Juan Luis Zabala
Lerro hauek argia ikusten dutenerako —halakoxeko makala da batzuetan paperaren argia, pantailakoarekin alderatuta— astebetetik gora izango da jada Pello Zabala frantziskotar fraide euskaltzalea hil zenetik, albistea zabaltzearekin batera samin arrasto nabarmena utzita Arantzazun, Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan.
Gaztetako heziketa afektibo, politiko, sozial eta (anti)erlijiosoak zaildu egiten dit, beste askori bezala, inongo apaizen edo fraideren laudoriorik loratzea. Gogoan betiko iltzatua dut inoiz ikusi dudan pankarta-lelo gogoangarrienetako bat: Azpeitiko Erdi Kalean jarria, 1992an, Jose Ramon Treviño —urte batzuk lehenago Urrestillako apaiza izandakoa, apaiz gazte eta ez oso ohikoa, dena esateko— preso hartu zutenean: Apaiza izan arren, Treviño askatu!. Ez litzaidake inportako hala izatea, baina ez da nik asmatua, benetan ikusi nuen pankarta hori.
Treviño, apaiza izan arren, kalean nahi genuen bezala, antiklerikalismoan hezitako askok genion estimu handia Pello Zabalari, fraidea izan arren. Edo akaso jada fraidea zela alde batera utzita, antiklerikalismoa —ez arrastorik utzi gabe— gainditu eta atzendu samar dugulako, ikasi baitugu badela makina bat lanbide apaizgoa edo fraidetza baino okerragorik. Goian ere bego, beraz, Pello, gugan badago eta!
Pello Zabala hil baino egun batzuk lehenago, lagunarteko solasean, kasualitatez, komentatu nuen hogei urte lehenago jaio banintz Arantzazura seminarista joango nintzela ia seguru, etxean gastu gutxiago izateko, ikasketak debalde egiteko eta akaso —zerurik balitz ere— zerurako bidea errazteko etxeko guztiontzat.
Baina jaio nintzen urtean jaio nintzen eta, haurtzaroan Eliza boteretsua ezagutu banuen ere, bizitzaren zirrikitu guztietara ahalkearen arrastorik txikiena gabe sartzen zena, gaztaroan haren kontrako oldea ikusi nuen lehertzen neure begien aurrean, eta leherketa hark nire baitako gurutze guztiak erre zituen —La Polla Recordsen Salve diskoaren azaleko irudia dut gogoan—, ustez betiko.
Onerako edo txarrerako, normalean behintzat, urteek aurrera egin ahala zabaldu egiten zaigu ikuspegia, eta handitu hurkoa ulertzeko eta haren errealitatea eta haren pentsamoldea onartzeko gaitasuna. Alde horretatik begiratuta, esanguratsua iruditzen zait Pello Zabalak, fenomeno mediatiko moduan, bere txiki-apalean bada ere —mediatiko baino gehiago mendiarteko sentitzen omen zen, Andoni Egañari esan zionez—, hasieratik izan duen zeharkakotasuna, transbertsalitatea, mugagabetasuna, hil denean izandako saminezko erreakzio ugarietan islatua.
Zabalarekin batera, eta ez Zabalari esker bakarrik, Arantzazuk ere izan du, eta badu, neurri batean behintzat, transbertsalitate hori, argazki baten negatiboan bezala Guardia Zibilak bertako fraideekiko erakutsitako ezinikusian islatua, besteak beste, duela ia-ia 19 urte.
Horrek guztiak ez luke moteldu behar Elizaren eta haren gehiegikerien kritika zorrotza, bada eta zer konpondua, horretarako saio gehiago egiten badira ere Elizaren barrutik bertatik aginte politikotik baino. Ez da atzo goizekoa Julen Lekuonak, garai hartan apaiza izan arren, sortutako kantua: “Eliza pobrea, eliza pobrea, denontzat hobea”. Iraungi ez den aldarria.
Leave a Reply