Hobetu eta handitu bai, baina bertan

Hobetu eta handitu bai, baina bertan

Mikel Del Val

Bidasoko ospitaleko eremu kirurgikoko obrak aurrera doaz, eta egoera horrek hango langile, herritar nahiz alderdi politiko asko kezkarazi ditu. Ezinegona nabaria da Irungo eta Hondarribiko nahiz Nafarroako Bortzirietako herritarren artean. Haiei ematen die arta Bidasoko ospitaleak. 100.000 bizilagun dira orotara. Ez dute zerbitzua galdu nahi.

Obren proiektu horren aurka egiteko, 2021eko azaroaren 26an Osasun Bidasoa plataforma aurkeztu zuten; hainbat gizarte eragilek eta ospitaleko langileek osatu zuten. Hain zuzen ere, plataforma horrek herritarrak manifestatzera deitu zituen joan den larunbatean, Irunen. Herritarren erantzuna ukaezina izan zen, eta plataformakideak indarrez bete zituen aurrera jarraitzeko, 6.000 lagun inguru bildu baitziren.

Batetik, ospitaleko bloke kirurgikoko obrak geldiarazi nahi dituzte plataformako kideek, lanek irauten duten denboran eskualdea ebakuntza gelarik gabe gera ez dadin; bestetik, alderdi politiko, sindikatu, langile nahiz plataformak osatutako negoziazio mahai bat sortu nahi dute, ideiak plazaratzeko eta komunikazioa errazteko. Plataformako kide Juan Carlos de Benitok zehaztu du helburu dutela mahai horretan Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua ere esertzea. “Baina, oraingoz, ez dugu lortu. Oso atsekabetuta gaude, Sagarduik ez baitie jaramonik egiten gure eskakizunei”. Beharrezko ikusten dituzte lanak, baina horiek egin bitartean hartutako neurriekin ez daude ados.

BIDASOA OSPITALEA 2

Herritarrek larunbatean argi utzi zuten errespetatuak izatea eta euren iritzia kontuan hartzea nahi dutela. Gutxietsita sentitzen dira. Izan ere, Sagarduik eragile bakarrari erantzun dio gai horretan: Irungo Udalari. De Benitok nabarmendu du erantzun hori plataformarentzat ez dela nahikoa izan: “‘Egingo dugu, eta egindakoan informatuko zaituztegu’, esan zuen. Jarrera horrek argi uzten du lanek aurrera jarraituko dutela, kontsultarik gabe”.

Jada hasi dituzte obrak operazio gela txiki batzuetan. Berritze lan horiek “bloke kirurgikoaren ataria” izango direla zehaztu du De Benitok. Lanek irauten duten bitartean, Bidasoko ospitalean egiten diren ebakuntzak Donostiako Onkologikora lekualdatuko dituzte behin-behinean, eta obren iraupena hemezortzi hilabetekoa izatea espero da. Plataformako kideak berretsi du maiatzaren 1erako langileek dena Onkologikora lekualdatuta izan beharko dutela, orduan hasiko dituztelako bloke kirurgiko osoko obrak. Alde horretatik, Onkologikoko langileak ere lekualdatze horren aurka azaldu direla nabarmendu du. “Ez dute izan nahi egoera honi aurre egiteko petatxu bat. Aurrerantzean ere minbiziaren aurkako borrokan diharduen gunea izan nahi dute haiek”, azaldu du plataformako kideak.

Bidasoko ospitalekoaz gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste zenbaitetan ere lekualdatzeak egingo dituzte. Egoera hori, baina, ez da “lasaigarria” plataformako kideentzat. “Gure helburua ezin daiteke izan egoera hori berdintzea. Herri batzuetan lekualdatzeak egiteak ez du esan nahi Irunen ere egin behar direnik”.

Plataformarentzat Zumarragako ospitalean egindakoa da erreferentzia. Han, obrak esleituak bazeuden ere, lanak geldiaraztea lortu zuten, eta eraikinean obrak egin beharrean, edifizio gehigarri bat sortu zuten. Hori bera eskatu dute Irunen: eraikin gehigarri bat egitea, kirurgia eremua hobetzen duten bitartean Bidasoko pazienteak Donostiara joan ez daitezen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.