Juan Luis Zabala
Gaur egungo euskal literatura “kaletik eta ahozkotasunetik aldendua” dago, Irati Jimenezen iritziz. Hala adierazi zion Iñigo Astizi BERRIAn, Begiak zabalduko zaizkizue liburu gomendagarria ardatz hartuta argitaratutako elkarrizketan (2021-12-26). Bat nator.
Baina hori irakurri ondoren burura etorri zitzaidan lehen ideia izan zen logikoa dela euskal literatura ahozkotasunetik aldentzea, ahozkotasunaren gaur egungo egoera kontuan hartuta, hain da ahozkotasun hori kaotikoa, nahasia eta, kasu gehienetan, ahula eta erdararen mendekoa (euskañola izatera iristen ez denean).
Gaur egungo ahozkotasuna literaturan jasotzen hasiz gero, buruko konexioak erreko dizkion zirkuitulaburrak pairatzeko arriskua izan dezake idazleak. Puntualki eta salbuespen gisa gerturatu ahal izango da akaso, baina koitadua lan oso bat idazteko eredutzat hartzen badu!
Euskararen egoera diglosikoaren barruan, tokian tokiko erdararekiko mendekotasuna, gaur egun, duela 30 urte ez bezala, askoz nabarmenagoa da ahozko hizkeran, idatzizkoan baino. Idatzizko euskara —itzultzaileen merituz idazleen merituz baino gehiago seguru asko— oso gradu altuetara iritsia dugu. Ahozkotasuna, aldiz, beherako malda pikoan amiltzen ari da.
Zergatik? Batetik, ahozko erreferentzia nazionalak askoz urriagoak direlako idatzizkoak baino; Euskadi Irratia eta ETB1 dira gaur egun ahozko eredu batua Euskal Herriko etxe gehientsuenetara-edo gutxieneko normaltasunez zabaltzen duten bakarrak —ez beti behar lukeen arduraz, nire ustez, ETB1en kasuan—. Bestetik, ahozko euskara kalean lekua galtzen ez ezik bizkor eta agudo pobretzen eta erkintzen ari delako, are arnasgunetzat jotzen diren herrietan ere. Gaiari buruzko gogoeta interesgarriak daude Fermin Etxegoienen Totelak nobela berrian.
Sukalki-alarde txinpartatsu dotore batzuk gorabehera, gero eta okerrago, pobreago eta erkinago gara euskaldunok gure ahozko mintzoan, eta ez zaio konponbiderik igartzen joera horri. Batetik, jendea batetik bestera mugitzen da eta arnasguneetan euskaraz ez dakien, edo nola edo hala dakien, gero eta jende gehiago dago, eta, aldi berean, arnasguneetako euskaldun asko beste leku batzuetara doaz bizitzera; bestetik, kulturaren ahozko adierazpenetan euskara erabat gutxiagotuta dago; salbuespen nobletzat har daitezke antzerkigintza, kantagintza eta bertsolaritza, baina ikaragarria da erdarekiko aldea telebistan, irratian, zineman eta askotariko pantaila-modu berrietan. Eta ahozko hizkera gero eta lotuago dago pantailetako hizkerarekin, kaleko bizitza pantailetako bizitzarekin gero eta lotuago dagoen bezala.
Xabier Amurizak Zazpi ebidentzia birjaiotzarako liburuan egiten dituen proposamenak lagungarri gerta daitezke euskal literaturaren eta ahozkotasunaren adiskidetze bidean —muturreko garbizaletasuna antihigienikoa baita sarri—, baina susmoa dut ez direla nahikoa, sakoneko arazoa beste bat dela: gaur egungo euskal ahozkotasuna ez dago literaturari hark behar lukeen laguntza emateko moduan.
Gure ahozkotasuna putzu sakon eta ilun bat da eta ez dago hartatik ur gazi bat aterako duen amaren seme-alabarik.
Leave a Reply