Aldundiak 1.126 euro itzuliko ditu batez beste errenta aitorpeneko

391.000 errenta aitorpen bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen hilabeteetan. Ogasun Saileko buruzagiek aditzera eman dutenez, kasurik gehienetan zergadunek bueltan jasoko dute dirua; hain justu, aitorpenen 312.000 inguru negatiboak izango direla kalkulatu dute, eta batez beste bakoitzeko 1.126 euro itzuliko dituztela. Orotara 351 milioi euro bueltatuko dituztela azaldu dute. 79.000 zergadun inguruk, berriz, aitorpena egin ostean dirua bueltan eman beharko dute; batez beste 1.656 euro pagatu beharko dituzte aitorpen positibo bakoitzeko. Guztira, aitorpen horien ondorioz 131 milioi euro jasoko dituzte, diputazioko ogasun arduradunek iragarri dutenez.

Errentaren aitorpenak aurkezteko kanpaina, berez, hilaren 17an hasiko da, eta ekainaren 25a bitartean iraungo du. Diputazioa hasi da, hala ere, hainbat zergaduni errenta aitorpenaren proposamenak bidaltzen; 230.150 lagunek jasoko dituzte etxean errentako autolikidazio proposamenak eginda, eta apirilaren 11 eta maiatzaren 4ra arteko epea baliatu beharko dute ondoren, egoki baderitzote, proposamen horiei oniritzia emateko. Dena dela, eragozpenen bat badute, errenta aitorpena aurkezteko aukera izango dute.

Azken urte hauetan indartsu sustatu du aldundiak zergadunei errentako autolikidazio proposamenak etxera eginda bidaltzeko sistema. Aurten, zehazki, iaz baino 6.087 proposamen gehiago egin dira, eta aitorpen guztien %56 modu horretantxe bideratu ditu diputazioak. Nolanahi ere, aurreko urteetan etxean proposamena jaso zuten guztiek aurten ez dute jasoko; 37.062 zergaduni iaz bidali arren, aurten ez zaie iritsiko, haien likidazio zenbatekoa zehazteko orduan arazoak izan baititu aldundiak. Internet bidez egindako aitorpenak ere ugaritzen ari dira urtez urte: aurten 93.000 inguru era horretan egingo dira, Ogasun Saileko arduradunek egindako iragarpenen arabera. Hain zuzen ere, iaz baino 10.000 gehiago izango dira.

Datuak ematea

PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren inguruan Gipuzkoako Batzar Nagusiek berriki onartu dituzten aldaketek ez dute eraginik izango aurtengo errenta aitorpenak ebazteko orduan. Datorren urtean jarriko dituzte indarrean aldaketa horiek.

Aldundiak, errenta aitorpena egiteko prozedura baliatuz, Gipuzkoako herritarren datu errolda bat sortuko du. Diputazioko departamendu guztiek herritarrekiko harremanetan erabili ahal izateko datuak eskuratzea da xedea, era horretan erakundearen jarduna hobetzeko aukera izango dela argudiaturik. Tartean, administrazioarekiko komunikazio hizkuntza hobesteko aukera izango dute zergadunek; euskaraz edo gaztelaniaz ari nahi duten esatekoa, hain zuzen ere.