Azaroa ez da arazoa

Leire Narbaiza

Udazkeneko ordu aldaketaren ostean inguruko askok komentatu didate azaroa dela hilabeterik tristeena. Niri ere hala begitantzen zait: lehenago iluntzen du, tenperatura freskatu eta eguraldia gaiztotu. Urriko egun gozoak atzean geratu direla kontziente egiten gaitu, eta negua gurean maiatzera artekoa izan litekeela konturatu. Hilabete txarrena.

Udazken honetan euskara irakasteaz gain, eguraldiaren gaineko gomendioak ematea ere tokatu zait. Badakizue euskaltegian lanean jarduteak kontu zoro eta zoragarri askorako ematen duela. Aurten eguraldiak hartu ditu klaseak: hotzak, hain zuzen. Izoztuta daude ekainean eta irailean Euskal Herrira etorritako gure klaseko kubatarra eta perutarra. 12 gradutik jaitsita ez dela fresko dioste, hotza dela. Nik ezetz, handiagoak ere egiten dituela, urtean behin-edo elurra ere egin lezakeela. Begiak talo eginda adierazi dute beren egoneza. Azkenean, kamiseta termikoa eros dezatela aholkatu diet. Esan eta egin. Dagoeneko ez dute hotzik pasatzen. Ezin ukatu gurea zerbitzu publikoa ez denik!

Hotz dela, freskoa dela ibili gara. Hemen urte gehiago daramatzatenek gure klima era gordinean azaldu diete. Ez dakit Euskal Herrian ala Antartikan nagoen. Niri neuri ere kamiseta eta praka termikoak erosteko gogoa eragin dit, barren! Eta goretexezko gabardina! Nola liteke bizirautea klima horrekin? Mesedez! Esango nuke biek unetxo baten birplanteatu dutela hemen bizitzen segitzea, jasangaitza egingo zaielakoan. Ikaragarria da pertsona batzuk zein tremendistak diren, eta zenbat gustatzen zaien beste batzuk ikaratzea! Ni ere laga naute eguraldia bezala: triste eta ilun. Azaroko musua ez ezik, azaroko gorputzaldia eta umorea.

Egia esatera, ikasle bi horiek izaten ditut akorduan eguraldi iragarpena entzuten dudanean, eta koitaduek zenbat sufrituko duten egun horretan pentsatzen dut. Ikasleekiko ardura txarto ulertua, edo pertsonekin lan egitearen ondorio zuzena, ez dakit.

Azaroa azaro dabil: ospel eta goibel. Ni ere zertxobait kutsatu nau, nahiz eta ez didan eguraldiak beste batzuei beste eragiten. Azaroak ez dauka kontu onik, inguruko askoren eguna bada ere.

Aldarte hori neroan iluntze baten etxerako bidean, errekadu ez gogoko batzuk amaitu ostean, gaztain erreen usaina hartu nuenean airean. Gaztain saltzaileek jarri dituzte postuak, jakina! Eta badago usain ederragorik gaztain erreena baino udazkeneko iluntze hotzetan? Badago ezer iradokitzaileagorik? Suspergarriagorik? Ezezkoan nago. Egur errearenarekin batera, promesaz betetako usaina da: etxera iritsitakoan txoko epela izango dugula aditzera ematen digu, udazkenaren alderdirik desatseginena ere edari bero batekin konpon litekeelako iragarpena ere egiten digu. Konfort egoera lortuko dugula ziurtatzen digun usaina da.

Beraz, hori guztiori airean usainduta dozenatxo bat gaztain erre erosi nuen. Zatar-paperean batuta eman zizkidan saltzaileak, eta hamabi fruitu gozoak poltsikoan sartuta egin nuen etxerainoko bidea, eskua epel, irribarrea ahoan, betetasun moduko bat barruan eta soinean, patrikako kukurutxoak dozena bat zorion txiki neramatzalako. Azaroa ederra ere badela erakutsi zidan gaztain erreen usainak. Eguraldiak eguraldi, zapuztaileak zapuztaile: azaroa ez da arazoa!

Leave a Reply

Your email address will not be published.