“Sinboloak kenduta, zorra kitatuta dagoela ematen du”

Oraindik gainditu gabeko errealitate gordin baten ikurrak dira frankismoaren sinboloak Lau Haizetara Gogoan taldeko kide Antxon Gomezentzat (Gasteiz, 1964), baina horixe bakarrik: sinboloak. Benetako konponketarako ikurrak baino gehiago desagerrarazi behar dela uste du.

Eusko Jaurlaritzaren txostena sinbolismo hutsean gelditu dela salatu izan duzue.

Ez diogu kentzen garrantzia sinbologiari, baina askotan ematen du hainbat sinbolo frankista kenduta ja frankismoarekiko zorra kitatuta dagoela. Eta hori ez da horrela, ezta gutxiago ere. Hala ere, hausnarketarako gaia izan behar luke, hainbeste urte pasa eta gero, oraindik sinbologia frankista gelditzea Euskal Herrian.

Hala ere, Araban eta Bizkaian baino arrasto gutxiago topatu dituzte Gipuzkoan, asko jada kenduta zeudelako. Noiz hasi ziren horiek kentzen, eta noren ekimenez?

Frankismoko sinboloen aurkako borroka aspalditik dator. Euskal Herrian era ilegalean hasi zen, frankismoan bertan. Leku batzuetan jendearen ekimena izan da, oroigarri bat edo plaka bat hautsi edo kendu dutenean; beste batzuetan, udalak beraiek izan dira. Baina gauza hauetan guztietan tranpa bat dago. Esaterako, Espainiako bandera: nahiz eta armarria aldatu eta armarri monarkikoa jarri, kolore frankistak mantendu zituen, eta hori izan zen trantsizioaren ikurretako bat. Adin batekook buruan daukagu Espainiako Alderdi Komunistaren prentsaurreko famatu hura, non bandera errepublikanoa baztertzen duten eta bandera frankista hartzen duten. Espainiako banderak berak kolore frankistak mantentzea ere sinbologia frankistaren jarraipen bat da.

Monarkia bezala; monarkiak daukan alde sinbolikoa kontuan hartuta, frankismoaren jarraipen zuzena da. Ken daitezke falangearen sinbolokoak eta halakoak, baina gelditzen dira sinbolo indartsuago batzuk frankismotik datozenak eta hor irauten dutenak.

Zergatik datoz arau hauek orain?

Trantsizioa egin zen, egin zen moduan. Erregimen frankistak ekarri zituen gizateriaren kontrako krimenak, eta gero estatu terrorismozko urte luzeak; eta hori trantsiziotik zigorgabetasun osoz igaro zen. Eta hor kristoren inertziak daude: [Espainiako Gobernuko bozeramaile Soraya Saenz de Santamariaren aita, adibidez, 1936ko gerra frankistekin egin zuen militar bat izan zen. Gaur egun boterean dauden eskuindar asko ez dira bakarrik frankisten seme-alaba politikoak; seme-alaba biologikoak ere badira. Hor interesak daude gauza horiek ez ikertzeko. Eta hasiko bagina Euskal Herriko PPko politikari askoren familiak aztertzen, ikusiko genuke hor ere frankista pila bat daudela.

Zer egin behar litzateke?

Sinbologiarena atal bat da, eta guk ez diogu garrantzirik kentzen, baina guretzat funtsezkoena da frankismoari epaiketa bat egin behar zaiola, gizateriaren krimenengatik eta estatu terrorismoagatik. Sinbologiarena? Geronek ere bultzatzen dugu udal mailan sinboloak kentzea. Lau Haizetara Gogoan-en lan ardatzak egia, justizia eta konponketa dira; sinbologia kentzea konponketaren zati gisa ikus genezake.

Nola saihestu liteke horrekin jada egindatzat ematea egin beharreko guztia?

Garbi edukiz egoera nola dagoen. Gure senideei egindako epaiketak oraindik indarrean daude, ez dira bertan behera utzi. Sinboloez ari garenez gero, badago deklarazio bat, sinbolikoa, esaten duena epaiketa horiek oso gaizki egon zirela eta ez zirela egin behar, baina estatuari eskatu izan diogunean epaiketa hori bertan behera uztea, ezetz esan dute. Ez da haustura demokratikoa eman, eta estatuaren aparatu guztiak frankismoaren aparatuen oinordekoak dira: Polizia, armada, auzitegiak, denak. Hor egongo ziren deribazio ekonomikoak eta.