Maite Alustiza
Sei hilabete baino gutxiago falta dira Bergarako Kilometroetarako, eta bide onetik doaz prestaketak: martxan dira batzordeak eta aurkeztear dira Demasa abestia. Aranzadi ikastolarekin batera, Airez taldea ere buru-belarri dabil. Lau kidek osatzen dute, eta parte hartze prozesu baten bidez, haurrentzako gune bat diseinatu nahi dute. Blai-blai prozesuaren inguruan aritu dira Hitza-rekin Airez taldeko Maite Aranzabal (Bergara, 1991) eta Xabi Luke (Eibar, 1991), eta Mikel Egibar (Zizurkil, 1963) Kilometroen koordinatzailea.
Nondik datorkie lau gazteri gai honekiko interesa?
XABI LUKE: Francesco Tonucciren haurren hiria proposamena ezagutu genuen, eta horren bueltan interesa piztu zitzaigun. Tonuccik esaten du haurren ikuspuntutik eraikitako hiri bat guztientzako hiri bat dela. Argi dago azken hamarkadetan egin diren eraldaketa guztietan haurrak ahaztuak izan direla. Guk honako hau esaten dugu: har ditzagun haurrak, jar ditzagun erdian, eta has gaitezen eraldatzen hiria beren ikuspuntutik. Laurok Berrekin. Berregin ikastaroan ezagutu genuen elkar, eta handik hasi ginen hausnartzen, proiektu bat martxan jarri nahian.
MAITE ARANZABAL: Kilometroetako egunari begira jarri dugu martxan, eta haurrentzako gune bat diseinatu edo sortuko da, parte hartze bidez eta protagonistak haurrak direla. Ikastolako haurrekin egingo dugu, baina herritarrei irekita ere badago. Aitzakia gisa hartzen dugu Kilometroetako eguna, baina ez diogu egun horri inportantzia gehien eman nahi, azkenean prozesua gaurtik [asteartetik] ebaluaziora artekoa da. Gure helburu bat da demostratzea herritar guztien lanarekin edo parte hartzearekin baina haurrak kontuan hartuta posible dela zerbait sortzea.
Nola txertatu duzue proiektua Kilometroen barruan?
MIKEL EGIBAR: Aurtengo Kilometroak antolatzerakoan konturatu ginen gero eta gehiago makrojai honen testuingurua kontsumoaren jaia bilakatzen ari dela; beraz, aurten balio erantsi bat eman nahi izan diogu. Balio erantsia da parte hartze prozesu bat egin, eta, ahal bada, parte hartze prozesu horren gainetik autogestioa ere bultzatzea. Gure esparru naturala hezkuntza arloa da, heziketaren arloa, eta, kasu horretan, bai gurasoekin eta bai gazteekin saiatuko gara autogestio prozesua bideratzen. Autokritika batetik abiatzen gara. Batetik, jendeak makrojaia kontsumo gisa ikusten du, eta, bestetik, jatorrizko ideia berreskuratu nahi dugu: ikastolaren mugimenduak eta bereziki Kilometroek ondasun bat uzten dute amaitutakoan, herriak berak baliatzen duena.
Aste honetan aurkeztu duzue Blai-blai prozesua. Hemendik aurrera, zer?
M.A.: Hiru fasetan irudikatu dugu prozesua. Lehenengoa da diagnostikoa egitea, zein behar dauden ikustea. Hori bi zatitan egingo dugu: ikastolan haurrekin, eta paraleloki, herriko foroan. Azken horretan edozein haur zein helduk parte hartu ahalko du, eta bi saio aurreikusten ditugu [lehena, maiatzaren 3an]. Gero, bateratze fase bat egingo genuke, eta behin behar horiek identifikatuta, ekainean hasiko ginateke proposamenak diseinatzen, betiere errealitatera egokituta, ikusita zer baliabide dauzkagun, denbora…
X.L.: Udara diseinu jakin batekin helduko ginateke, eta azken fasea geratuko litzaiguke: gauzatzea. Irailean hasi eta urriaren 2an ikusi ahal izango genuke emaitza, disfrutatu. Kilometroen ondoren azken fase bat egingo da: prozesu guztiaren ebaluazioa.
Ikastolan, adin guztietako haurrekin egingo duzue prozesua?
M.A.: Zehaztu dugu Haur Hezkuntzako 5 urteko gelarekin eta Lehen Hezkuntzako hirugarren mailarekin egingo dugula. Horiek ordezkatuko dituzte bi zikloak. Denbora aldetik ez daukagu tartea gela bakoitzarekin saio bat egiteko. Bestalde, 5 urtekoak dira joko gehien emango dutenak, eta hirugarren maila hartu dugu frogatuta dagoelako, seigarren mailan adibidez, errazagoa dela euren iritzi naturala eman ordez helduen iritzia ematea, helduek entzun nahi dutena.
Jendeak imajina dezan. Gune horrek zer forma izan dezake?
M.A.: Hori ezin daiteke aurreikus; guk zerbait irudikatzen badugu, jada markatuz joango gara. Lehenengo beraien hitza entzun behar da. Azkenean haurren begiak denon begiak dira, neutralenak eta zintzoenak beren buruarekin eta guztionarekin. Ezin dugu aurreikusi muntatze bat den, edo egitarau bat, zerbait fisikoa, parke bat…Agian orain haur batek esaten dizu ur parke bat nahi duela, baina baliabideak ikusi behar ditugu. Gure lana hori bideratzea izango da, beren nahia posible den leku batera eramatea.
Prozesu honek zer ekarriko dio herriari?
M.E.: Ikastolak askotan oso murgilduta gaude diseinu kurrikularretan eta bereziki programazioaren barruan dagoen pedagogian. Hemen, Aranzadi ikastolan, konfiantza pedagogia daukagu. Ordu programatuetan aplikatzen den pedagogia bat baldin badago, zergatik ez aisialdirako? Askotan kontsideratzen da aisialdia kirol edo beste esparru bateko jarduerak direla. Ni pertsonalki maiteminduta geratu naiz Airez-en proiektuarekin, hain zuzen ere, beste hitz batzuekin, baina bada nolabait aisialdiari egokitzen zaion konfiantza pedagogia bat. Hau da, alde batetik, komunitatearen zentzua guztiz zabaltzen da: parte hartze prozesua, haurrak, gurasoak…Eta, beste alde batetik, haurra da protagonista; hitza ematen zaio. Hori guztia, gainera, espazio konkretu batean: hiriaren espazioan.
Aurten hirugarrenez egingo dira Kilometroak Bergaran. Zein behar ditu orain ikastolak?
M.E.: Ikastolak inbertsio handia egin zuen eraikina berritzeko, eta baita konfiantza pedagogia garatzeko ere. Gastu handi bati mailegu baten bidez aurre egin behar izan diogu. Gero, noski, asmoa dago konfiantza pedagogia beste etapetan jarraitzeko, ez mugatzea Haur Hezkuntzan bakarrik.
Iazko Kilometroetan, Usurbilen, hiru printzipio landu zituzten: iraunkortasuna, parekidetasuna eta inklusibotasuna. Zuek bide horri jarraituko diozue?
M.E.: Bai, eta ildo komunikatiboan aniztasunaren printzipioa zehaztu zen. Aniztasuna modu zabal batean, ez bakarrik zentzu linguistikoan edo arrazakeriaren kontuan, baita adimen kontuan ere. Ez kontsideratzea bakarrik adimen mota bakarra, badaude beste inteligentzia mota batzuk. Aniztasun horren barruan abiatzen da parte hartze prozesua ere. Aniztasuna gai hartuta, Demasa Astea egingo dugu, apirilaren 26tik 30era.
Leave a Reply