Unai Zubeldia
“Eskolak aldaketa bat behar zuen”. Hala hasi du azalpena Eli Sanguino Hernaniko Aratz ikastolako ikasketaburu eta irakasleak. “Gu aldaketa metodologiko asko egiten ari ginen barrutik, gogotik ari ginen lanean, baina lan hori ez zen islatzen kanpoan”. 1883. urtean sortua da Karitateko Alabak buru izan dituen ikastetxea, eta hasieratik kristau eskola izan da, baina, izena aldatuta ere —Inmakulada ikastetxea eta Aratz ikastetxea—, Sanguinoren hitzetan, azken aldietako matrikulazio kanpaina bakoitzean nabarmena zen beherako joera. “Karitateko Alabekin hitz egin genuen egoera zein zen azaltzeko, eta, irtenbideren bat ikusten bagenuen, lasai proposatzeko esan ziguten. Ezinbestekoa zen eraldaketa”.
Hausnarketa prozesu baten ondoren, Karitateko Alabek titulartasuna pasatu zioten Aratz ikastolako kooperatibari, eta kooperatibak Ikastolen Elkarteko kide izatera pasatzea erabaki zuen gero. Kooperatiban sartu ziren gaur egungo langileen %80, eta proiektuarekin bat eginda jarraitzen dute gainerako langileek ere. Etorkizun hurbilean, ikastolako ikasleen gurasoak ere kooperatibaren parte izan daitezen nahi dute langileek. “Gurasoak inplikatzeko eta eurek ere erabakietan parte hartzeko deseatzen gaude”, esan du Itziar Otermin Hernaniko Aratz ikastolako Artezkaritza kontseiluko lehendakariorde eta irakasleak.
“Esku artean geneukan proiektua oso garrantzitsua zela ikusten genuen”, adierazi du Oterminek. “Eta Karitateko Alabei horregatik eskatu genien titulartasuna”. Eraldaketa betean murgilduta dago Aratzen proiektua; “ofizialtasun burokratikoa lortu nahian” dabiltza orain, eta 2022-2023ko ikasturtean gauzatuko dute behin betiko izen aldaketa —eraikinean bertan ere egingo dituzte berrikuntza batzuk—. Legez, ikastetxe zena aurtengo irailean bihurtuko da ikastola.
Batxilergoa jartzea helburu
Gaur-gaurkoz, 0 eta 16 urte arteko 230 ikasle dauzkate Aratz ikastolan, Erizaintza Zaintza Osagarrietako erdi mailako zikloa barne hartuta. “Batxilergoa ere eskaini nahiko genuke laster, 0-18 urte arteko proiektua osatzeko”. Sanguinok azaldu duenez, duela sei urtetik, neurohezkuntza da euren apustu argia. “Eta hori ez dugu alde batera utziko aurrerantzean ere”. Alde horretatik, brakeazio gelari “ezinbesteko garrantzia” ematen diote. “Garunaren garapenean eragiten dugu haurrak 0 urte dituenetik”. Bestalde, neurohezkuntzarekin bat datozen metodologiak garatzen dituzte, eta beharra detektatzen dutenean gizartera bertara ateratzen dute eskola: “Adinekoen egoitzara joaten gara, garuneko gaixotasuna daukatenekin Karabeleko ekonekazaritza etxaldera ere bai, Gautenarekin ere martxan daukagu beste proiektu bat… Ikasleak gizartean aktibo izan daitezen nahi dugu, pentsamendu kritikoa garatu dezaten bilatzen dugu”.
Makroikastolarik ez
Eraldaketa prozesu betean dauden arren, etorkizunera begira jarri eta makroikastolarik ez dutela nahi ziurtatu du Aratz ikastolako ikasketaburuak. “Linea bakarrari eutsi nahi diogu, ez dugu gehiago hazi nahi, baina proiektu sendo batean oinarritu nahi dugu; familiekin lan egiten duen ikastola bat izan nahi dugu, euskalduna”. Euskaltzaletasuna gaur egun ere bultzatzen dutela argitu du Oterminek. “Baina beste bultzada handi bat eman behar diogu hizkuntza proiektuari; euskarari eta euskal kulturari”.
Ordurako aldaketan murgilduta zeudela, egungo ikasleen gurasoekin bilera egin zutela jakinarazi du Oterminek. “Karitateko Alabak, zuzendaritzako kideak, kooperatibako artezkaritza eta gurasoak elkartu ginen bilera horretan, eta galdera bat egin ziguten gurasoek: ‘Irakasleak beraiek izango dira?’. Hori zen haien zalantza nagusia, eta baiezkoak asko lasaitu zituen”. Sanguinok zehaztu du gaur egun Aratz ikastolan guraso asko ez daudela eurena kristau eskola zelako. “Haurrekin lan egiteko moduagatik baizik; gure hezkuntza proiektuak ikaslea bihurtzen du protagonista, norbanakoekin lan egin zaleak gara, tutoretza lanetan finak…”.
Hurrengo ikasturterako matrikulazio kanpaina amaitu berritan, Aratz ikastolako langileek nabaritu dute Hernanin jakin-mina sortu duela egiten ari diren aldaketak. “Jende asko etorri da eta oso gustura gaude; eta proiektua bertatik bertara ezagutu nahi dutenek oraindik ere badaukate aukera gugana etortzeko”, zehaztu du Sanguinok. Horixe eskatu diete herritarrei: “Proiektua ezagutzera etor daitezela, eta hortik aurrera norberarena izango da erabakia”.
Leave a Reply