Hautsaren arrasto nekezean

Hautsaren arrasto nekezean

Miren Garate

CAF enpresako langilea izan zen Celestino Tolosa irundarra; ezizenez, xarra. Soldatzailea zen. Aurrena, Irungo lantokian aritu zen; gero, Beasaingoan, eta berriz ere Irunen, 1973tik 1992ra bitartean. Urte hartan, lanerako ezintasuna aitortu zioten. Diagnosiak zioen biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa zuela. Denborak aurrera egin ahala, oxigeno artifizialaren beharra edukitzen hasi zen, eta, gerora, eguneko 24 orduak egiten zituen makinara konektatuta. 2006an, haren egoerak okerrera egin zuenez, biriketako transplante bat egin zioten Santanderko (Espainia) Valdecilla ospitalean. Handik bi urtera hil zen, gorputzak transplantea arbuiatu ostean, jakin gabe bere gaixotasunaren jatorria lanean arnastutako amiantoa izan zela.

Hauts dokumentalean bildu dute Tolosaren kasua Ekhiotz Mantzisidorrek, Omar Granak eta Iñaki Fernandezek. Testigantzetan oinarritutako dokumentala da, eta Tolosaren alaba Otsanda Tolosaren eta beste kaltetu eta aditu batzuen kontakizunekin osatu dute. Asteartean izango da estreinaldia, Bergarako Seminarixoan, 18:30ean.

“Beasaingo CAFen amiantoaz gaixotutako langileen kasuak ateratzen hasi ziren: asbestosiak, mesoteliomak… Lankide izandakoek esaten ziguten akaso aita ere amiantoagatik gaixotuko zela, eta zergatik ez ginen hasten begiratzen”, kontatu du Tolosaren alabak. Mediku agiri guztietan, ordea, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa zuela besterik ez zen ageri. Asviamie amiantoaren biktimen elkartearekin jarri ziren harremanetan, eta esan zieten frogak beharko zituztela aitaren gaixotasuna lanak eragindakoa zela aitortu ahal izateko.

Bilaketa horretan, Valdecilla ospitalera deitu zuen alabak, medikuren batek zerbait ikusi ote zuen jakin nahian. “Espezialistetako batek esan zidan aitak bere birikak zientziara bideratzeko eskatu zuela. Guk ez genekien”. Gordeak zituzten artean, eta, horri esker, laginak aztertzera eraman ahal izan zituzten laborategi batera, aita hil eta hamar urtera. “Baieztatu zuten zentimetro koadro bakoitzean amianto hauts kopuru izugarria zegoela, eta diagnosia aldatu egin zen: aitak asbestosia izan zuela zioen”. Tolosak nabarmendu du, frogak lortu arren, handik aurrerako prozesua “oso gogorra” izan dela.

Bide judizial malkartsua

Ertz asko ditu amiantoaren gaiak: kaltegarria zela jakin zenetik merkaturatzea debekatu zuten arte igarotako urteak, kaltetuentzako funts baten falta, amiantoa kentzeko prozesua zer baldintzatan egiten ari den… Alabaina, dokumentalaren zuzendariak esan du batik bat judizializazioari heldu nahi izan diotela lanean. “Dokumentalean ikusten da ustez amiantoarekin gaixotu zarenean edo senideren bat hil zaizunean zein zaila den kalte ordain bat edo laguntza bat lortzeko igaro beharreko prozesu judizial guztia”.

Beren kasua nolakoa izan zen kontatu du Otsanda Tolosak. Lehenik eta behin, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian jarri zuten CAFen aurkako salaketa. “Epaiketa oso gogorra izan zen: aita kriminalizatu zuten, erretzailea zelako, nahiz eta oso aspaldi izan erretzailea. Epaileak ez zituen onartu guk aurkeztutako frogak, eta galdu egin genuen”. Familiak helegitea jarri zuen EAEko Auzitegi Nagusian, eta irabazi egin zuten. Ondoren, CAFek jarri zuen helegitea, eta Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi zen kasua. Han ere familiari eman zioten arrazoia. “Onartu zuten aita CAFen lan egiteagatik gaixotu zela”.

Tolosak nabarmendu du birikak ez balira gordeta egon ez zutela halakorik frogatzerik lortuko, nahiz eta epaiketak egin zirenerako jakinekoa zen CAFen amiantoa erabili zela. Auzi hori irabazi ondoren, berriz jo zuten auzitara, aita beharrezko neurriekin ez babesteagatik enpresari kalte ordaina eskatzeko. “Orduan ere jarrera oso gogorra izan zuen CAFek. Prozesu osoan aita kriminalizatzen saiatu dira; bakoitzean helegitea aurkeztu dute, eta bukaeraraino iritsi behar izan dugu. Azkeneko epaiketan ere saiatu ziren ekonomikoki negoziatzen nirekin; ezetz esan nuen, eta irabazi egin genuen”.

Prozesu judizialak urteetan iraun du, eta, bide hori amaituta dagoen arren, Gizarte Segurantzak oraindik ez die ordaindu ordaindu beharrekoa. Tolosaren esanetan, amak eta biek indartsu ekin zioten aitak gaixotasun profesional bat izan zuela frogatzeko prozesuari, ez zutela “galtzeko ezer” pentsatuz. Baina asko “higatu” dituela nabarmendu du —iaz hil zen ama—.

Horregatik, “guztiz ulergarria” iruditzen zaio familia batzuek hasi ere ez egitea prozesua, edo, hasi ostean, uztea. “Aita ez dago jada; hari buruz ari zara epaiketan; sentimendu eta emozio askoko uneak izaten dira, eta horrekin jokatzen dute abokatuek ere, oso diskurtso gogorrak eginez”. Tolosaren esanetan, dokumentalean ere oso ondo erakusten da barrutik nola bizi den hori guztia. Aitaren gaitzak eragin handia izan du alabaren eta emaztearen bizitzan ere. “Nik 12 urte inguru nituenerako hasi zen aita gaixotzen, eta, noski, asko eragin dit”.

Tolosaren aitari gertatutakoa da Hauts dokumentalaren muina, baina beste lau kaltetuk ere parte hartu dute proiektuan. “Kontatu nahi genuen zer den halako transplante bat egitetik pasatzea, nola bizi diren amiantoarekin gaixotuta daudenak, zer den epe labur bateko bizi itxaropena ematea eta prozesu judizial batetik igaro behar izatea…”, zehaztu du Mantzisidorrek. Gaixo horiek bizi dutena entzuteak “zirrara” eragiten duela esan du. “Horregatik gomendatuko nuke dokumentala ikustea: sentitu egiten duzulako kaltetuek kontatzen dutena”.

Asviamieren eskaera nagusiak ere bildu dituzte dokumentalean, eta astearteko estreinaldian ere izango dira elkarteko kideak, dokumentalaren emanaldiaz gain, mahai ingurua antolatu baitute. Javier Marques Asviamieko lehendakariak, Jesus Uzkudun Asviamieko kideak eta Ainhoa Larrañaga ustezko kaltetu baten alabak hartuko dute parte.

Erretzearekin lotu nahian

Larrañagaren aitak, Rikardo Larrañagak, biriketako minbizia izan zuen. Diagnosia egin ziotenerako, gaitza oso zabalduta zeukan, eta handik urtebetera hil zen. “Prozesua oso gogorra izan zen, eta, geunden bezala egonda, etxean nahiago izan genuen aurrera ez jarraitzea eta aitari autopsiarik ez egitea”. Larrañagaren esanetan, autopsia zen ia aukera bakarra aitaren gaixotasuna lanak eragindakoa zela frogatzeko.

Arcelorren egin zuen lan Larrañagaren aitak, 48 urtean, mantentze lanetan. Gaixotzen eta gaixotzen hasi zen, eta bi bulto atera zitzaizkionean etorri zen minbiziaren diagnosia. “Osakidetzara sartzen ginen bakoitzean, ‘erretzaile ohia’ nabarmentzen ziguten. Etengabe esaten nien ezetz, gaztetan zerbait erretzen zuela, baina ez zela erretzailea. Ikusten nuen bazegoela gaixotasuna erretzearekin lotzeko intentzionalitate argi bat”.

Amiantoaren gaineko susmoak egiten hasi zen alaba, telebistan-eta gaia atera izan zenean, aitak askotan esaten ziolako Arcelorren ere asko erabili izan zela amiantoa. Jesus Uzkudun Asviamieko kidearekin jarri zen harremanetan. “Esan zidan bide bat egin behar izaten dela, eta nahi banuen lagunduko zidala”. Dokumentazioa lortzen hasi ziren, eta Osalaneko teknikari bat ere joan zitzaien etxera. “Aitari elkarrizketa luze-luze bat egin zioten. Galdera guztietan erantzuna zen baietz”.

Txosten tekniko hori eskuetan zutela, mediku epaimahaian ordua eskatu zuten, gaixotasuna lanak eragindakoa zela onartu ahal izateko. “Aita oso-oso gaizki zegoen, ez zeukan indar handirik, baina, ni tematu nintzenez, eta hark ere harra hor zuenez, Donostiara joan ginen. Oso baldintza txarretan iritsi zen”. Bakarrik sartu behar izan zuen, eta amaitutakoan aitak alabari esan zion galdetu ere ez ziotela egin non lan egin zuen. “Flipatu egin nuen. Orduan neuk esan nien auzitegikoei 48 urte egin zituela amiantoa manipulatzen. Eta han hasi zitzaizkidan: aski zela, belauneko mina ere amiantoari egozten zaiola gaur egun… Txosten guztiak nituen, eta eskatu nien mesedez irakurtzeko dokumentu haiek”. Larrañagaren esanetan, minbiziak benetan nondik datozen arakatzeko dagoen borondate eskasaren beste adibide bat izan zen Donostian gertatu zitzaiena.

Aitak okerrera egin zuen. Hil aurretik galdetu zion alabak Gasteizko Txagorritxuko medikuari zein izaten zen autopsia egiteko prozesua, aitaren biriketan amianto plakarik zegoen edo ez ikusi nahi zuelako. “Aitak justizia egiteagatik nahi zuen prozesuarekin jarraitzea, baina gainean zeukanarekin ez zuen indar handirik. Oso gogorra da hilzorian egonda horrelako prozesu bati heltzea. Etxean ez geneukan indar handirik, eta nahiago izan genuen ez jarraitzea eta autopsiarik ez egitea”.

Beraz, ezin izan dute frogatu aita amiantoaren eraginez gaixotu zela. “Amorru hori hor geratu zait, baina, horrelako prozesu batean zaudenean, ez daukazu indarrik guztiari heltzeko”. Handik bi urtera hil zen ama ere, hura ere minbiziagatik. Bergaran bertan, Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegiak arrazoia eman zien minbiziarekin hildako emakume baten seme-alabei: senarrak Arcelor Mittalen egiten zuen lan, eta ondorioztatu zuten haren arropak garbitzean arnastutako amiantoagatik gaixotu zela. Enpresak helegitea jarri zuen, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak arrazoia eman zion.

Larrañagari, ordea, hor geratu zaio susmoa: “Amak ere aitaren arropa garbitzen zuen. Amaren minbiziak jatorri ezezaguna zuen, eta aita hil eta bi urtera hil zen. Harremana eduki zezakeen? Ezin dugu demostratu. Baina zergatik ez?”. Azaldu du amiantoa beti industriarekin lotzen den arren, sektore horretatik kanpo ere gero eta gaixo gehiago agertzen ari direla. “Edonon dago amiantoa, eta kentzeko prozesua ere oso baldintza kaskarretan egiten ari dira”. Instituzioen aldetik oso babes txikia sentitu duela nabarmendu du; are gehiago, laguntza izan beharrean, oztopoak izan direla nagusi esan du. “Alemania, Frantzia eta bestelako herrialde batzuekin konparatuta, lotsagarria da Espainiak zer kasu gutxi aitortzen dituen”, uste du Larrañagak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.