Nafarroan ezagutu zuten elkar Segurako Elorri elkarteko kideek (Gipuzkoa) eta Urruñako Hazia eta Bertsoli elkartekoek (Lapurdi), orain hogei urte inguru. Lehen harremanak eta trukeak egin ondoren, orain hamazazpi urte antolatu zuten elkarrekin lehendabiziko Iparra-Hegoa kultur egitasmoa, eta kasualitatea, edo ez, Nafarroa da aurtengo jaialdiaren gai nagusia ere. Ekitaldi nagusiak hilaren 26tik apirilaren 1era izanagatik —denak Seguran—, Iparra-Hegoaren hilabete kulturala hilaren 2an hasi zen, Pausu-Urruñako Xaia ostatuan egin zen afari eta kontzertu batekin.
Baztandarren Biltzarrean izan zuten lehen harremana Xabier Albizu segurarrak eta Beñat Elizondo urruñarrak. “Ez dugu ondo oroitzen urtea, beti eztabaidatu izango dugu horretaz, baina 1992. urtea izan zela uste dut”, azaldu du Elizondok irribarrez. Biltzarrean kantu-txaranga bat zebilela, inguruan jende mordoxka zuela, inguratu zirela, eta haiek ere kantuan hasi zirela du gogoan Albizuk. “Hizketan aditu ondoren, Iparraldekoak zirela konturatu ginen”. Txaranga hartako partaidea zen Elizondo.
Handik denbora gutxira, 1993. urteko Altsasuko Nafarroa Oinez festan, berriz ere topo egin zuten, eta “bospasei ordu elkarrekin kantuan pasatu ondoren” —Elizondok gogoratu duenez— harremanetan hastea erabaki zuten, helbideak eta telefono zenbakiak trukatu eta gero. “Segurara, bertso afari batera, gonbidatu gintuzten Elorrikoek, eta hortik hasi ginen pentsatzen urrunago joan gintezkeela, Iparraldea Goierri aldean ezagutarazteko eta”. Albizuren arabera, afari hartara joan ziren gehienak Iparraldeko hautetsi abertzaleak, ikastoletako gurasoak eta esparru euskaltzaleko herritarrak ziren.
Urratsak egiten hastea
Hurrengoan, segurarrak joan ziren Iparraldera. “Urruñara joan ginen, baina txarangakideak Sarakoak, Azkaingoak, Hendaiakoak eta beste herri batzuetakoak ere baziren”, azaldu du Albizuk. Atzera berriz Segurara joan ziren Iparraldekoak, eta goierritarrek Seguran asteburu bateko egitaraua antolatzea erabaki zuten. “Ez zen lehen Iparra-Hegoa izan, baina bai horren aurreko asteburu bat. Oinarri horren bueltan sendotu zen gerora ezagutzen duguna”, zehaztu du Albizuk.
Iparra-Hegoaren lehen ekitaldia jaialdi bat izan zen, asteburu batekoa, eta Segurako Baratze pilotalekua izan zen festalekua. “Iparraldeko talderen batek jo zuen larunbatean, eta, gero, igandean herri bazkari bat egin genuen. Kuxkuxtu txaranga ekarri genuen, Hazparneko joaldunak ere bai, Baigorriko dultzaina jotzaileak… Hitzaldiren bat ere izan zen. Hortxe mugitu ginen”, gogoratu du Albizuk.
Lehen aldi horretan jarritako haziak laburbiltzen ditu Iparra-Hegoa kultur egitasmoaren lau helburu nagusiak: Ipar eta Hego Euskal Herriko jendearen arteko harremanak bultzatzea; elkarren arteko kultura, hizkuntza eta ohiturak trukatzea; gerturatze guneak eta ekintzak sortzea; eta Euskal Herria osatzeko bidea jorratzen laguntzea.
Eta hamazazpi urteren ondoren, hasierako urte haietan zegoen “muga psikologikoa” gainditzea lortu dutela diote biek ala biek. “Hainbat fase izan ditugu, baina denborarekin harremanak normalizatzea lortu dugu. Muga fisikoa bazegoen, eta badago, baina uste dut batez ere psikologikoa dela muga hori. Garai hartan elkar ezagutzeko gosea sentitzen genuen”, azaldu du Albizuk. Elizondoren esanetan, berriz, egiten ari diren elkarlana “oso ongi” ikusten dute Ipar Euskal Herrian. “Entzuten ditugun hitzak edo kritikak oso onak dira. Euskal Kultur Erakundeak ere diruz laguntzen gaitu duela sei urtetik, ikusten baitu jende askoren oniritzia dugula”.
Gaur egun Iparra-Hegoa elkarteak Bidasoaren bi aldeetan daude, eta bietan dira legezkoak eta ofizialak. Ipar Euskal Herrikoaren kasuan, elkarteko kide gehienak Lapurdikoak dira, baina badira beste herrialdeetakoak ere; eta Hegoaldekoen artean, gunea Seguran egonik ere, Goierriko herrietako eta beste hiru herrialdeetako kideek osatzen dute elkartea.
Gai baten lanketa ardatz
Hasiera hartan, 1994-95 urteetan, asteburu bat zena kultur aste bihurtu zen. Gerora, kultur astea urte osoko ekintzekin uztartzen hasi ziren, eta, azken urteetan, hilabete kulturala antolatu izan dute. Baina, betiere, eta hori da egitasmoaren ardatzetako bat, gai jakin batekin lotu izan dute, urtez urte, Iparra-Hegoa: hasieran Iparraldea hartu zuten osorik; ondoren Iparraldeko hiru herrialdeak banan-banan; gero Hegoaldeko laurak; eta Diaspora segidan, Argentinako Euskal Etxe batek lagunduta. “Horiekin bukatuta, Lurra, Itsasoa, euskal komunikabideak eta antzekoak landu izan ditugu”, nabarmendu du Albizuk. Aurtengo gaia Nafarroa Euskal Estatua, 1200-1512-2012 da. “Historia bere lekuan kokatzea garrantzitsua da, lehengoa ezagutzen ez duenak gaurkoa ezingo baitu ulertu, eta ezingo du geroa proiektatu”.
Elkarlan hori, ordea, ez da hilabete bakarrera mugatzen. Goierriko ikastolak eta Urruña-Ziburukoak elkarlanean ari dira, eta jaialdiak antolatzen dituzte dirua biltzeko. Euskal Herriko ikastetxeen arteko topaketak ere antolatzen dituzte —aurten Lodosa (Nafarroa), Senpere-Azkaine (Lapurdi) eta Segurakoak elkartuko dira—. Beste erakunde batzuekin lankidetzan antolatzen duten Euskal Herriko Mus Txapelketa da azken ekitaldi garrantzitsua. Elkarlan horrek guztiak Seguran jotzen du goia urtero, Itsasutik (Lapurdi) Segurara eramandako gereziondoaren bueltan egiten den ekitaldian.