Iurgi Etxebarria: “Eraldaketa soziala ezin da gauzatu antzerkirik barik”

Iurgi Etxebarria: “Eraldaketa soziala ezin da gauzatu antzerkirik barik”

Maria Ortega Zubiate

Antzerkia eszenatokiko praktikatik harago ulertzen du Iurgi Etxebarriak (Aretxabaleta, 1973), DAP Debagoieneko Antzerki Plataforma berriko kideak; eskualdean kultur arlo hori bultzatzeko eta errotzeko sortu dute plataforma. Etxebarriak dioenez, kultur arlo bat izateaz gain, antzerkia gizartearen zein norbere buruaren eraldaketa sozialerako tresna bat da: batetik, gizartean “elkartasun balioak” txerta ditzakeelako; eta, bestetik, “gorputzaren gurtza orokortzen ari den garaiotan, norbere burua eta gorputza askatzeko” balio dezakeelako.

DAP Debagoieneko Antzerki Plataforma aurkeztu berri duzue. Zer bilatzen duzue?

Eskualdeko antzerkilariok 2015. urte inguruan hasi ginen elkartzen, antzerkia sustatzeko asmoz. Eskualdera antzerkia hel dadin nahi dugu, transmititzen duen guztia oso positiboa delako, gure ustez: enpatia bete-betean lantzen da, irudimenetik sortzen da, lantaldeko harremanak oso aberatsak dira —antzerkian lantaldean egiten baita lan beti—… Sortu eta bi urtera elkarte bihurtu ginen, eta proiektu bat garatu genuen, ikastetxeetan ikastaroak emateko. Gero, 2030 eraldaketako laguntza jaso genuen, eta proiektu hori bukatu dugu, edo bukatzear dago dagoeneko. Aurten gure kontura ari gara lanean, eta ea gai garen aurrera egiteko. Oso itxura ona dauka, oso talde garrantzitsuak sortzen ari direlako, eta kanpotik ere laguntza jaso dugulako.

2030 agenda proiektua nola lotu daiteke antzerkiarekin?

2030 agendak eraldaketa soziala bultzatu nahi du gure eskualdean, eta Oñatiko Irazan antzerki taldekoak konturatu ziren eraldaketa hori antzerkirik barik ezin daitekeela gauzatu. Haiek elkartu ziren gurekin. Guk ordurako idatzita geneukan gure proiektua, eta helarazi egin genien: bertan ikusten zen gure proiektuak eraldaketa soziala bultzatzen zuela. Hortik diru laguntza handi bat eman ziguten; eta horrek sekulako bultzakada eman dio DAPi, bi langile hartu ahal izan ditugulako.

Hain zuzen ere, Antzerkigintza eraldaketa sozialerako da zuen leloa.

Antzerkia eta bertan lan egiteko era, gure errealitatea guztiz ezberdina da kirolean dutenaren aldean, esaterako. Kirolak txapelketa eta lehiaketa bultzatzen ditu, batez ere. Alor batzuetan hori oso ona da, borrokatzen erakustea; baina bizi garen sasoi honetan uste dugu eraldaketa sozialaren barruan ez dela lehiakortasun hori soilik bultzatu behar. Antzerkigintzak elkartasuna bilatzen du; ez ditu akatsak bilatzen, sormen lanean ideiak joan eta etorri egiten dira beti, baina ideia horiek ez dute elkarren artean lehiatzen.

Kultur arloa, orokorrean, ezinbestekoa da eraldaketarako?

Bai, noski. Baina guk antzerkitik ikusten dugu kultura. Uste dugu DAP izan daitekeela etorkizunean kulturaren beste arlo guztiei energia transmitituko diena. Hau da, antzerkia arte guztien topagune moduan bizi dugu guk. Musika barik, ezin antzerkirik egin, emozioak transmititu eta azpimarratzeko musika behar dugulako; idazle barik ere ez dago antzerkirik, obra idatzi behar baita; marrazkilariak behar dira, eszenografiak marrazteko; arkitektoak, eszenografiak diseinatzeko; dantzariak, zer esanik ez, gu koreografia bat baikara. Hortik hartuta bideratzen dugu antzerkia. Ez gara beste inor baino gehiago, baina guztien beharra sentitzen dugu. Poliki-poliki goaz; ez da hain erraza izango hau herriari helaraztea, baina horretan ari gara gu.

Eskoletatik kanpo ere antolatu dituzue ikastaroak. Transbertsalitatea duzue helburu?

Hala da. Gure helburua da etorkizunean antzerkiaren giro hau herriaren izaeraren parte bilakatzea. Lan handia dugu egiteko; izan ere, Debagoienean kultur mugimendu handia egon arren, mota honetako sorkuntzak ez doaz aurrera. Baina horrela lortzen dugu eraldaketa soziala, sortzen hasten garenean hartzen baitu gure izaerak argi izpi berezi hori.

Zer-nolako soslaiak ikusi dituzu ikastaroetan?

Gauza ezberdinen bat egin nahi duen jendea hurbildu zaigu, egunerokotasuna apurtu nahi duena. Ez dute aktore famatu bihurtu nahi edo antzerki talde bat sortu nahi; bizitzarako pizgarri bat nahi dute. Yogan edo musikan izena ematen duten bezala, antzerkira etorri dira, eta horrekin gozatzen hasi dira. Gustura badabiltza, etorkizunean sortuko ditugu antzezlanak edo egingo ditugu beste mota bateko sorkuntzak. Apurka-apurka sorkuntza lanak egiten joatea da helburua, eta egunen batean zenbait herritako ikastaroak lotu eta zerbait sortzea.

Nola ikusten duzu antzerkiaren etorkizuna Debagoienean?

Itxaropen handia dut. Azkenaldian asko ari dira zabaltzen mind-fullness-a, yoga eta mota horretako praktikak. Kanpotik begiratuta ez da ulertuko, baina antzerkiak lotura handia dauka ariketa horiekin, bertan egiten dituzten ariketa asko egiten ditugulako guk ere. Antzerkian ere badago beste leku batzuetan bilatzen ari diren gorputzaren gurtza hori, eta, hori guztia orokortzen denean, antzerkiak arrakasta izango du. Ez diot arrakasta sorkuntza aldetik, esan nahi dut antzerki ikastaroetan izena ematen duten horien kopurua areagotu egingo dela, beren gorputza eta burua berritu nahian dabiltzanak areagotu egingo direla, alegia. Hortik bultzada handia etor daitekeela uste dut, eta herriak hori behar eta eskatzen du. Gero sorkuntza badator, askoz hobe, baina eraldaketa ez dator eszenatokira irtetean; ikastaroetan bertan hasten da eraldaketa hori, norbere aldaketa gauzatzen den unean bertan sortzen baita.

Leave a Reply

Your email address will not be published.