Oihu ozenak berdintasunari

Oihu ozenak berdintasunari

Miren Mujika Telleria

“Emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea gure lurraldeko politikagintzaren, ekonomiaren eta gizartearen alor guztietan”. Hala definitzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak udaletako Berdintasun Sailen helburua. Legez, udal guztiek derrigor izan behar dute berdintasunaz arduratuko den organo bat; banaka edo mankomunatua. Hala ere, badira zenbait udal lege horrek dioena betetzen ez dutenak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diseinatutako mapa da horren isla.

Emakundek dio “beharrezko” ikusten duela udaletan Berdintasun teknikari baten figura: “Hori lortzeko lanean ari gara Eudelekin eta aldundiarekin”. Emakundek dioenez, “ez da erraza” udal guztietan Berdintasun Sail bat egotea, baina helburu hori lortzeko beste ate batzuk irekitzen ari direla esan du: “Biztanle gutxiko herrietan baliabide gutxiago dituzte, eta herri horietan bultzatzen dugu udalak batzea, berdintasun politikak modu mankomunatuan gara ditzaten”.

Horixe da, hain justu, Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Ezkio eta Itsasoren kasua. 10.000 biztanletik beherako herriak direnez, era bateratuan dute antolatua Berdintasun Saila, eta, beraz, batera hartzen dituzte berdintasunaren arloari dagozkion erabakiak.

Asunak, Lasarteko Neska* Gazteen Talde Feminista, berriz, kezkatuta mintzo da. Izan ere, 18.000 biztanletik gorako herria izanagatik ere, udalak ez du Berdintasun Sailik. Hain zuzen ere, horren aurkako aldarria egin zuten abenduaren 30ean, udaletxearen aurrean: “Kezkagarria da Lasarte-Orian dugun egoera. Gipuzkoa osoan, Hondarribiarekin batera, udalean Berdintasun teknikaririk ez duen 19.000 biztanleko herri bakarra gara, eta horren ondorioak larriak dira”. Herritar asko batu ziren aldarriaren alde, erakusteko ez direla gutxi herriak Berdintasun teknikaria behar duela uste dutenak.

Lasarte-Oriako Udalak ez du gaiaren inguruko adierazpen handirik egin nahi izan, baina badaukate Asunak taldearen aldarrikapenen berri, gai horren inguruan aurten “aurrerapenen bat” aurreikusita daukatela azaldu baitu Sonia Zubizarreta Gizarte Zerbitzuetako buruak: “Lasarte-Oriak ez du Berdintasun teknikaririk, baina 2022an kontratatuko dugu bat”. Ez dute bestelako adierazpenik egin nahi izan.

“Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lanean ari da Hondarribiko Udala”. Gotzone Larrarteren adierazpenak dira horiek, Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziarenak. Hark adierazi duenez, Hondarribiko Udalak badu Berdintasun Saila: “Eta Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna eta Lankidetza departamentu oso baten barnean dago”.

Larrarteren hitzetan, Berdintasun Sail batek “asko” ematen dio herriari, eta, azaldu duenez, helburu argi bat du sail horrek: “Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egitea; horretan ari gara udalean”. Gainera, Larrartek azaldu du zenbait ekintza garatu dituztela Berdintasun Sailean: “Herrian eragin handia dauka Berdintasun Plan honek”. Larrartek, udalaren izenean, irmoki defendatu du berdintasuna “emakumeen eta gizonen artean lortu beharreko zerbait” dela.

irudia_ikusi

Berdintasunaren mapa

Jakinak dira Hondarribiko alardearen harira sortu izan diren tirabirak. Gaiari tiraka, udalaren helburua “berdintasuna bermatzea” dela esan du Larrartek, eta adierazi du “kanpotik” laguntza eskatu izan dutela hori gauzatzeko: “Udala lanean ari da alderdi desberdinetako bozeramaileekin, baita kanpotik antzeko aferetan aditua den pertsona batekin ere. Alderdi guztiek dute lanketa horren berri”. Gainera, ziurtatu du helburu horrekin jarraituko dutela lanean.

Larrarteren hitzak zalantzan jarrita, Lasarte-Oriako Asunak talde feministak adierazi izan du, herri hartan bezala, Hondarribiak ez duela Berdintasun Sailik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diseinatutako Berdintasun Mapak ere hala dio; Hondarribia ez da ageri more kolorearekin —urdin ilunarekin artikuluko mapan—.

Astigarraga, berriz, 6.000 biztanle inguru baditu ere, aldundiak morez margotuta dauka mapan. Izan ere, udalak badu Berdintasun teknikaria: Maider Urbieta. “Herritarrei begira egiten dugu lan: berdintasunak dituen erronkei aurre egiteko kanpainak egiten ditugu”. Urbietak azaldu du, besteak beste, emakumeekiko dauden diskriminazio motak ikusarazten dituztela herrian, eta indarkeria matxistaren aurkako prebentzio lana ere egiten dutela nabarmendu du.

Gainera, Urbietak dio, Berdintasun teknikari gisa, udala berdintasunean eraiki dadin ahalegintzen direla: “Urratsak egiten ditugu udalaren barruko lanak berdintasunaren ikuspegitik egin daitezen”. “Jendarte antolaketa bidezkoago bat lortzeko egiten dugu lan Berdintasun teknikariok”; hala azaldu du Urbietak bere jardunaren helburua.

Ahalduntzeko tresnak

“Emakumeekiko era guztietako bazterkeriak” identifikatzen dituztela jakinarazi du Urbietak, eta euren ahalduntze prozesuan laguntzeko baliabideak sortzen dituztela: “Berdintasun Sailak detektatu dituen indarkeriak azaleratzen ditugu guk, eta, gainera, emakumeekiko diskriminazioari buelta emateko tresnak eskaintzen dizkiegu herritarrei”. Alderantziz ere izan ohi da. Hau da, herritarrek beraiek identifikatzen dituzten diskriminazioen berri ematen diote Berdintasun Sailari: “Herritarrak lasai asko etor daitezke aipatzera herrian bertan gertatzen ari diren bazterkeriak”. Horretarako, “ateak zabalik” dituztela azpimarratu du Astigarragako Berdintasun teknikariak: “Proposamenak eta kexak entzuteko ere bagaude”.

Urbietak nabarmendu du Berdintasun teknikariek udalean egiten duten lanari esker berdintasuna bermatzeko “funtsezkoak” diren zerbitzuak jartzen dituztela herritarren esku: “Herritarrei berdintasunean oinarritutako baliabideak eskaintzen dizkiegu jasotzen dituzten zerbitzu publiko orokorretan”. Haren ustez, herri bakoitzak “ezinbesteko” du Berdintasun Sail bat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.