Ikerne Zarate
Protestan ari dira Errenteriako kiroldegietako langileak. Azaroko lehen ostiraletik pankarta hartu eta Herriko Plazan elkartzen ari dira, irtenbide bat eskatzeko. Apirilean amaitu zitzaion zerbitzua eskaintzeko kontzesioa BPXport enpresari, baina azken deialdian ez zen inor aurkeztu, eta ordutik nahitaezko luzapena egiten ari da enpresa, kiroldegietako zerbitzua bermatzeko; bederatzi hilabete beteko dira aurki. Urtarrilean gerta daitekeenaren zain egon gabe, zerbitzua utzi eta badoala esan die enpresak langileei, diru galera handia izaten ari dela argudiatuta. Bien bitartean, langileek ez dakite zer gertatuko den haiekin, eta protestaren bidea hautatu dute enpresaren eta udalaren arteko gatazka desblokeatzeko.
Ekhi Gomez de Segura BPXport enpresako langilea da Errenteriako kiroldegietako batean, LAB sindikatuko ordezkaria ere bada, eta langile batzordeko presidentea. “Ez dakigu zer gertatuko den langileokin, lanean jarraituko dugun edo kalera bidaliko gaituzten”. Gomez de Segurak dio enpresak gauza bat esaten diela eta udalak beste bat: “Tirabira horretan, batera eta bestera gabiltza langileak, ezjakintasun betean”. Nagusiki COVID-19ak eragindako galera ekonomikoa dago atzean. LABeko ordezkariak adierazi duenez, “judizializatuta” dago gaia. “Ebazpena heldu zain daude enpresa eta udala”.
Hirurogei langile kaltetuta
Galtzaraborda, Fanderia eta Kaputxinoetako kirol instalazioetako langileei eragiten die egoerak; hirurogei langile dira kaltetuak. “Udalarekin bildu gara, kirol zinegotziarekin zehazki, eta esan digu kalean ez garela geldituko”, zehaztu du LAB sindikatuko ordezkariak. “Baina hitzak baino ez dira; inork ezin du bermatu hori”.
Eskaera zehatzak dituzte langileek: lehena “eta garrantzitsuena” da euren etorkizunarekin zer gertatuko den argi azaltzea. Horrekin batera, Gipuzkoako hitzarmenik ez dagoenez, hori izan bitartean Errenteriarako itun bat eskatu dute: “KPIaren igoera atzerako eraginez egitea ere eskatzen dugu. Izan ere, 2012az geroztik soldatak izoztuak ditugu, eta, sindikatuen arabera, %7,8ko galera izan dugu langileok”. 2024ra arte, hiru urtez %3ko soldata igoera eskatu dute horren harira. Lanorduak murriztea da beste eskaera: 1.600 ordutik 1.595era.
CCOO sindikatuko ordezkaria da Carmen Ansotegi, eta Galtzarabordako kiroldegia zabaldu zutenetik da langilea han: “Enpresak hasieratik argi esan zigun galerak zituela, eta alde egitea zela asmoa, udalak galera horiek bere gain hartzen ez baditu, behintzat”.
Langilearen esanetan, “alarma guztiak” piztu ziren orduan. “Eta protestak hastea beste irtenbiderik ez dugu ikusi”. Langileen arteko batasuna “erabatekoa” dela ziurtatu du Ansotegik.
Langileek jarraituko dute
Errenteriako Udalak adierazi du ez duela inola ere aurreikusten udal kiroldegietako zerbitzua eten daitekeenik. “Aurreko kontratuaren luzapenarekin edo kontratu berri bat eginez, baina zerbitzuak aurrera egingo du, eta, beraz, langileek jarraituko dutela ez dago zalantzan”.
Galeren harira, pandemia aurretik kiroldegiak kudeatzen dituen enpresak 250.000 euroko kanona ordaintzen zion udalari, zerbitzua ateratzeko lehiatu zirenean proposamen hori egin zutelako. “Pandemiagatik baldintza ekonomikoak negoziatzeko premia mahaigaineratu zuten, eta horretan ari gara”, azaldu du. Epai irmorik ez dago, oraingoz, baina epaileak eskatutako perituaren txostenari erreparatu dio udalak: “Alarma egoeraren hiru hilabeteak kanon horretatik salbuestea nahikoa litzatekeela dio txostenak; 250.000 euro ordaindu beharrean, 178.000 euro ordaintzea. Argi dago sarrera gutxiago izan dituztela”.
Udalak jakinarazi du gaur egun “plegu berria lantzen” ari direla.
Leave a Reply