“Sekulako lana da jaiak antolatzea, bakarkakoa eta bakartia”

“Sekulako lana da jaiak antolatzea, bakarkakoa eta bakartia”

Maria Ortega Zubiate

Edozein eibartarri Amaña auzoa non dagoen galdetuz gero: “El Corte Ingelesa? Bada, handik gora”, erantzungo du. Handik begiratzen dio, hain zuzen ere, Josean Alberdik (Eibar, 1954) bizia eskaini dion herriari. Inor gutxik ezagutuko du izenez, baina haren ezizena aipatuz gero —Goma—, guztiek jakingo dute nor den. Eibartarrek —”eta Debabarreneko biztanleek ere bai”—, ondo baino hobeto ezagutzen dute: une oro hurbiltzen zaio bat edo beste, hitz egiteko ez bada, Amañako jaietako zozketarako txartelak erosteko. Lehen pertsonan hitz egiten du auzoko jaiez, eta badu horretarako arrazoirik, horregatik baita, batez ere, ezagun herrian: berrogei urte baino gehiago daramatza Amañako jaiak antolatzen.

Baina hori baino askoz gehiago da Goma: jaien antolatzaile, eskubaloi eta txirrindulari klubetako ordezkari, futbolekoaren zuzendaritzako kide, Komite Antinuklearreko partaide, Herri Batasuneko zinegotzi Eibarren… Bizi bat herriari emana, euskara eta euskal kultura bermatzeko helburuarekin. Azaroaren 30ean, San Andres egunean hartu zuen tarte bat elkarrizketarako.

San Andres jaiak bertan behera utzi dituzte Eibarren. Nola sentitzen zara?

Pena handia eman dit, eta ez jaiak bertan behera utzi dituztelako bakarrik. San Andres jaietan diru mordoa lortzen dugu Amañako jaietarako; diru iturri handienetako bat izaten da beti. Jende asko etortzen da herrira, eta Untzaga plazan zozketa egiten dugu, txartelak salduta. Aurten, noski, askoz jende gutxiagori salduko dizkiogu txartelak. Baina, tira, abenduaren 11n [bihar] egin egingo dugu zozketa.

Berrogei urte baino gehiago daramatzazu Eibarko Amaña auzoko jaiak antolatzen, baina jaiotzaz ez zara bertakoa. Nola hasi zinen zeregin horretan?

43 urte daramatzat guztira, bai. Ez nintzen Amañan jaio, baina alboan bizi naiz. Kuadrilla ere bertakoa egin nuen gaztetan. Kanaria uharteetan soldaduska bukatu berritan, Eibarrera heldu, eta Amañako Jai Batzordean sartzera gonbidatu ninduten lagunek, baina ezezkoa eman nuen. Hurrengo urtean sartu nintzen. Ondo ibili nintzen hasieran, baina gerora ikusi nuen bazeudela agindu nahi zuten pare bat lagun, eta horiek kaleratzea jarri nuen nik jai batzordean jarraitzeko baldintzatzat. Jende asko ginen lehen urteetan, baina, beti gertatzen den bezala, uzten joan ziren asko. Gainera, zenbait urtetan pasatu izan zaigu txosna jarri eta dirua falta izatea, bertan izan diren zenbaitek hartzea. Zenbat diru ostu ote ziguten… Horregatik ere erabaki nuen hobe zela dena neronek bakarrik egitea; badaramatzat ia hogei urte horrela. Ordutik, ni naiz hemengo burua, nolabait esatearren, baina beti lan egiteko prest.

Zu bakarrik zaude, beraz, jai batzordean. Lan handia sortuko dizu horrek, ezta?

Sekulako lana da. Auzo osoa alde batetik bestera gurutzatu behar izaten dut, atez ate jaietarako dirua eskatzeko. Bakarkako lana eta bakartia, egia esan; beti egoten naiz ni bakarrik. Dena egiten dut nik: dirua batu, egitaraua prestatu eta beste guztia. 60.000 eurotik gorako aurrekontua daukagu.

Hiru eguneko jaiak dira Amañakoak, baina urte osoko lana eskatzen dute, ezta?

Hori da. Uztailaren 10ean bukatzen dira Amañako jaiak, eta abuzturako hasten naiz zozketarako txartelak saltzen, hortik lortzen baitugu jaietarako dirua: zapaturo egoten naiz goizeko zortzietatik eguerdiko ordu bietara Untzaga plazan. Oporretara Villarcayora joaten naiz, Burgosera, eta han ere saltzen ditut txartelak. Bazkide modukoak ere badaude, hilean bost euro inguru ematen dituztenak: 80 bazkide inguru ditugu orain. Jaietako aldizkaritik ere ateratzen dugu dirua; hortik lortzen dugu zati handi bat, publizitatea jartzen duten komertzioetatik: jabeetako askok esaten didate, gainera, nik antolatzen ditudalako jartzen dutela publizitatea.

Jendeak nolako harrera egiten die jaiei?

Oro har, esango nuke jendea pozik dagoela Amañako jaiekin. Ahalik eta aurrekonturik handiena izaten ahalegintzen naiz beti, eta ahalik eta kontzerturik onenak lotzen, herritarrak buruan ditudala. Baina arazo mordoa sortu izan da auzo honetan. Langile auzo bat da Amaña, langile mugimendu handia dago hemen, baina baita jende erdaldun ugari ere. Eta horrekin izan dugu arazorik auzoan. Izan ere, niretzat gure kultura da gauzarik garrantzitsuena; nik euskararen alde egin izan dut beti. Euskaraz izaten dira kontzertu gehienak, %80 inguru. Bertso saioak, pailazoak… Denetik izan dugu gure auzoan. Baina horregatik ere kexatu izan zait jendea, ia dena euskaraz izaten delako. Ingelesez abesten duten taldeak ekarri izan ditudanean, joan izan naiz kexatzen ziren horiengana eta aurpegiratu izan diet ez direla kexatzen horregatik, nahiz eta hizkuntza hori ere ulertu ez. Betidanik nire kontrako jende asko egon izan da auzo honetan, baina aldekoak ere bai, noski; jendearen babesa eta maitasuna sentitu izan dut sarri. Baina Amaña ez da auzo erraza horrelako kontuetarako.

Amaña langile auzoa dela aipatu duzu. Jaiek auzo izaera indartzen laguntzen dutela esango zenuke?

Lehen bazegoen horrelakorik hemen, auzotarrek bazuten jaiekiko sentimendu hori. Amañara jende asko etortzen da inguruko herrietatik: Markina-Xemeindik, Elgoibartik, Azpeititik… Ni txosnan nengoela, jendea etortzen zitzaidan zoriontzera, antolatutako kontzertuengatik. Eta Amañako jendearengan ere eragiten du horrek; auzoko jaiez harro sentitu izan dira beti. Baina hori aldatu egin da orain; auzoan ez dute horrenbesteko ilusiorik jaien inguruan. Eibarren eta inguruko herrietan nire lana gehiago izaten dute kontuan, Amañan bertan baino.

Onerako edo txarrerako, baina guztiek ezagutzen zaituzte Eibarren.

Bai, bai. Eta ez Eibarren bakarrik, inguruko herrietan ere ezagutzen naute: Ermuan, Elgoibarren, Soraluzen… Debabarren osoan, esango nuke. Lehengo batean, Puro Relajoren kontzertu bat ikusi nuen EITBn, eta horiek Amañako jaietara ekartzea interesgarria litzatekeela iruditu zitzaidan, baina denek esaten zidaten zail ikusten zutela lortzea. Bada, haien managerrari deitu nionean, ezagutzen ninduen! Beste taldeetako managerrei entzuna zien nire izena. Lotu dugu kontzertua jada datorren urterako. Fama badut, bai; eta fama ona dela esango nuke. Diru kontuekin garbi ibili izan gara beti. Amañara oso talde onak ekarri izan ditugu, eta jende asko etorri izan da betidanik. Jendeak, noski, baloratu egiten du hori. Kontzertuetara etortzean, ikusleek esaten didate Amañan egiten dudana ez dutela egiten udalek ere; hiru kontzertu egun bakarrean? Ezta pentsatu ere!

Baina arazorik ere izan duzu: SGAEren salaketa bat izan da gehien entzun denetako bat, Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartearena.

Halaxe da, bai. Behin, SGAEko ordezkari bat etorri zitzaidan diru eske, kontzertuak antolatzean ezer ez dudalako ordaintzen. Dirurik ez neukala erantzun nion, eta luzatu egin genuen kontua. Epaiketa egin zuten azkenean, eta 33.000 euro eskatu dizkigute. 14.000 ordaindu ditugu dagoeneko, diru bilketa egin, kamisetak, zozketa bat… Jendea oso ondo portatu da gurekin, baina ikusiko dugu zer gertatzen den aurrerantzean.

Jaixak herrixak herrixandako“, esan ohi da Eibarko jaietan. Amañan ere hori daukazue helburu?

Bai, jaiak herriarentzat dira, noski. Amañakoentzat bakarrik izaten ziren lehen, baina Eibarkoentzat ere badira orain; eta baita alboko herrietakoentzat ere. Denak daude gonbidatuta gure jaietara. Gainera, beti egon izan gara gizarteko arazoei lotuta; Amaña ez da Espainia zioten afixak ere atera izan ditugu, presoen aldekoak ere bai… Jendea haserretu izan zitzaidan lehenengo afixa hura atera genuenean, baina aurrera egin genuen guk.

Izango duzu berrogei urteotako bitxikeriaren bat…

Bazeneki… Lehenengo urteetan, guk muntatzen genuen agertokia, eta kontzertu betean puskatu egin zen behin; jausten hasi ziren taldekideak. Horrelako mila kontu izan dugu. Gogoan dut, bereziki, Miguel Angel Blancoren hilketa, 1997an [ermuarra zen]. Amañako jaiak ziren, bertan behera uzteko eskatu ziguten, eta hala egin genuen lehenengo larunbatean; orduan bi asteburukoak izaten ziren jaiak. Baina jendea tabernetan zegoen gau horretan, eta guri leporatu ziguten hori hauspotzea. Astelehenean bertan etorri zitzaizkidan Eibarko Udaleko kideak eskatzera hurrengo asteburuan ere ezer ez antolatzeko. Argi nuen xantaia egiten ari zirela, guri bakarrik eskatu zigutelako hori; inguruko beste herrietan ere jaiak izanda, haiei ez zieten eskatu halakorik. Gugana, pobreengana etorri zirela kritikatu genuen. Bigarren asteburuan ospatu egin genituen jaiak, eta Espainiako zenbait egunkarik sekulakoak esan zituzten nire aurka: Herri Batasuneko zinegotzia nintzen orduan, eta asko kritikatu ninduten. Oso gaizki pasatu nuen momentu horretan; pentsa, nire aurkako pintaketak ere egon ziren Eibarren. Emazteak esaten zidan utzi egin beharra neukala jai batzordea, baina ezta pentsatu ere!

Zer ematen dizu Amañako jaiak antolatzeak?

Nik beti gozatu izan dut asko jaietan, asko gustatzen zaizkit, nahiz eta ardura handiagoa izan orain. Hala ere, Amañako jaietan beti saiatu izan gara arazoak dituztenei laguntzen, eta asko asebetetzen nau horrek. Euskaldunon Egunkaria itxi zutenekoa izan zen momentu azpimarragarrienetako bat, 2003an; hasieratik esan nuen omenaldia egin behar geniola egunkariari, eta Martxelo Otamendi zuzendariak etorri behar zuela. Baiezkoa eman zuen, eta hark bota zuen txupinazoa; bertso afari bat ere egin genuen haren omenez. Sekulako harrotasuna sorrarazi zidan momentu horrek.

Goma ezizenaren atzean badago Josean Alberdi bat. Amañako jaien antolatzaile izateaz gain, zer gehiago da Josean?

Erretiroa hartutako gizon bat orain. Garai batean, tailer batean egin nuen lan; soldata justukoa izaten zen beti, eta emazteari esker egin dut aurrera. Eskubaloiko taldean hogei urte egin nituen ordezkari; futbolekoan, hamazazpi. Sekulako harremana egin dut denekin, ideologia guztietako jendearekin. Bazekiten ni ezker abertzalekoa naizela, baina guztiok oso harreman ona eduki izan dugu beti. Oso maitatua sentitu izan naiz.

Lan mundua utzia duzu jada; zozketarako txartelak ere erretiratzetik hurbil zaude?

Momentua heltzen denean, utziko dut hori ere, bai. Konturatu naiz ni ere zahartzen ari naizela; ardura handia eskatzen du jaiak antolatzeak, estres handia sortzen du. Nik, momentuz, jarraituko dut, baina ezin dudala ikusten dudanean, utzi egingo dut. 43 urte izan dira, eta milaka esperientzia bizi izan ditugu. Osasunez ere ez nabil oso fin. Datorren urteko jaiak antolatzea da nire ilusiorik handiena, ea pare bat urtetan gai naizen horretarako. Hortik aurrera, auskalo! Atzetik datozenei behar duten guztian laguntzeko prest nago ni. Baina ez dut uste Amañako jai estiloa bermatuko dutenik; euskararen eta euskal kulturaren presentzia galdu egingo delakoan nago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.