Burua eta gorputza, sasoian

Burua eta gorputza, sasoian

Ane Olaizola

Urtarrilaren 20a da, eta 10:00etarako Azkoitiko Aizkibel liburutegiaren ondoan elkartu dira dozena bat lagun; gehienak nagusiak, ia guztiak emakumeak. Izan ere, adineko pertsonei zuzendutako Pasira egitasmoaren 2022ko lehenengo hitzordua dute, eta elkarri “urte berri on” eta “egun on” esanez inguratu dira. Euria hasiko duen mehatxua egiten ari da zeru grisa, baina eguraldi hotzak eta umelak ez du kikildu taldea; aterkia eskuan eta kirolerako zapatilak oinetan, herrian paseo bat egiteko prest dira denak. “Gaur ibilbide motza egingo dugu, eta kafe luzea”, aurreratu du batek, zerura begira.

Azkoitiko Udalak, haren Kirol Orientazio Zerbitzuak, Izarraitz Lanbide Heziketa zentroak, Plaza Ondo jubilatuen elkarteak, Azkoitia Lagunkoia egitasmoak, Caritasek eta Gurutze Gorriak jarri zuten martxan ibilbide osasungarrien programa, iaz: Tipi-Tapa. Egitasmoaren sustatzaileek izena aldatu diote oraintsu, baina helburua berbera da oraindik ere: adinekoak sozializatzea, jarduera fisikoa egiten duten bitartean. Ostegunero elkartzen dira aurrez prestatutako ibilbideetako bat egiteko, eta Gurutze Gorriko kideek eta Izarraitz Lanbide Heziketako Mendekotasun egoeran dauden Pertsonen Arreta zikloko ikasleek lagunduta egiten dute ibilbidea. Lehen saioan, ordea, San Sebastian egunean, huts egin dute ikasleek, eskolan jai dutelako.

Umorerik ez dute falta nagusiek. Taldeko partaide Juli Arregiren irrintzi luzea izan da taldearen abiagailua, eta bakoitzak bere erritmoan ekin dio ibilbideari. Bezperan Realak Atletico Madrili Espainiako Kopako partida irabazi izana, ETB 1eko Herri txiki, infernu handi saioan Arregi elkarrizketatu dutela-eta hark izan duen esperientzia, norberaren etxeko kontuak… Inori ez zaio falta hizketarako gairik, eta, egun seinalatuan, ondoko herriko zaindaria ere gogoratu dute; ibilbidean geldialdia eginez, San Sebastian martxa abesteko aprobetxatu dute atsedenaldia.

Batzuek aurreneko aldia dute egitasmoan. Feli Astigarraga da horietako bat: “Mezatik atera, eta paseoan nindoala ikusi dut taldea, eta batu egin naiz. Polita da, egia esan”. Jacques Garcia Gurutze Gorriko kidea du Astigarragak bidelagun, eta Garciak adierazi du beren zeregina dela norbaiti “zerbait” gertatuz gero laguntzea eta erabiltzaileei konpainia egitea: “Lasaitasuna ematen diegu adinekoei, badakitelako zerbait gertatzen bazaie lehen sorospenak egiten dakien norbait izango dutela ondoan”. Gurutze Gorriko kidearen arabera, “giro ederrean” egiten dute joan-etorria, “festa giroan eta kantuan”. Gainera, eguraldiaren arabera, ibilbide motza edo luzea egiten dute. “Aurrekoan, esaterako, eguraldi txarra zegoela-eta, kiroldegian elkartu ginen, eta lehen sorospenak egiten ikasi zuten”.

“Onuragarria denentzat”

Pasiraren antolatzaileak ere jakitun daude gisa horretako egitasmoak osasungarriak direla “fisikoki zein psikologikoki”, eta, batez ere, “bakarrik” dauden pertsonei egin diete dei parte har dezaten. “COVID-19ak kalte handiak eragin ditu, eta adineko pertsona asko bakarrik bizi dira. Denentzat, baina bereziki bakarrik bizi direnentzat, oso garrantzitsua da astean behin bada ere konpainian bueltatxo bat ematea eta solastatzeko aukera izatea. Gorputza aktibo mantentzea eta harremanak egitea onuragarria da denontzat”, adierazi du Sonia Vazquez udaleko zinegotziak.

Ordu erdiko ibilbidearen ondoren, hamaiketakoa egiteko ordua iritsi da. Tarte horretan berretsi dituzte erabiltzaileek egitasmoak eragiten dizkien onurak: “Guztiok ibiltzen ginen lehendik ere paseoan, baina, orain, bakarrik egin beharrean, elkarrekin egiten dugu, taldean”, azpimarratu du Begoña Aranbarrik. “Aurrez ere elkar ezagutzen genuen, baina harreman estuagoa egin dugu orain, eta hori beti da ona”, gaineratu du Arregik. Hain zuzen, ibilaldiak taldean egitea “mesedegarria eta aberasgarria” dela azpimarratu dute denek: “Etxetik ateratzeko eta goiza giro onean igarotzeko aitzakia ederra da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.