“Gure Esku Dago-k jendeari ilusioa sortu dio, eta eragitera animatu dira”

M. Alustiza

Kasualitateak eta “dena probatu nahiak” eraman zuten Beñat Zamalloa Akizu (Aretxabaleta, 1986) kazetaritzan bertsolaritza lantzen hastera. Besteak beste, Rikardo Arregi saria jaso zuen duela bi urte, hainbat hedabidetan 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaz egindako jarraipenagatik —tartean, BERRIAn—. Kazetaritzari lotuta, beste hainbat lanetan ere badabil egun.

Txikitako zein oroitzapen dauzkazu Aretxabaletan? Nola gogoratzen duzu?

Txiki-txikitakoak familia arteko oroitzapenak dauzkat herrian. Arrebekin eta lehengusuekin igarotako garaiak. Artean plan asko egiten genituen adin bertsuko lehengusuekin. Etxe pareko plazoletan —Urbaltzekoan— inguruan bizi ginen haurrak eta gaztetxoak ere biltzen ginen, eta hor adin tarteak zabalagoak ere izaten ziren.

Zer da Aretxabaletatik gehien gustatzen zaizuna?

Inguru hurbila gertu izatea. Egun, herritik gehien erakartzen nauena hori da: ilobak, lagunetako batzuk, familiakideak… gertu izatea, eta eurekin elkartu eta egoteko aukera maiz izatea.

Eta zer aldatuko zenuke?

Ez dago herrian eta herria bizitzeko proiekturik, eta uste dut beharrezkoa dugula. Arlo guzti-guztietan, nolako herria nahi dugun erabaki, eta proiektua garatu beharko genuke. Herriak esango nuke ez duela aparteko bizitzeko eta elkarbizitzarako ilusiorik sortzen, eta unean uneko ekimenak egiten dira, norabide bakoak.

Kultur mugimenduko hainbat saltsatan ibili zara eta zabiltza: Ba mugimendua koordinatzen, Zast taldean kontalari… Nola ikusten duzu Aretxabaleta alde horretatik?

Mugimenduetatik herria gutxien bizitzen nabilen garaia da. Mugimendu handiena, beste herri batzuetan bezala, Gure Esku Dago-k sortu du. Jendeari ilusioa sortu diola ikusten dut, eta eragitera animatu direla. Gainontzean, ez dakit oso ondo neurtzen mugimenduak zein egoeratan dauden.

Bertso munduarekin gertuko harremana duzu. Hedabideetan berri emateaz gain, Aretxabaletako bertso eskolaren sustatzaileetako bat ere bazara. Nondik datorkizu zaletasuna?

Osaba Almeneko bertso eskolako sustatzaileetako bat izan zen, eta aiton-amonak bertso saioetara joaten zirela maiz entzun izan dugu. Amaren aldetik bertsoa oso presente izan dugu, beraz. Lehenago, zaletasun handiagoa nuen; egun, gehiago kostatzen zait bertsozaletasunari lotutako planak egitea.

Aholkatu herriko txoko bat.

Galartza auzoa aukeratuko nuke. Espazioa eta duen ikusmira baino gehiago, bertan bizi izandakoengatik gustatzen zait. Urrun gabe dago Ametza. Amamaren baserria izandakoa dago han. Osabak dauka baserria han, eta leku aproposa dugu bistengatik begiek eta konpainiarengatik barruek goza dezaten.

Aretxabaletan biziko ez bazina, non bizitzea gustatuko litzaizuke?

Izan nituen garaiak oso aretxabaletar sentitu nintzenak, eta inondik ere irtengo ez nintzatekeenak. Kurioski, garai horietan bizi izan nintzen gehien herritik kanpora. Egun, proiektu pertsonal edota profesional interesgarririk banu, ez nuke arazorik izango beste nonbait bizitzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.