Josune Zarandona
Goitibeherak gustuko zituzten Legazpiko hiru lagunek sortu zuten Maldan Behera inertzia kirolen elkartea, 2014an. Dena den, bi urte lehenagotik hasita zeuden talde gisa lanean, Legazpiko Santakruz jaietan egiten zuten goitibehera lasterketa berreskuratzeko eta antolatzeko aitzakian elkartuta, batez ere. Ordutik, asko aldatu da taldea, garatu egin da, eta, herriko lasterketa antolatzeaz gain, gaur egun “garrantzi handiko elkarte” bihurtu da, Julen Agirreburualde elkartearen sortzaile eta lehendakariaren esanetan. “Baita, akaso, zenbaitentzako erreferente ere”. Pandemiaren eraginez bi urte hauetan galdutakoa berreskuratzeko asmoz, Euskal Inertzia Kopa antolatzeko lanetan dabiltza orain, buru-belarri, “beste talde batzuekin elkarlanean”. Gaur amaituko da horretarako abian duten diru bilketa.
Inertziaz mugitzen den ibilgailu bat erabilita —goitibeherak—, aurrez zehaztutako ibilbide bat ahalik eta denborarik gutxienean burutzean datza inertzia kirola. Agirreburualdek dioenez, Euskal Herrian “aspaldikoa” da goitibeheretarako ohitura; “kostaldeko herrietan, batez ere”. Gaineratu duenez, jaien testuinguruan 1980ko hamarkadan izan zen goitibeheren urrezko aroa, baina 2000tik 2010era Gipuzkoan galduz joan zen horrelako lasterketak egiteko ohitura. “Andoaingo eta Olaberriko lasterketak desagertu egin ziren, adibidez. Gipuzkoan, gaur egun, Idiazabalgoa izango da oraindik egiten den lasterketarik zaharrena”. Idiazabalen ez ezik, Legazpin, Oñatin, Bergaran… ere lortu dute garai batean egiten zituzten lasterketak berreskuratzea.
Ezagutarazi nahian
Maldan Behera elkartearen helburu nagusietako bat horixe da: garai bateko goitibehera lasterketak berreskuratzea; hain zuzen, horretan dabiltza azken urteotan. Elkartearen hiru adar nabarmendu ditu Agirreburualdek: “Sputnik goitibeheren erakustaldiak egiten ditugu herriz herri, haurrentzat; hainbat tokitako lasterketak eta txapelketak antolatzeaz eta kudeatzeaz arduratzen gara; eta, orain, Euskal Inertzia Kopa antolatu nahian gabiltza”.
Sputnik goitibeherak “goitibehera klasikoen eboluzio bat” direla azaldu du Agirreburualdek: “Ez dute markarik uzten errepidean, ez dute zaratarik ateratzen, eta bixiagoak dira”. Maldan Behera elkarteak Sputnik goitibeheren patentea eskuratu zuen 2017an, eta ibilgailu mota horiek egiteaz eta saltzeaz ere arduratzen dira gaur egun. “Baina badira gurpil pneumatikodunak ere, trizikloak, longboard-ak, lerroko patinak… Ibilgailu motaren arabera, goitibeherek sailkapen desberdina izaten dute lasterketetan”, esan du Agirreburualdek.
Goitibeherekiko zaletasuna ez da soilik Euskal Herriko kontua. Espainian eta Europako hainbat herrialdetan ere oraindik bizirik eusten diote ohiturari. “Europan, esaterako, lortu dute lasterketei nolabaiteko seriotasuna ematea, jai girotik urrundu gabe. Italian, adibidez, automobilismoaren adar bat dela esan daiteke. Hain zuzen ere, hori landu nahi dugu hemen, nondik gatozen ahaztu gabe”, azaldu du Legazpiko elkarteko lehendakariak. 2010ean Asturias (Espainia), Galizia eta Kataluniako goitibeherazaleak elkartu eta “lasterketa serioagoak” antolatzen hasi zirela jakinarazi du Agirreburualdek.
2019an jo zuen goia
Haren hitzetan, 2019a izan zen Maldan Behera elkartearen “urte gorena”, Europako Txapelketa ekarri zutelako Legazpira. Aurretik, Euskal Herrian inoiz egin gabeak ziren horrelako lehiaketarik, eta beste elkarte eta zale batzuekin harremanak estutzeko aukera eman zien txapelketa horrek. Hor hasi zen gorpuzten Euskal Kopa antolatzeko ideia. “2020rako prestatu nahi genuen, baina dena bertan behera geratu zen pandemiaren eraginez”, esan du.
2020a “galdutako urtea” izan zen, eta 2021ean lasterketa batzuk berreskuratu zituzten arren —besteak beste, Espainiako Txapelketa antolatzen lagundu zuen Legazpiko elkarteak—, “kalte handia” eragin zuen pandemiak. “Lasterketa asko bertan behera geratu dira, eta pilotu askok parte hartzeari utzi diote”.
Baina ez dute etsi, eta berriro heldu diote Euskal Inertzia Kopa antolatzeko ideiari. “Jada hainbat lasterketa lotuta ditugu Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta Nafarroan besteren bat antolatzeko lanean ari gara”. Apirilean edo maiatzean eman nahi diote hasiera Euskal Kopari. Ordura arte, babesleak erakartzeko lana izango dute lehentasuna, “batik bat, herri txikietako lasterketak antolatzen laguntzeko”.
Leave a Reply