Interpretatzeko beste modu bat

Interpretatzeko beste modu bat

Miren Garate

Autismoaren espektroko nahasteen barruan, gradurik txikiena da aspergerra. Desgaitasun intelektualik ekartzen ez duen autismo mota bat. “Aspergerra duten pertsonek ez dituzte pertsona neurotipikoek bezala irakurtzen inguruko estimuluak eta inguruan gertatzen dena”, azaldu du Eneritz Balerdi Gautenako familientzako laguntza zerbitzuko psikologoak. Elkarte horretan biltzen dira autismoa duten pertsonen senideak; gaur Aspergerraren Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute.

Balerdiren esanetan, orokortasunean baino gehiago, detaile txikietan zentratu ohi dira Aspergerren sindromea dutenak. “Horrek zailtasunak eragiten dizkie gauza batzuetan, eta indarra eman beste batzuetan”. Aurpegiko espresioak interpretatzeko zailtasunak, hitzezkoa ez den komunikazioa interpretatzeko zailtasunak, abstrakziorako zailtasuna eta abar dira aspergerrak berezkoak dituen ezaugarrietako batzuk.

Uste okerrak ere bat baino gehiago dira. “Askotan esaten da saihestu egiten dutela pertsonekin egotea, eta ez da horrela; baina besteekin egote horrek eta egoera kontrolatu beharrak hainbesteko ahalegina eskatzen dienez, batzuetan bakartu egiten dira”. Adimen gaitasun handiko pertsonatzat ere hartu izan dira; badira batzuk hala direnak, baina gauza batek eta besteak ez dute lotura zuzenik. Aspergerrari buruz hitz egitean, ohikoa da komunikabideetan ere pertsona jakin batzuk agertzea —Bill Gates, Greta Thunberg, Steve Jobs, Steven Spielberg…—, kondizio hori arrakastarekin lotuta doala iradokiz.

Gaitasunak ikasi beharrean

Gautenan, aspergerra dutenek “bizi kalitate ahalik eta onena” izan dezaten, hainbat gaitasun irakasten dizkiete: aurpegiko espresioak interpretatzen; elkarrizketa bati hasiera eta amaiera ematen; gai ezberdinei buruz hitz egiten: “Batzuek gai jakin batzuei buruz pila bat jakiten dute, hasten dira hitz egiten, eta ez dira geratzen”; bigarren zentzu bat duten komentarioak harrapatzen; malguagoak izaten: “Errutina bidez errazago funtzionatzen dute, baina, errutina horiek hain zurrunak bihurtzen direnez, batzuetan aldaketarik txikienak ere molestatu egiten die”. Balerdik adierazi du elkartean beren buruari ere egiten diotela kritika. “Berez, zergatik egokitu behar dute beraiek eta ez guk euren beharretara… Baina gizartea aldatzea oso zaila da”.

Arraroa, isila, astuna… izaten dira aspergerra duten pertsonek maiz entzun behar izaten dituzten adjektiboetako batzuk. “14-16 urtekoen taldeekin egoten naizenean, askotan esaten didate ‘arraroak’ direla esaten dietela. Azaltzen diet gauza batzuen aurrean ezberdin erantzuten dutela, baina horrek ez duela esan nahi arraroak direnik”.

Azken urteotan, Gautenan ikusten dute gero eta heldu gehiagok eskatzen dutela diagnosia. Balerdiren ustez, aspergerra gero eta ezagunagoa delako izan daiteke hori. “Heldu horiekin hitz egitean, gizartera ez zirela egokitzen sentitu izan dutela esaten dute, ikusten zutela ondokoak baino ahalegin gehiago egin behar zutela talde bateko parte sentitzeko”. Emakumeen diagnosiak ere ugaritzen ari direla azaldu du psikologoak.

Oro har, lan merkatuan izaten dituzte zailtasunik handienak aspergerra dutenek. “Kostatu egiten zaie elkarrizketa bat gainditzea, edo malgutasuna izatea… Baina behar duten babesa emanez gero, gai dira lanpostu arrunt batean egoteko”. Bikote harremanei dagokienez, “denetarik” ikusten dutela esan du; hau da, batzuek arazorik ez dutela, baina beste batzuei kostatu egiten zaiela. Balerdik gizarteari eskatzen dio jendea ez epaitzeko “arraro” edo “ergel” moduan. “Eta bigarren aukera bat emateko ere bai”.

Gautena elkarteak esku artean dituen datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %0,6koa da autismoaren espektroko nahasteen prebalentzia; hau da, 160 biztanletik, gutxi gorabehera, bati eragiten dio.

Leave a Reply

Your email address will not be published.