47 urte tantaz tanta lanean

Erizain batzuen ekimenez sortu zen Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartea. Orain dela 47 urte izan zen hori. “Ordura arte norbaitek odola behar izaten zuenean, senitartekoek ematen zuten normalean”, kontatu du Sabin Urzelaik. Odol Bankuko sendagilea eta elkarteko lehendakaria da. Gaineratu duenez, senitartekoen faltan, “odola erosi eta ospitalera eraman behar izaten zen”. Garai hartan, ordea, Espainiatik jende asko etorri zen Euskal Herrira lanera, eraikuntza arlora eta industriara, eta “erizain batzuk ohartu ziren haiek ez zutela ez senitartekorik, ez dirurik, odola lortzeko”. Izan ere, “garai hartan tuberkulosi asko zegoen, eta torax ospitalean jende asko zegoen odol faltan, dirurik eta senitartekorik gabe”. Egoera hartan “erizainak beraiek hasi ziren odola ematen, eta baita beraien lagunekin antolatzen ere, odola lortzeko”.

Gipuzkoan zehar lehendik ere bazegoen odola ematen zuen jendea, Urzelairen esanetan: “Esaterako, emakume batek haurra izan eta odola galtzen zuenean, beti zegoen norbait odola emango zuena; odol emaileak bazeudela, alegia”. Baina ez zeuden ondo antolatuta, sakabanatuta baizik. “Hala sortu zen odol emaileen elkartea. Pixkanaka, herri guztiak elkartzen joan ziren, eta lauzpabost urtetan elkartea probintzia osora zabaldu zen”. Elkartea eratu, eta herri bakoitzean ordezkaritza autonomoak sortu ziren. Gaur egun ere hala jarraitzen dute: “Gu gara erdigunea, baina herri bakoitza bere erara antolatzen da, eta Odol Bankutik odola ateratzera joaten garenerako, dena prest izaten dute”.

Egituran hainbat aldaketa

Alde batetik, Odol Bankua dago; bestetik, Odol Emaileen Elkartea. Odol Bankuan sendagileak, erizainak, gidariak eta administratiboak daude: profesionalak dira guztiak. Odol Emaileen Elkartean, berriz, lan boluntarioa egiten dute denek. 1982 arte Odol Bankua Odol Emaileen Elkartearen barruan zegoen. Ordutik, ordea, hainbat aldaketa izan da egituran. Izan ere, garai hartan odolaren osagaiak banatzen hasi ziren eta, beraz, prozesua konplexuago bihurtu zen. Hies kasuak agertzen ere hasi ziren. Horregatik, Odol Bankua elkartetik kanpora atera, eta hainbat erakunderen esku gelditu zela azaldu du Urzelaik: “Patronatu bat osatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Insaludek (gaur egun Osakidetza), Eusko Jaurlaritzak eta Odol Emaileen Elkarteak”.

2005era arte gisa horretan jarraitu zuten. Orduan, patronatua fundazio bihurtu zuten, eta hango lehendakaria Osakidetza da ordutik: “Gauza bera da, baina orain jabea edo presidentea Osakidetza da. Hierarkikoki, Odol Bankua Osakidetzaren barruan dago. Ez gara Osakidetza, baina kanpotik begiratuta hala garela esan daiteke”.

600 boluntario, ezagun bat

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak 600 boluntario ditu, eta horien lana “asko nabaritzen da”. Herrietako ordezkarien lana ere oso garrantzitsua dela deritzo Urzelaik: “Ordezkaria langilea izatea, giroa sortzen jakitea… gauza horiek garrantzitsuak dira. Ez da odola ematea bakarrik; hala izan behar luke, baina giroak asko laguntzen du, eta Gipuzkoako giroa oso ona dela uste dut”. Ordezkari asko ia hasieratik daude elkartean, “40 urte daramatzate askok”. Hala ere, “zorionez” orain arte ez da arazorik egon ordezkoak aurkitzerakoan.

Urte hauetan guztietan, elkarteak eta bankuak hartu du bisitari ospetsurik ere: “1969an Christian Barnard zirujaua elkartean izan zen. Berak egin zuen gizaki bati egindako aurreneko bihotz transplantea”. Bisita liburuan esker oneko hitzak utzi zizkien.