Bidasoaren bidelagun fidela

Bidasoaren bidelagun fidela

Aizpea Amas Agirre

Jokalariak joan eta berriak etorri dira; berdin entrenatzaile eta zuzendaritzako kideak ere. Publikoaren artean ere pertsona batzuk betiko joan dira, baina jarraitzaile berriak agertu dira. Elastikoa ez da beti horia izan, ezta galtzak urdin tonu berekoak ere, eta ekipamendu horretan azaltzen diren babesleak berrituz joan dira. Bada, ordea, azken 35 urteetan finko mantendu den zerbait: 1986-1987 denboralditik Bidasoaren ibilbideari itzal baten moduan jarraitu dion bidelagun bat; eskubaloi taldearen bizipen asko, argi-ilunak, une gozoak eta garratzak jaso dituen toki bat: Artaleku, Irungo kiroldegia. Urtarrilaren 18an 35 urte bete zituen Bidasoak orduz geroztik gotorleku bihurtu den espazioan. Uranzu pilotalekutik pasatu zen hara.

Granollersen kontrakoa izan zen Bidasoak Artalekun jokatu zuen lehen partida, eta garaipen batekin hasi zuen kiroldegi berriko ibilbidea: 21-15. Denboraldi horrek garaipen gehiago ekarri zituen, eta, horiei esker, ordura arteko ezustekorik handiena hartu zuen Irungo eskubaloi taldeak: Asobal liga irabazi zuen. Imanol Ibarguen Bidasoaren jarraitzaile eta Bidasotarrak zale taldeko kideak gogorarazi duenez, “karanbola” bat gertatu behar zuen Bidasoak liga hura irabazteko. Irundarrak Bartzelonarekin berdinduta iritsi ziren azken jardunaldira. Juantxo Villarrealek zuzentzen zuen taldeak bere lana egin zuen etxean: 24-22 irabazi zion Cajamadridi, eta Bartzelonaren emaitzaren zain geratu ziren denak. Azkenean, berdindu egin zuten kataluniarrek, eta Artaleku zoratu egin zen: jendeak harmailetatik pistara salto egin zuen jokalariekin ospatzera. “Ezin sinisturik” geratu zen Ibarguen. Egun horretan ezin izan zuen partida zuzenean ikusi, lanean zelako, baina, lehenengo batek eta hurrena beste batek liga irabazi zutela esatean, orduan konturatu zen benetan zer egin zuten: “Txapeldunak gaituk!”.

Momentu gozo gehiago ere iristekoak ziren, gainera, Artalekura: bigarren Asobal liga eta Europako Txapeldunen Liga, biak 1994-1995ean. Tekaren kontrako ligako partida erabakigarrian kiroldegia “lepo beteta” zegoela gogoratu du Ibarguenek. “Artalekuko eskailerak ere ez ziren ikusten, jendez beteta zeudelako”. Egun hartan “momentu hunkigarriak” bizi izan zituela adierazi du jarraitzaileak, eta handik astebetera berriz bizi izan zituen, Zagreben kontrako partidan. Europako txapelketako joaneko partidan hamar golen aldea lortu zuen Bidasoak (30-20), eta egun hartan ere sinetsi ezinik gelditu zen Ibarguen. “‘Nolatan egin dugu hori?’, pentsatu nuen neure artean”. Garaikurra, ordea, ez zioten Irunen eman Bidasoari, Zagreben baizik, Kroazian, eta hantxe zen Ibarguen —27-26 galdu zuen orduko Elgorriaga Bidasoak—.

Bidasoa Juantxo Villarreal

Gurutz Aginagalde egungo presidenteak hurrengo denboraldian egin zuen debuta Bidasoarekin: 1995-1996an. “Harrobian ginela, Uranzu frontoian entrenatzen ginen, eta Artalekun, profesionalek jokatzen zuten lekuan, lehen aldiz entrenatzea… Ikaragarria izan zen hura”. Debuta ez zuen nolanahikoa egin Aginagaldek; Europako txapelketako finalerdietako ligaxka zen, Veszpremen aurkako partida. Artaleku jendez lepo zegoen: “Hirugarren atezaina nintzen, baina goizeko entrenamenduan Javi Barreto atezain irundarrak min hartu zuen orkatilan. Pentsatzen genuen ondo egongo zela arratsalderako, baina bat-batean esan zidaten jokatu egin behar nuela, eta titular, gainera. Ez nuen denbora gehiegi eduki barneratzeko, eta etorri zen bezala hartu behar izan nuen”. Berdindu egin zuten partida, eta finalera iritsi ziren.

Urrezko arotik, gainbehera

1990eko hamarkada Bidasoaren urrezko aroa izan zen, Juantxo Villarreal entrenatzailearen eta Elgorriaga babeslearen eskutik; bigarrenez Asobal liga eta Europako lehiaketa nagusia irabazteaz gain, Europako Errekopa (1996-1997), Espainiako Kopa (1990-1991 eta 1995-1996), Asobal kopa (1992-1993) eta Espainiako Superkopa (1995-1996) irabazi zituen. Aginagaldek gogoratu duenez, Irunek bizi izan zituen “urte gogorrekin” kontrastea egin zuen horrek. “1993an aduanak desagertzea kolpe ekonomiko handia izan zen hiriarentzat. Biztanleen zati handi batek gaizki pasatu zuen, eta irundar askorentzat irtenbide osasuntsu bihurtu zen eskubaloia”.

1998an, Villarrealen eta Elgorriagaren agurraz geroztik, hasi zen taldearen gainbehera. Hurrengo bi hamarkadak gorabeheratsuak izan ziren: lehenengo kolpea 2006-2007an hartu zuen, estreinakoz Espainiako Ohorezko Mailara jaistean. 2012-2013an berriro Asobal ligara igo ostean, hurrengo sasoian maila galdu zuen berriz ere. Garai garratzak izan ziren Bidasoarentzat. Kiroldegiak berak beste itxura bat hartu zuen. “Oso tristea zen Artalekun hain jende gutxi ikustea”, esan du Ibarguenek. Hasieran, “tabernatik gertu” esertzen zen kuadrilla, baina, zerbait egin beharra zeukatela ikusita, Bidasoaren aulkiaren atzean jartzen hasi ziren halako batean, goialdean. “Gero, erdi txantxetan hasi ginen behera jaitsi behar genuela esanez; jaitsi egin ginen azkenean, eta gustatu egin zitzaigun”, azaldu du. Horrela jarraitu dute gaurdaino: “Gertutasun hori oso garrantzitsua da. Gauzak ondo doazenean, samurra da animatzea, baina gaizki doazenean ahalegin handiagoa egin behar da”. Ahalegin horrek izan zuen saria 2016ko ekainean, berriro Asobal ligara itzuli baitzen taldea, eta bertan dago oraindik. “Hilda zegoen taldea berpiztu bezala egin zen”, adierazi du Ibarguenek, eta egun hori gogoratze hutsarekin hunkitu egin da.

BIDASOA ASOBAL LIGARA

Etorkizuna ere eztia izatea dute amets orain. Itxura, oraingoz, halakoa du. Azken denboraldietan sailkapenaren goialdean finkatu da taldea, Europara begira. Pandemiaren kolpearen ondoren, bazkideak errekuperatzen ari da kluba, eta, 1.400 lagunekin, bere langara iristear da. “Hori izango litzateke berririk onena: zaleek oraindik gauza asko bizitzea, eta denen artean asko gozatzea”, ondorioztatu du Aginagaldek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.