Leire Narbaiza
Asko kostatzen zait izenak ikastea eta gogoratzea. Ikaragarri. Eta adinean aurrera egin ahala, askoz gehiago. Arazoa da, edo behintzat oztopoa, nire lanean. Urtero ikasle multzo ederra ezagutu, eta ikasturte osoan pertsona horiekin hartu-emana izan behar, baina izenak nahastea eta ahaztea ez da ganorazkoa. Denbora luzea eta esfortzu handia egiten dut buruan sartzeko, baina askotan ez du funtzionatzen. Desastrea.
Denboragarrenean ikasle ohi bat ikusi, eta sarritan hortxe ibiltzen naiz burmuineko zokorik kiribilduenetan bere graziaren bila. Topatzen ditut bere beste zenbait kontu: zein erraztasun edota zailtasun zituen, kontatu zuen anekdota bitxia, non bizi zen… baina izena garuneko kaxoiren baten galduta izaten dut. Kaxoi diot konturatu naizelako izenak sailkatu egiten ditudala. Itxuraren araberako klasifikazioa: euskaraz, gaztelaniaz, polita, klasikoa, arrunta, berria, ama birjinarena… horrela nahi barik gordetzen ditut. Eta tiradera horietan ibiltzen naiz bila: euskarazkoa eta sabindarra, gaztelaniazkoa eta klasikoa… Batzuetan funtzionatzen dit eta aurkitzen dut.
Izenak gutaz asko esaten duela iruditzen zait. Edo, hobeto esanda, gure inguruaz informazio asko ematen duela uste dut. Adibidez, gure amaren belaunaldikoak ia denak dira Maria: Ana Mari, Rosa Mari, Mari Asun… Horrelako izenen bat entzun bezain laster, pertsona zein adin tartetan dabilen antzeman genezake. Batzuetan hanka sartuko dugu, baina asmatu ere askotan asmatuko dugu.
Mari Asun izeneko emakume asko neuzkan inguruan umetan. Munduko izenik txarrena zela begitantzen zitzaidan. Zelan liteke Asun jartzea pertsona bati? Ez nekien Asun Asunción zenik; jakina, umea nintzen. Pentsatzen nuen asunengatik zela, etengabe pikatzen gintuen landarearengatik. Haurtzaroan “belar” gorrotatuena, gure sasoian behintzat. Gure ama Rosa Mari izanda, lore izena, zergatik ez beste bat asuna? Logika hutsa! Guraso krudelak behar dira, gero, erretzen duen landare gaiztoarekin bataiatzeko ume hanka-gorria!
Esan dudan moduan, gure inguruaz asko esan lezake izenak; izan ere, jarri egiten zaigu jaiotzen garenean, inposatu esan genezake. Ezagutzen dut baten bat Pako izatetik Javi izatera pasatu dena, baina Francisco Javier zen erregistroan. Edo Camino zena, Maria bihurtuta. Gaztelaniatik euskarara pasatutakoak ere bai, baina beren buruari izen berririk jarritakorik ez. Gaitzizen edo txigarriren bat onar genezake, eta gure egin. Dena den, horiek ere besteek ezarritakoak izaten dira. Transexualen kasuan, ordea, eurek erabakitzen dute zein izen izango duten. Eta izen aukeratze horrek sekulako jakin-mina eragiten dit: pertsona horrek zeren arabera hautatzen duen, zein identifikazio eraikitzen duen izen horrekin, noiz erabakitzen duen izen horrek bera izendatuko duela. Prozesu zaila delakoan nago, baina ederra ere baderitzot bilatze lan horri, nork bere izaera kontuan izanda, bere burua bataiatzea dakarrelako. Benetan garrantzitsua, aspaldiko esaera zahar batek ederki azaltzen duen moduan: “Izena duenak, izana ere badu”. Badena bakarrik izendatzen dugulako.
Horregatik egiten zait hain gogorra nire ezintasun hori, desizendu egiten ditudalakoan pertsonok. Hala ote?
Leave a Reply