“Lan gisa hartu izan banu, ez nintzen musikaria izango”

Bigarren abizena izen bihurtu zitzaion Xabier Berasaluze Leturiari (Villabona, 1954). Leturia baserrian jaio zen eta txikitatik horrela deitzen zioten. “Ogasunaren aurrean Berasaluze naiz, baina bestela denek Leturia deitzen didate”. Joseba Tapiak eta berak hainbat bide ireki dituzte trikitiarekin eta panderoarekin. Orain ere tarteka aritzen dira txokoren bat edo auzoren bat alaitzen, baina, Leturiak esaten duen moduan, “ezkutuan” aritzen dira: “Prentsan ez da azaltzen non jotzen dugun. Erromerietarako edo festetarako deitzen badigute, ezetz esaten dugu. Afaloste baterako edo deitzen badigute, kartelik behar ez duten ekitaldietarako, horretara animatzen gara”.

Musika etxean bizitu izan du betidanik. Aita eta aitona musikariak ziren eta bera ere hiru urterekin hasi zen ikasketak egiten. “Orduan pedagogia oso ona izaten zen”, dio umore ukituz. “Solfeoan ez bazenuen asmatzen, belarrondokoa ematen zizuten, eta aurrera. Hala ere, ikasi nuen”. 20 urte ingururekin Eleuterio Tapia zenarekin trikitia eta soinua ikasten hasi zen. Ondoren, panderoa ikasten hasi zen: “Autodidakta izan naiz panderoarekin. Hainbat pandero joleri begiratzen nien, baina ez nuen klaserik hartu”. Joseba Tapiarekin 1984an hasi zen jotzen, trikitilariaren osaba zen Eleuterioren eskolan elkar ezagutu eta gero. Garai horietan ere Juan Mari Beltranek sortutako Txanbela taldean parte hartzen zuen Leturiak.

Tapiarekin 1986an eta 1988an irabazitako Euskal Herriko txapelek ekarri zieten ospea, eta lehen diskoak grabatzeko eta atzerrira bidaiatzeko aukera. “Orduan txapelketak garrantzi handikoak ziren. Irabazten zuenak plaza asko ziurtatuta zituen. Ospe handia ematen zuen. Ez ziren berriketak: 1988ko finalean zazpi mila entzule izan ziren”. 1987an atera zuten lehen diskoa, Jo eta hautsi. Ordudanik hainbat disko atera dituzte, azkena 2002an, Hain zuzen izenekoa.

Aitzindari izan dira trikitia hainbat musika estilorekin uztartzerakoan. “Musika mota asko entzuten genuen, eta interesgarria iruditu zitzaigun trikitiari beste ikuspegi bat ematea”, dio. Bikote izatetik talde izatera ere pasatu ziren eta folk, tex mex, country eta rock estiloak landu dituzte, besteak beste. “Bide bat ireki genuen trikitiarekin, baxua eta bateria sartuz taldean, adibidez”. Proiektu berriak egiten jarraitu zuten, eta talde bezala, tarteka musikariak aldatuz, orain bost urte inguru arte iraun dute.

Opor egun gutxi

Musikaren munduan murgildu aurretik, Kutxan lan egiten hasi zen eta egun ere bertan jarraitzen du, hortik ateratzen baitu soldata. Ez da erraza izan biak bateratzea, baina positiboa izan dela dio: “Horrela ez dut bukatu erreta ez batean ez bestean. Musika afizio bat bezala hartu dut. Lan bezala hartu izan banu hasieratik, ez nintzen musikaria izango”. Hori bai, ondorioak ere izan ditu bi jardunak bateratzeak: “Opor egunak kendu behar izaten dituzu emanaldietara joateko. Askotan lo gutxi egin izan dut; kontzertua berandu bukatu arren, hurrengo goizean berdin-berdin joan behar izaten nuen lanera”.

Noizean behin emanaldiak egiteaz gain, tarteka pandero ikastaroak ere ematen ditu Leturiak. Aurki Okzitaniako Tolosara eta Italiara, Turinera, joango da Tapiarekin batera. “Erremediorik gabe”, ondo moldatzen dira Leturia eta Tapia, ia 30 urte elkarrekin egon eta gero. “Tapiak nire emazteari esaten dio: ‘Nirekin egun gehiagotan egin du lo, zurekin baino’. Ezagutzen gara, anaiak bezala gara, eta badakigu bestea nola eraman”.

Harreman horretan, garrantzia handia izan du proiektu bat noiz bukatu jakiteak: “Gauzak garbi izanez gero, eta proiektuak bost urtetarako eginez gero, ez du denborarik ematen elkarrekin haserretzeko”. Aurrera begira ez du baztertzen proiektu gehiago sortuko direnik. Garbi du, baina, zerbait berezia egiteko izango dela: “Tapiari eta niri ikaragarri gustatzen zaigu jotzea. Hori ez da kontua. Zure karrera artistikoa progresio batean eraman baduzu, orain berriz ezin gara hasi 1985ean egiten genuen kontu batekin. Zerbait egitekotan, indartsua izan beharko luke”.