Asier Aldalur (Itziar, Deba, 1971) Zarauzko Txiki-Polit ostatuaren eta tabernaren jabeetako bat da. Azken bi urteetan badu beste zeregin bat ere: Zurekin ostalari elkarteko eginkizunei erantzutea. Orain bi urte sortu zuten elkartea, “herria girotzeko eta jendea erakartzeko”, eta hasieratik gogotsu ekin zioten lanari, Udaberrifest musika ekitaldia antolatu zutelako, besteak beste. Aurten bigarrenez ospatuko dute.
Martxoaren 31n izango dira aurtengo lehen kontzertuak. Iazkoa arrakastatsua izan zen seinale, ezta?
Aurreneko aldia izan zen iazkoa, eta nahikoa arrakasta izan genuen, bai. Zurekin elkartearen azken batzarrean jendea sekulako gogoarekin zegoen, iazko arrakasta ikusirik. Aurten aurrekontu aldetik dezenteko murrizketa izan dugu, baina saiatu gara ahalik eta programa onena osatzen.
Estilo aukera zabaleko ekitaldia da.
Bai, nahita egin dugu, adin eta estilo guztietako jendea erakartzeko. Ostalaritzako bezeroak ere era guztietakoak dira; gazteak, helduak eta gustu askotarikoak. Iaz ere antzeko apustua egin genuen: Fangoria alde batetik, euskal gazteentzako taldeak bestetik… Eta harrituta gelditu ginen Fangoriak izandako arrakastarekin. Beraz, aurten horri jarraipena eman, eta Rosario Floresen aldeko apustua egin dugu. Dagoeneko jende mordoa ari zaigu deitzen sarrera eske, eta ikusten dugu aurten ere izango duela erakarpena Udaberrifestek.
Zein da ekitaldiaren helburua?
Herria mugitzea da, gehienbat neguari eta udaberriari begira: martxo amaieran hasi eta hilabetean ekitaldi bat egingo dugu gutxi gorabehera. Ez dugu energia guztia egun bakarrean gastatzerik nahi: luzatu egin nahi dugu. Negu partean eta astegunetan astindu behar da Zarautz; uda segurua da.
Inguruko herrien artean, gisa honetako ekitaldi bat antolatu duzuen bakarrak zarete.
Musika aldetik, bere garaian Azkoitian tabernariek elkartuta kontzertuak antolatzen zituzten; baina, bestela, ez. Ez da hain erraza, aurrekontu handietan sartu behar delako. Gaur egun, denak sinatuta egon behar du, jendea ere ez dago ardura eta konpromiso handietan sartzeko prest. Orain arte, beti udalaren atzean egon gara gu: herria ere oso aktiboa da, eta ekintza pila bat egon da. Beti ikusle modura egon izan gara; lehen ikusle ginen, baina orain gu ere aktibo gara.
Krisiaren erdian, nolako negua ari da izaten 2012koa?
Lehen, atea irekitzearekin nahikoa izaten zen. Baina azken bizpahiru urteetan ikusi da geldirik egonda ezin dela aurrera egin; hortik hasi dugu hau guztia. Gauzak antolatuz gero, jendeak erantzuten du; baina geldirik egonez gero, atzera joaten zara. Lehen ezer egin gabe lortzen zena orain mugituz lortzen du ostalariak.
Lan gehiago egin behar, beraz.
Bai, lan gehiago egin eta mozkin gutxiago lortu.
Zarautzen hau bada errealitatea, inguruko kostako beste herrietan ere hala izango da, ezta?
Pixkanaka ari dira antolatzen eta gauzak egiten Zumaian, Getarian eta Orion ere. Bestalde, guk ez dugu ondokoekin lehian hasi nahi izan. Esaterako, Orion janarekin lotutako gauzak antolatzeko joera dute: bisigu eguna dela, txuleta eguna dela… Eta hemen gehiago jo dugu musika girora. Zarautz beti izan da erreferente festarako, musikarako edo surferako, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu, ondokoei konpetentziarik egin gabe.
Uda nola ikusten duzue?
Neuk zehazki hotela eta taberna ditut, eta erreserba aldetik oso ondo goaz. Zurekin elkartea bezala, hotelen sektorea ere ari da eskaintza bereziak egiten jende gehiago mugiarazteko.
Eusko Jaurlaritzak tabernei ordubete gehiago irekitzea baimenduko die.
Horrek bereziki bezero gazteak dituzten tabernei egingo die mesede. Izan ere, krisiak gehienbat horiei eragin die. Asko igarri dute bai krisia, bai Tabakoaren Legea, bai Alkoholemia Legea. Dena batu zaie haiei.
Zarautzen behar berezirik ba al du ostalaritza sektoreak?
Zer hobetua badago, eta udalarekin harremanetan ari gara. Esaterako, egunero dugu hemen merkatu plaza, baina asteroko azokarik ez dugu, beste herri guztietan duten bezala. Orain Abendaño industrialdean hilero egiten den azoka herrira gerturatuko dute, Azken Portura. Hori pauso txiki bat izango da. Bestalde, Murkil merkatari elkartearekin elkarlanean ere ari gara; herria pixka bat gehiago astindu nahi dugu astegunetan eta neguan. Azkenik, erdigunean TAO sistema egoteak kalte handia egiten dio ostalaritzari, eta horretaz ere ari gara hizketan udalarekin.