Autobusa hartu eta herrian askatuko zaituztegu bi-hiru orduz. Poteoa lasai hartu, trikitia jo, dantza apur bat egin. Ez larritu ez baduzue zeuon burua oso solte nabaritzen, denak du bere momentua. Autobusa zuen bila etorri eta alai kantuan, sagardotegian askatuko zaituztegu. Ez ahaztu! Sagardoa dohain da! Edan ahalik eta gehien. Gero berriz autobusa, eta kantu eta oka, herrian askatuko zaituztegu berriz. Hiru-lau ordu duzue nahi duzuena egiteko autobusa berriro bila etorri arte! Imajinatzen duzu hori dena? Etorri ba Hernanira!
Plana ez da txarra, ez zaitezte nahastu, plana berez planazoa iruditzen zait. Ez dut ezer parranda eta alkoholaren kontra (ezagutzen nautenek ederki dakite hori) eta hernaniarra izanik ere, ez dut ezer sagardotegi garaiaren kontra. A priori.
Baina lehengoan lagun batek kontatu zidan unibertsitatean esan ziotela: “Hernanikoa zara? Jo, qué guay, esaten da herri horretan nahi dena egin daitekeela!”. Hor dago gakoa. Nik, parrandazale amorratua izanik ere, sagardotegi garaiko parrandak gorroto ditut. Ezin daiteke ondo azaldu gertutik ikusten ez bada. Ez du zer ikusirik herriko jaiekin, ezta, apuratuz gero, sanferminekin ere. Behin komun batean pintada hau ikusi nuen: Hernani alkoholaren Disneylandia da!!! (eta drogena pixkatxo bat ere bai). Gauza da herri horretan edozer egin daitekeen hori oso zabalduta dagoela, dena puskatu daiteke, baboseoa libre eta doakoa da, barruan daramazun basapiztia ateratzeko leku aproposena da.
Esadazue zein herritan jarri dizkizueten zementuzko paperontziak astero-astero puskatu ez ditzaten; kristalezko baso eta botilarik ere ez dugu herrian, arma arriskutsu bilakatzen direlako bat-batean; udaltzain gehiago behar dugu, guk bakarrik jakin ezean, haiek zaindu gaitzaten; eta batzuetan, Ertzaintzak kargatu behar izan du kuadrilla batek etxera joateko gogo gutxi duela-eta gaua ostiaka bukatu nahi duelako.
Horrek denak sagardotegi garaiko parrandaren aurkako plataformak sorrarazten ditu, eta ez, ez nator horiekin bat. Ni ez naiz zibismoaren aldekoa, are gutxiago dezentziaren aldekoa, baina egia dena da, inoiz baino gehiago, gaua eta kalea ez direla gureak. Hasteko, ez dira emakumeonak, baina ezta ere jai-giro osasuntsu bat gozatu nahi dugunonak. Gaua eta kalea parrandako desfasearenak eta horren aurkako kontrolarenak dira. Kolektiboan negoziatzeko gaitasuna kendu diogu geure buruari, beste batzuei geure buruaren ardura emanez.
Eta nik honako hau pentsatzen dut, batzuok jai-giro feministak aldarrikatzen ditugunean, espazioak berreskuratuz, aske biziz eta erasoak ekidinez, parrandazaleok ere beste gauza batzuk kontuan ere hartu behar ditugula. Ez gaitzatela infantilizatu, ez dezatela “gu zaindu beharrik izan”, kontrolatu behar, jakin dezagun gure gaua eta parranda behar bezala gestionatzen. Bai, manten dezagun aske gune hori ere, bai, “Hernanin nahi dena egin ahal izateko” baina horrek ez ditzan ekarri plataformak, polizia gehiago, plastikozko basoak, brigadak eta abar.
Ez dezagun, behintzat, Hernani alkoholaren Disneylandia izatetik, alkoholaren haurtzaindegi bilakatzera eraman, mesedez.