita edo, hilean behin diziplina anitzeko topaketak egitea da asmoa, inprobisazioko topaketak egitea, baina ordurako dinamizatzaile edo irakasle barik”, azaldu du Etxebarriak. Alegia, dinamika jarraikorragoa izatea da asmoa: “Talde iraunkor bat sortzea, baina parte hartze librearekin”.
Bide baten jarraipena
Orain antolatu duten zikloaz gain, Jaiki elkarteak azken urteotan beste hainbat ekintza ere antolatu ditu. “Duela hainbat urte egin genituen halako inprobisazio topaketa batzuk, baina apenas iragarri genituen, eta oso jende gutxi elkartu ginen”, gogoratu du Etxebarriak. “Baina oso saio politak izan ziren. Bakoitza arlo batetik zetorren eta oso aberasgarria izan zen”.
Harrezkero, beste zenbait ikastaro ere egin dituzte: “Munduko dantzak lantzeko ikastaroak, ahotsa lantzekoak, barruan daukagun haurra ateratzekoak, bakoitzaren esperientziak besteekin partekatzeko asteburuak…”.
Eta hori dena kalera ateratzeko ahalegina ere egin dute, Etxebarriak nabarmendu duenez. “Ikastaroen bidez ikasi duguna beti saiatu gara kalera ateratzen, eta ekitaldiak-eta egin izan ditugu”.
Horrez gain, familientzako tailerrak ere egiten dituzte, urritik apirilera, larunbatero. Irakasleak txandakatuz, guraso eta seme-alabak dantzan, margotzen eta jolasean jartzen dituzte larunbatetako saio horietan.
Izena emateko 943-53 43 96 telefonora deitu behar da, edo honako helbide elektronikora idatzi:
jaikielkartea@yahoo.es