Iragan astelehenaz geroztik Gipuzkoatik SOS Deiak telefonora egindako larrialdi deiak Gipuzkoan ez baina Bizkaian hartzen dituzte. Hala, aldaketa horrekin, Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia Arretarako Zuzendaritzak burura eraman du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerbitzuak bateratzeko hartutako erabakia. 1993an arretarako zerbitzu hori sortu zenetik, hiru herrialdeetako bakoitzean ordezkaritza bana eduki du. Astelehenetik, ordea, Bilboko Txurdinaga auzoan erantzuten zaie larrialdi dei guztiei. Ordea, larrialdietarako koordinazio zentroak herrialde bakoitzean mantentzen dira. Alegia, ertzainak eta osasun zerbitzuak ez dituzte lekualdatu; bai, ordea, larrialdi deien arreta zerbitzua.
Eusko Jaurlaritzako Barne Sailaren arabera, “hobe daitekeen” zerbitzu bat optimizatzea da euren helburua. Barne Sailak kudeatzen du Larrialdien Zuzendaritza. Hala, Barne Sailak adierazi du Gipuzkoako herritarrak orain ez direla okerrago artatuko.
Langileak, ordea, ez dira iritzi berekoak. Batetik, gipuzkoarrei eskainiko zaien zerbitzua kaltetuta aterako dela uste dute. Eta, bestetik, euren lan baldintzek ere nabarmen egingo dutela okerrera. Izan ere, urtean 1.800 ordu lan egiten dute eta 1.000 euroko soldata jasotzen dute. Langileek oroitarazi dute soldata horri Bilborainoko garraioak eragingo liekeen gastu gehigarria kendu eta bidaian iragan beharreko denbora batu beharko diotela.
Donostiako larrialdietako arreta zerbitzuan hemezortzi lagunek lan egiten zuten; guztiek Eusko Jaurlaritzak azpikontratatutako Xupera XXI SL enpresarentzat. Oraigoz hemezortzi langile horietatik hiruk onartu dute Txurdinagako zentrora lekualdatzea. Bien bitartean, gainerakoek protestan jarraitzen dute.
Egoera salatzeko, astelehenetik asteartera itxialdia egin zuten langileek, eta astearte arratsaldean bilera egin zuten enpresako ordezkariekin. Akordiorik lortu ez bazuten ere, gaur beste bilera bat egitekotan dira. Gaurko bilera egiteko hitzordua adostuta, astearte iluntzean langileek bertan behera utzi zuten itxialdia, euren “borondate onaren” adierazgarri. Edozein modutan, langileen ordezkariek argi utzi nahi izan dute ez dutela berriz ere mobilizazioei ekitea baztertzen, gaurko bileraren zain badaude ere.