M. Garate
Crossfit-etik egin du harri jasotzerako jauzia Lierni Osak (Zarautz, 1995). “Crossfit-ean gehien gustatzen zaidana indarraren partea da, pisuarena, eta harria probatzera joatea erabaki nuenean, pentsatu nuen gustatuko zitzaidala”. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a ere ibiltzen da crossfit-ean, baita herri kiroletan ere, eta hark esan zion joateko probatzera. “Gustatuko zitzaidala pentsatu nuen, baina ez txapelketetan-eta parte hartzera iritsiko nintzenik”.
Hain zuzen ere, entrenatzen hasi eta hilabeterako hartu zuen parte lehen txapelketan. Iazko abuztuan izan zen, Zarauzko Bi Harri txapelketan, harri baldarrekin. “Hiru neska behar ziren, eta lanak izan zituzten aurkitzeko, eta bat ni nintzen, hasi berria. Baina pixkanaka ematen du neska gehiago ari garela animatzen”. Herri kirolen zaletasunik ez du izan probatu arte. “Ez ditut inoiz ikusi izan”. Astean bitan izaten dituzte entrenamenduak Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-ren eskolan, Zarautzen, eta Lur Errekondo usurbildarra izaten da beste emakumea. Biak ikusita, beste neska bat ere hasi berri da ikasten.
“Ona da eskolak egotea, zaletasuna etxetik ez datorkienek ere probatzeko aukera izateko, beste kiroletan bezala”. Hutsetik hasi da Osa. “Pisuagatik ondo moldatzen naiz, harria jasotzeko indarra badaukat, baina teknikak ez dauka zerikusirik crossfit-arekin”. Beste harriekin hobeto moldatzen dela dio, baina harri kubikoa ari zaio gehien kostatzen. “Teknikoena da”.
Eskertu zuen Zarautzen egitea lehen plaza, bere herrian. “Urduritasuna beti egoten da, baina gustatu zitzaidan esperientzia, jendeak asko babestu ninduen. Entrenatzen baino gehiago ematen duzu, azkenean”. Hala ere, entzun behar izan ditu ez hain komentario atsegin batzuk ere. “Txapelketara joan, eta batek esan zidan: ‘Baina zuk hau altxatu dezakezu?’. Nire fisikoa eta harri jasotzen aritzea ez datozela bat ere esan izan didate”. Makillatzailea da Osa, eta makillatuta ibiltzeko ohitura dauka. “Ez diot makillatzeari utziko harria jasotzera joateagatik; ez nintzateke ni izango”.
Leave a Reply