M. Garate
Harri jasotzeaz ezer gutxi zekiela dio Aroa Sanchezek (Orio, 2002). “Udane [Ostolaza] eta Idoia [Etxeberria] ibiltzen zirela banekien, baina hortik aurrera, kirol hau badela, justu-justu. Harri motak ere ez nituen ezagutzen”. Joseba Ostolazak tentatuta hasi zen kirol horretan, 2020ko urrian. “Aurkikuntza bat izan da niretzat. Aurreneko momentutik gustatu zitzaidan, eta orain ezin dut askatu harria”.
Arraunean ibili zen aurrez, baina bazeramatzan pare bat urte kirol mundutik aparte. Aitaren bidez iritsi zitzaion Ostolazaren proposamena. “Igande arratsalde batean esan zidan, eta astelehenean bertan entrenatzen ari nintzen”. Dena zuela ikasteko dio, baina ez zaio gehiegi kostatu. Aiara, Ostolazaren eskolara joaten den nesketako bat da. “Normalean, Naiara Zumetarekin eta Ane Zinkunegirekin entrenatzen naiz, eta batzuetan Udanerekin [Ostolaza] ere bai”.
Sanchezek argi dauka zer egiten zaion erakargarri harri jasotzetik: bere burua gainditzea. “Harria, azken batean, pisua da, eta zeure buruari helburuak jartzen joaten zara: ahalik eta altxaldi gehiena egitea. Entrenatzen hasi, eta gehiago eman dezakezula ikusten duzu. Hori da polita. Kirola egiteaz gain, disfrutatu egiten dut”.
Egur Sporten txapelketan ari da parte hartzen egun. Ahalik eta txapelketa onena egitea du helburu. “Udane oso maila altuan dago, eta haren kontra daukat. Txapela lortzea zaila izango da, baina ea zerbait polita ateratzen den”. Erakustaldietan ere hartzen du parte. Urnietan izan zuen azkena, aurreko igandean. “Jendeak animatzen gaitu, eta saioa amaitutakoan eskerrak ere ematen dizkigute. Oso polita da hori”. Esan du emakume izateagatik ez duela komentario desatseginik entzun. “Uste dut ilusioa eragiten duela emakumeak plazan ikusteak”. Nahiko luke gazte eta neska gehiago ikustea ikusleen artean. “Jendea animatuko nuke plazara. Katigatzen duen kirol bat da”.
Leave a Reply