Maider Galardiren iritzia: “Ez da kapritxoa”

Maider Galardi F. Agirre

Sentsazioa berria ez izan arren, oraindik barruak mugitzen ditu: tokiaren eta giroaren arabera, jende bat harritu egiten da parean duena lasartearra dela jakitean. Giro euskaltzaleetan gertatzen da, eskualdeko beste herrietako eragileekin batzean, edo donostiarren batekin gurutzatzean. “Lasartekoa zara?”. Eta zuk baietz, eta jende jator askoa dagoela herrian, gainera. Harridura hori hainbesterako da, ezen apurka-apurka senti daitekeen hazten halako harrotasun bat norbere barruan: nola langile herri bateko, espainiar jatorriko familien ondorengo, kostako hiri ederraren eta landa eremu bukolikoaren arteko industrialdekoa izanda ere, ez diozun muzin egiten bertakoa zarela esateari, “Donostiakoa” edo “Donostia ondoko herri batekoa” zarela esan beharrean.

Lasartearra izatea bizitza propioa duen identitate sendo bat bihurtu arte. Nik, behintzat, hala bizi nuen. Hala bizi nuen udal berdintasun teknikaririk, berdintasun politikarik eta horretarako bide orri seriorik ez dagoela konturatu naizen arte. Eta harrotasuna apaldu ahala, lotsaizun bat igo zait tripatik masailetara Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasun Baliabideen Mapan gure herria grisez ikustean.

Bai, egia da. Beste 25 udal daude “berdintasun gaietan aldundiarekin koordinatu gabe”. Horietako asko Goierri eta Tolosaldeko herri txikiak dira, eta lanketa egiten ari dira eskualdean berdintasun gaiak jorratu eta Emakumeen Etxeak behar guztiei erantzuteko moduan ireki ahal izateko. Hortaz, eta biztanle kopuruan alde handiz, Lasarte-Oria eta Hondarribia dira 10.000 biztanletik gora berdintasun gaietan ia inolako lanketarik ez duten Gipuzkoako udal bakarrak. Gureak, bikoiztu egiten du datua, kasik 19.000 biztanle baitaude erroldatuta. Eta Hondarribian ezagun dugu alarde baztertzailearen kontua.

Lasarte-Orian Berdintasun teknikaria edukitzearen aldarria ez da berria, baina pandemiak areagotu egin du kezka. 2020ko martxoan itxialdia hasi zenetik, handitu egin da gizarte zerbitzuen arta behar izan duten pertsonen eskaria, eta indarkeria matxista kasuei ezin erantzunda daude bulegoan; egoera zaurgarrian dauden emakumeen egoerak ez du hobera egin. Batzuk Errenteriako eta Donostiako Emakumeen Etxeetara bideratu dituzte. Besteen salaketak erdibidean gelditu dira. Eta, bitartean, mugimendu feministaren belarrietara iristen diren kexek eta eskaerek ez dute etenik.

Ahal bezala erantzun die mugimenduak eskaerei, baina herritar talde batek, gogo handia izanagatik ere, ez ditu erakundeek dituzten baliabideak. Berdintasun Sail sendo bat eta Berdintasun teknikari bat edukitzeak udal politiketan genero begirada edukitzea bermatzen du hainbat arlotan, eta horietan guztietan eskas dabil gurea. Eta esan gabe doa, halako politika publikorik ez edukitzeak bazterrekoenengan duela eraginik nabarmenena: arrazializatuengan, egoera sozioekonomiko txarretan dagoen jendearengan, komunitate migratuarengan…

Azken denboran artikulatuz joan da mugimendu feminista gai honen inguruan, eta lotsaizunak alde batera utzi eta harrotasuna berriro ernatzeko motiboa bada. Baina gure aldarria, kapritxo hutsa ez, behar-beharrezko eskaera da, eta udalaren utzikeria, berriz, indarkeria instituzionalera gerturatzen ari da jada.

Leave a Reply

Your email address will not be published.