“Elgeta erresistentziaren ikonoa da, baina baita errepresioarena ere”

Eider Goenaga Lizaso

Gaurko egunez, duela 79 urte, zeruari begira zeuden elgetarrak. 1936ko gerra zen, eta Intxortako frontean zazpi hilabete zeramatzaten faxisten erasoaldiei eusten. Italiako gerra hegazkinek herria bonbardatu zuten, apirilaren 22tik 24ra. 24an, frontea erori egin zen. Etzi, gertaera horiek aitzakiatzat hartuta, Intxortako Erresistentzia Eguna egingo dute Elgetan. Zeruari begiratuko diote egun horretan ere elgetarrek; egun handia da haientzat, eta eguraldia lagun egin nahi dituzte ekitaldiak. Iraitz Lazkano alkateak (Elgeta, 1987) Hitza-rekin hitz egin du gaiari buruz.

Elgetako Udala eta Intxorta 1937 kultur elkartea dira Intxorta Egunaren antolatzaile. Zertan oinarritzen da bien arteko elkarlana?

Elgetako Udalak aspalditxo hartua dauka konpromisoa memoria historikoa berreskuratzeko, eta garai hartako krimenak, oraindik epaitu gabeak, salatzeko.

Elgeta izan zen Iparraldeko Fronteko lekurik gogor eta esanguratsuenetako bat; eta, ondorioz, hemen beti izan da memoria historikoaren inguruko kezka. Badira urte batzuk Elgetako Udala hasi zela Intxorta taldekoekin elkarlanean. Emaitza garrantzitsuena Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroa litzateke, Intxortako frontea ezagutzeko bisita gidatuekin batera.

Zer ikus daiteke bisita horietan?

Hileko lehen eta azken igandeetan egiten dira. Lau bat orduko bisita da, nahiko sakona, eta erabiltzen dugu frontean gertatutakoa azaltzeko, eta bai gerran eta bai gerraostean bizi izan zirenak kontatzeko. Bost kilometroko ibilbide zirkularra da, interpretazio zentrotik abiatuta. Eta bidean Intxortako fronteko kokalekurik inportanteenak daude berreskuratuta: lubakiak, babeslekuak…

Interpretazio zentroa eta ibilbidea. Osagarriak dira biak?

Bai, batak bestea gabe, eta besteak bata gabe, zentzua galtzen dute. Bakarrik ibilbidea eginez gero, ez dago aukerarik orduko egunkari, arma eta abar ikusteko; eta interpretazio zentroak ere ez du ematen fronteak izandako dimentsioaren irudia. Bestalde, hirugarren elementua ere gehitu diogu, sakelako telefonoetarako aplikazio bat, non bisita egin daitekeen audio-gida batekin. Guk, halere, bisita gidatuetan parte hartzera deitzen ditugu bisitariak, osatuagoa da.

Zein da bisitariaren profila?

Bi bisitari mota izaten dira. Batetik igandetan, bai edo bai, antolatzen ditugun bisitetara etortzen direnak, eta, bestetik, ikastetxeetatik datozenak. DBHko bigarren maila eta Batxilergoko bigarren mailakoak izaten dira, nagusiki, maila horietan lantzen dutelako 1936ko gerra. Oso bisita emankorrak dira. Liburu batean fronte batek zerbait txikia dirudi; Elgetan ohartzen dira benetan bost kilometroko fronte batean zenbat gauza gertatu ziren; fronte baten dimentsio erreala ikusten dute.

Elgetarrentzat zein esanahi du Intxortak?

Hemen denok dugu senideren bat, edo ezagunen baten aiton-amonak, Intxortako frontean ibilitakoak, eta hori oso presente dago. Erresistentziaren ikono bat izan da Euskal Herri guztian, eta elgetarrok horrela sentitzen dugu. Gainera, ez bakarrik erresistentziarena, errepresioaren sinbolo ere bada. Frankistak sartu zirenean, bi eguneko baimen bat izan zuen, nahi zuten edozein basakeria egiteko; bortxaketak, lapurretak, hilketak… bata bestearen atzetik izan ziren, eta krimen horiengatik inor ez da epaitua edo zigortua izan. Eta inor epaitu eta zigortzea agian ez da lortuko, baina behintzat bai egia jakitea, egia oso jakitea. Zer gertatu zen jakin eta jendeari jakinaraztea ere bada epaitzeko modu bat, epaiketa publiko bat, eta hori memoria historikoaren bidez egiten da.

Beraz, igandea egun berezia izango da zuentzat.

Bai, Intxortako Erresistentzia Eguna da, eta aurten bi arrazoirengatik izango da berezia. Batetik, emakumeei egingo zaielako omenaldia; zapalkuntza, ahanztura eta umiliazio bikoitza pairatu duen kolektiboa. Eta, bestetik, aurtengo Intxorta Eguna apirilaren 24an delako, eta hain justu ere egun horretan sartu zirelako frankistak Elgetara. 79 urte beteko dira justu.

Omenaldiaz gain, gerraren errekreazioa egingo dute herritarrek.

Aurtengoa jada laugarrena da, eta urtez urte parte hartzaile kopurua handitzen goaz. Aurten, 145 lagunek parte hartuko dute, eta horietako laurdenak emakumeak dira, inoizko kopururik altuena. Beti bultzatu nahi izan dugu errekreazioan emakumeek parte hartzea, eta aurten, gehiago.

Fronteko borrokaldi baten errekreazioa egiten da, eta urtero saiatzen gara elementu berriren bat sartzen. Baina, funtsean, irudikatzen duguna bera da; alegia, frankistek Intxortako frontearen kontra egindako erasoaldi hori, eta nola behin eta berriz atzera egin behar izan zuten, ez zirelako gai izan fronte hori hausteko.

1937ko apirilaren 24ra arte.

Bai, baina apirilaren 24an ere ez zuten frontea apurtu, Elorriotik sartu ziren, atzetik. Frontea erori zen, baina ezin izan zuten frontea aurretik gainditu.

Zergatik joan beharko luke jendeak etzi Elgetara?

Jendeari esango nioke oso ekitaldi interesgarria dela; Elgetan egiten dugula, baina hemen egiten duguna baliagarria dela beste tokietako jendearentzat ere. Memoria aldarrikatzen dugula, hainbeste denboran isilduta egon den jende baten eta herri baten memoria, eta etor daitezela Elgetara, memoria hori zuzenean ikusi eta aldarrikatzera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.