Gero eta gazte gehiago kalean

Gero eta gazte gehiago kalean

Miren Garate

Bi urtez behin egiten dute EAEn bizitegi bazterketa larrian dauden pertsonen egoerari buruzko azterlana, 2012tik. Iazkoa da azkena, eta egoera berezian egin zuten, konfinatzeko agindua zegoenez pandemiarako bereziki egokituriko tokietan baitzeuden normalean kalean egon ohi diren gehienak. Horregatik, ohi baino jende gutxiago ikusi zuten kalean lotan; alabaina, aterpetxe eta gaueko zentro arruntetan, pandemiarako bereziki egokitutako egonlekuetan, indarkeria matxistaren biktimentzako zentroetan, kalean, eta gizarteratze zentro eta pisuetan 957 lagun zenbatu zituzten bizitegi-bazterketa egoeran. Kalean gero eta jende gehiago ikusten dutela ohartarazi dute haiekin lan egiten dutenek.

GARAZI MONTUSCHI

Hiritarron Harrera Sareko kidea

“Beste era bateko harrera egiteko borondate politikoa falta da”

Duela hiru urtetik ari dira lanean Hiritarron Harrera Sarean. Boluntarioak dira guztiak, eta, batik bat, gazte migratzaileekin aritzen dira lanean. Donostia eta inguruetan soslai horretako ehundik gora, behintzat, badaudela kalean esan du Garazi Montuschi sareko kideak, baina uste du askoz gehiago direla, “txaboletan, utzitako eraikinetan eta abarretan” egiten dutelako lo beste askok. “Kanpin dendak ere eskatu izan dizkigute batzuetan, mendian lo egiteko”.

Eta ikusten dute gero eta jende gehiago dagoela horrela, gero eta gazte gehiago. “Oso larria iruditzen zaigu, ikusten dugulako haien egoera fisikoa eta psikikoa okertzen joaten direla, eta esperantza galtzen dute. Kalean inoiz ezin da lo ondo egin, eta ez hotzagatik eta goseagatik bakarrik. Bortizkeria dago, eta, begi bat irekita eta bestea itxita edukita, ezin da atseden hartu”. Bizitza hobe baten bila etorri diren gazteak izaten direla zehaztu du. “Asko ikastaroetara joaten dira goizetan, gure hizkuntza ikasten saiatzen dira… Erakundeen zain dauden errefuxiatuak dira beste batzuk, pasaeran direnak ere bai; denetariko kasuak daude”.

Baliabide batzuk badauden arren, dioenez ez dira nahikoa eta ez dira denentzat. “Pertsona hauei beste era bateko harrera egiteko borondate politikoa falta da”. Adibide bat eman du: Donostiako Udalak iragarri du Ondarretako aterpetxea irekiko duela aurten muturreko hotza egiten duen egunetan; 44 leku izango ditu, bikoizteko aukerarekin —iaz beste toki batean egon zen zerbitzua, eta sei gauetan zabaldu zuten—. “Aterpetxean plazak dagoeneko prest egonda, ulertezina egiten zaigu izugarrizko hotza dagoenean bakarrik irekitzea eta bitartean jendea kalean egotea tramite administratiboengatik edo beren ezaugarriengatik”.

Kalean daudenei “goxotasuna falta” zaiela ere aipatu du. “Askotan mesfidati bezala begiratzen diegu, eta, beren bizitza eta egiten ari diren gauzak kontatzen dizkigutenean, izugarrizko sorpresak hartzen ditugu”.

EÑAUT GRACIA

Errenteriako Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia

“Eredu honek irauten duen bitartean, ezin da amaitu bazterkeria”

2019tik, kalean bizi direnen kopurua nabarmen ari da handitzen, Eñaut Gracia Errenteriako Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak esan duenez. Eta aitortu du udalentzat ez dela erraza izaten haiei beharrezkoa duten arreta ematea. “Oso exijenteak dira egin beharreko esku hartzeak, marko kognitibo hondatuak daudelako, patologia dualak, kontsumoak…”.

Bi lagunek egiten dute lan kalean daudenekin: kale hezitzaile batek eta bitartekari batek. Gipuzkoako herri guztiek ez, baina Errenteriak badu aterpetxea ere. “Lehen gazte aterpea zen eraikin bat erabiliz, 23 plaza eskaintzen ditugu gaueko errekurtso moduan; eta, aste gutxi barru, gehikuntza bat egin, eta 36 plazara iritsiko gara”. Beharra ikusiz gero, beste hiru leku jartzeko ere prest daudela dio. Gauez ez ezik, egunez ere irekita egoten da zentroa, tailerrak eta esku hartzeak egiteko. “Errenteriak etxeko lanak eginak ditu”, esan du Graciak. Izan ere, Gizarte Zerbitzuetako Maparen arabera, hamazazpi leku eskaini behar ditu udalak, eta kopuru horretatik gora dabiltza. Gizarte langileak aztertu egiten du pertsona bat baliabide horretara bidali edo ez, kale hezitzaileak eta bitartekariak emandako informazioarekin, balizko erabiltzailearekin egiten duen elkarrizketarekin…

“Ikusten ari gara Donostia, Irun eta Errenterian pilatzen ari direla etxerik gabekoak. Hau da, zentralizatzen ari dela joera hori, lurralde osoko estrategia edo planteamendu banatu bat izan behar genukeen arren”. Graciak uste du udalak ari direla beren gain hartzen aldundiaren eskumenak. Haren arabera, legeak esaten du zazpi egun pasatzeko aukera eman behar dutela udalek beren baliabideetan. “Baina egoerak kronifikatu edo luzatuz gero, 2015eko karterak zehazten duen bazterkeria eta marjinazio egoera artatzeko egoitzetara bideratu behar direla ere esaten du, eta aldundiaren eskumena da hori”.

Beste faktore bat ere kontuan hartu beharrekoa dela esan du Graciak: “Kalean bizi direnetako batzuek ez dute baliabideren batera joan nahi. Nola artatu artatua izan nahi ez duen pertsona? Edo nola egin duinago haien bizi baldintzak kalean?”. Era berean, beste ideia bat nabarmendu du: “Gure gizarte ereduak bazterkeria sortzen du, eta bazterkeria horren periferian etxegabeak daude. Gaur egungo eredu honek irauten duen bitartean, bazterkeria ezin da amaitu”.

JOSE BARREIRO

Caritaseko hezitzailea

“Hau denon arazoa da, eta gizarte bezala heldu behar diogu”

Jose Barreiro Caritaseko etxerik gabekoen alorreko hezitzaileak ere bat egiten du kalean gero eta jende gehiago dagoen pertzepzioarekin. “Eta irudipena dut orain jendea denbora gehiago egoten dela kalean, baliabideren batean sartu arte. COVID-19agatik eta hartzen joan diren neurriengatik, zailagoa da kaletik ateratzea”.

Gaueko bi aterpetxe ditu Caritasek, eta eguneko bat. “Etortzen zaizkigunekin hitz egiten dugu, jakiteko zer egoeratan dauden, eta, baliabideak ditugun heinean, sartzeko aukera ematen joaten gara”. 18 urtetik gora izatea da eskatzen duten baldintza bakarretakoa. Batzuetan aipatzen da batzuek nahiago dutela kalean egotea aterpetxe batean baino, baina ez dago ados Barreiro. “Pertsona batzuentzat, agian, ez dira egokituta egongo aterpetxeak, baina ia guztiek etxebizitza duin batean bizi nahi dute, eta, bitartean, aterpetxeetan edo baliabideetan egotea eskatzen dute”.

Aterpetxearen erabiltzaileen artean “frustrazioa” ikusten du. “Batzuek oso argi dute zer nahi duten bizitzan, eta horretarako alternatibarik ez dutelako sentitzen dute frustrazioa. Adibidez, gazteek sekulako ahalegina egiten dute, baina hesiak besterik ez dute aurkitzen: lanerako baimen falta, logelaren bat aurkitzeko zailtasunak…”. Dioenez, beste batzuek denbora asko daramate kalean, “eta dagoeneko ez dute irudikatzen beren bizitza hobetu egin daitekeenik ere”. Batzuei hesiak gainditzen laguntzea eta besteei autoestimua berreskuratzen eta beren eskubideetako batzuk urratuta daudela ikusaraztea izaten da Caritasekoen helburua. Egoera halakoa izanik, beharrezkoa iruditzen zaio jendearen “begirada” aldatzea. “Ulertu behar dugu hau denon arazoa dela, eta gizarte bezala heldu behar diogu”.

NIEVES PIÑEIRO

Donostiako Hestia zentroko koordinatzailea

“Esponentzialki ari dira ugaritzen kalean geratzen direnak”

Egunean 35-40 pertsona hartzen dituzte Donostiako Hestia eguneko zentroan. Arrats zentroak kudeatzen du, eta udal zerbitzu bat da. 10:00etatik 19:00etara zabaltzen dute egunero —astearteetan eta ostiraletan, 15:00ak arte—. Nieves Piñeiro da koordinatzailea, eta, ikusten dutenari buruz galdetuta, esan du “esponentzialki” ari direla ugaritzen “atzerritik etorri eta kalean geratzen direnak”.

Hestiaren helburu nagusia “kalearen eragina” murriztea izaten da: “Hobekuntzak ekarriko dizkien zerbitzu txiki batzuk ematea, harreman bat sortzea haiekin, espazio bat sortzea eroso egon daitezen, hizketarako…”. Gizarteratzen lagunduko dieten baliabide espezifikoagoetara bideratzen ere ahalegintzen direla gaineratu du. “Zubi lana egiten dugu, bidearen lehen zati horretan animatu, bakoitzaren tempoak eta erabakiak errespetatuz…”.

Edonork izaten du zentrora joateko aukera, ez dago hitzordua hartu beharrik, kontsumoari lotutako baldintzarik eta errolda eskakizunik. Sakelakoa kargatzea, poltsak uztea, posta jasotzea eta halako eskaerak egin ohi dituzte erabiltzaileek. Guztiei ematen diete arreta, baina Piñeirok esan du badagoela multzo bat “txertatuak” deitzen dietena. “Helburu zehatzagoak lantzen ditugu horiekin. Eta, horretarako, koordinazio oso estua dugu gizarte larrialdietarako udal zerbitzuarekin”.

Arratsek badu gaueko aterpetxe bat ere: Gaueko. Erabili ahal izateko, beharrezkoa da gizarte larrialdietarako udal zerbitzuen balorazio bat izatea. Zerrenda bat egiten du hark, eta, puntuazioarekin, astebeterako txandak ematen ditu. “Gauekon egoten diren guztiak ez dira etortzen, baina zerbitzua diseinatuta dago pertsona horiek ez izateko kalean egoteko beharrik. Guk 10:00etatik 19:00etara irekitzen dugu, eta haiek, 20:00etatik 09:00etara”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.