Donostiako metroaren lanak gelditzeko eskaera, berriz ere

Donostiako metroaren lanak gelditzeko eskaera, berriz ere

Unai Zubeldia

Beste zulo bat. Hirugarrena. Maiatzaren 7an. Donostiako metroaren lanetan, Kontxako hondartzako kabinetan, 138 metro kuboko zulo bat agertu zen maiatzean, “aurreko biak baino lau aldiz handiagoa”, Euskal Trenbide Sareak (ETS) onartu zuenez. Donostiako EH Bilduk salatu zuen metroko lanen inguruko “informazio falta” zegoela. “Herritarren eta langileen segurtasunagatik, eta beharrezkoak diren azterketa zehatzak egin arte, metroaren lanak bertan behera uzteko eskatzen dugu”, zioen.

Satorralaia Donostiako bizilagunen mugimenduak manifestazioa egin zuen abuztuaren 31n, eta metroaren lanak “zentzugabeak” direla salatu zuen. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari eskatu diote lanak bertan behera utz ditzala, lan horietan “beharrezkoak ez diren baliabide asko” xahutzen ari direla iritzita.

Gaia Eusko Legebiltzarrera

Urriaren amaieran, ELA sindikatuak Eusko Legebiltzarrera eraman zuen gaia. Sindikatuak azaldu zuen Mirakontxa pareko lanak berriz ere geldirik zeudela, baina ETSk adierazi zuen gune horretako lanak bakarrik zeudela geldirik, “oinarria indartu arte”. 53,2 milioi eurokoa zen metroko lanen bigarren zatiaren lehen aurrekontua, baina, Kontxan zuloak agertu eta lanak bigarrenez esleitu ondoren, 83,1 milioi eurora igo zen bigarren aurrekontua. “Lanen aurrekontua %56 igo da jada, eta arazoak izaten jarraitzen dute; aurrekontu hori are gehiago igo daiteke”, salatu du ELAk.

Satorralaiaren arabera, 173 milioi eurokoa zen Lugaritz-Kontxa-Easo arteko 4,1 kilometroko lanen lehen kostua, baina, arazoak tarteko, 200 milioi eurotik gora igo da jada aurrekontu hori.

Metroarekin soilik ez, Renfen ere arazoak izan dira azken hilabeteetan. Adif enpresa hirugarren erraila ezartzeko lanak egiten ari da Irun eta Astigarraga artean, euskal trenbide sarea Europako trenbideen zabalerara egokitzeko, eta, beste zenbait obrarekin batera, trenak atzeratzea eta murriztea eragin du horrek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.